Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Xango, altxa zango!"

Dokumentuaren akzioak

"Xango, altxa zango!"

Elgar Oinka dantza taldeak bere ikuskizun berria aurkeztuko du Hazparneko Mendeala kirol eremuan, datorren larunbatean.

Komunikabidea
Matraka
Mota
Erreportajea
Data
2005/11/16

Duela bi aste, igande goiz osoa pasatu zuten herritarrek lana behar bezala entseatzen; iragan astean egin zituzten azken prestakuntzak; eta egunotan, dantzariak eta herritarrak irrikan daude larunbateko estreinaldirako.

Ez da Hazparneko dantza taldearen aurreneko lana. 34 urte bete ditu agertoki gainean Elgar Oinkak, eta eskarmentu handia du dagoeneko. Duela bi urte, esaterako, Elaudi musika taldearekin egindako sorlana aurkeztu zuten publikoaren aurrean. Arrakasta handia izan zuen ikuskizun hark, eta ondorioz, aurtengoak ere ikusmin handia sortu du haien jarratzaileen artean.



Elgar Oinka 1971n sortu zuen Jesus Luis Esnaola errenteriarrak. Ihes eginda zegoen euskal gobernuak Eresoinka izeneko dantza taldea sortu zuen, "euskal kultura munduan zehar hedatzeko", Maider Duguine Hazparneko dantza taldeko kideak azaldu digunez. Talde hura izan zen egungo Elgar Oinkaren aitzindari, eta Esnaola izan zen dantza talde horren zuzendari koregrafikoa. Baina garai hartan, neskak bakarrik zeuden Hazparnen, eta Esnaolak egoera horretara moldatu behar izan zuen: dantza adierazpen molde berri bat sortu nahi zuen haientzat. Asmatutako dantza guztiak Hazparneko ondare dira gaur egun.



Ondotik, Joxe Mari Arregi txistulari eta dantzariak zuen Elgar Oinka taldeko zuzendaritza hartu, eta dantzen errepertorioa zabaldu egin zen berarekin. Arregik zortzi mutil gehitu zituen dantza taldera, eta, horrez gain, Euskal Herri osoko dantzak irakatsi zizkien taldeko kideei.



Makina bat kontu, dantza eta bestelako pasatu da ordutik Elgar Oinka dantza taldean, eta aldatu ere egin da, frango. Azken hamarkada honetan, hazpandar gazteek dute lekukoa hartu, eta dantzen nahasketa eder bat eskaintzen diote beren publikoari: herriko eta Euskal Herrikoak tartekatzea lortzen dute. Herriari bizia eman eta bertako ekitaldietan parte hartzeaz gain, Gauargi nazioarteko dantza jaialdian ere parte hartzen du taldeak, eta emeki-emeki bere mugak zabaltzen ari da.



Xango, altxa zango lanarekin buru-belarri ibili dira azken hilabeteetan. Iragan astean izan zuten entsegu nagusia, eta azken egunotan azken prestakuntzak egiten ari dira. Lan honen berezitasuna dantza eta kondaira nahastea da. Koldo Ameztoi kontalari lapurtarraren istorio batek ditu 40 dantzariak bideratuko: mutiko gazte bat da Xango. Haren aitatxiak eskainitako txapela airatzen den egunean, Xangok mundua ezagutzeko aukera izanen du. Hori du kontatzen ipuinak.



Musika aldetik, Jean-Christian Irigoien Gatxetaburu eskusoinu jotzaileak parte-hartze minimalista izanen du Xango, altxa zango! lanean. Galtxetaburu pertsonaia ezaguna da musika munduan, eta agerraldi horretan proposatuko duena ere berritzailea izanen da. Dantzen aldetik, aspaldiko dantza hazpandarrak (Danborrada, Iñudeak, Xemein, eta Euskal Herrian askotan ikusten ditugunak nahasiko dira (Uztai txiki dantza, Alki, Iribaseko inguruntxoa...).



Baina guztia ez dizuegu kontatuko. Jakin-mina ere utzi behar da. Eta ezustekoak ere egongo dira, zinez. Euskarazko kondaira eta dantza elkartzen dituen ikuskizuna ikusteko gogoa dutenek aukera paregabea ukanen dute larunbatean. Hazparnera joan beharko dute horretarako. Mendeala kirol gelara. Ikuskizunaren ateak gaueko zazpietan irekiko dira, talo eta mutxikoekin. Agerraldia zortziak eta erdian izanen da. Zortziak aitzin hurbiltzen direnek zazpi euro pagatuko dute sartzea, eta besteek hamar. Mereziko duela, ez zalantzarik izan, Hasparne eta inguruko gazteen sorkuntza eta lana gertutik ezagutzeko eta sentitzeko modu paregabea baita.





«Dantzariok sortu dugun lehen lana da»



Ximun BELLECAVE

Taldeko dantzaria eta ikuskizunaren antolatzailea



A Noiz hasi zinen dantzan Elgar Oinkan?



Zazpi urte nituelarik hasi nintzen dantzan; orain dela 13 urte, beraz. Hamabost urte nituelarik, Iruretagoinearen Maritzuli konpainiaren agerraldi batean parte hartu nuen beste bi lagunekin, eta aurten Lekorneko gazteekin ere dantzatzen gara; baina, bestela, hamairu urtez ibili naiz Hazparneko taldean, eta aski harro naiz horretaz.



B Zer ekartzen dizu dantza egiteak?



Aitortu behar dut hasieran gurasoek nautela dantza egiterat bultzatu, eta lehen urteak zailak izan dira: zazpi urtetan, dantza neska kirol gisa ikusia da hemen, eta aski gaizki bizi izan dut. Baina denborarekin ohartu naiz benetan gustatzen zitzaidala aktibitate horren egiteak. Lagun talde on bat osatzen dugu orain, eta giro on bat bada gure artean. Bestalde, herriko kulturari buruz ere anitz ikasi dut: lehengo irakasleak gure dantzen jatorriak esplikatzen zizkigun. Pentsatzen dut biziki garrantzitsua dela Euskal Herriko kultura bizirik mantetzea eta gure arbasoek emandakoa belaunaldiz belaunaldi transmititzea. Azken finean, dantzari izatea pilotari edo musikari izatea bezala da: maite duzuna egitea eta zergatik egiten duzun jakitea da garrantzitsuena.



C Zein berezitasun du 'Xango, altxa zango' ikuskizunak?



Lehenik eta behin, sortutako dantzak dira, eta horrez gain kondaira eder batek ditu josten ikuskizunaren atal guziak. Musika, kondaira eta dantza biziki ongi ezkontzen dira, eta, sinplea badirudi ere, niri gustatzen zait. Agertokia hogei pertsonaz betetzen delarik gustatzen zait gehien. Bi sorkuntza nahasi ditugu horretarako: Zpeiz banako deitutakoa (Basusariko dantzariek irakatsi diguten mutil dantza) eta Xemein (hazpandar neska dantza). Biak nahasi ditugu, eta Zpeiz-Xemein dantza eraiki dugu... Aski esperientzia ona izan da dantzariek berek haien dantza sortzea, koregrafo baten laguntza gabe. Zpeiz-Xemein gure dantza da, eta horrretaz harro gara.



D Zer erranen zenioke lagun bati etortzeko gogoa emateko?



Esango nioke ez duela betikoa ikusiko. Dantza bizia da, eta futbol partida batean bezainbat energia uzten dugu agertoki gainean. Bestalde, larunbatean besta giroa izanen da Hazparnen: taloak, musika, dantzak izanen dira... Nik uste gau lasaia izanen dela familientzat, eta gazteak garenentzat, gure gau-pasa hasteko leku aproposa.

Dokumentuaren akzioak