Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Xahori agur eta ohore

Dokumentuaren akzioak

Xahori agur eta ohore

Idazle, kazetari eta politikari laikoa omendu dute egunotan Zuberoan

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Tokia
Maule
Mota
Albistea
Data
2003/11/23

Herenegun arratsez, Agosti Xahori buruzko solasaldi bat izan zen, Atharratzen; atzo, Juan Antonio Urbeltz koreografoak paratutako Pas de Basque dantza emanaldia, Maulen; eta gaur gorazarre osapakizuna eginen da, Atharratzen berriro.



Herenegun arratsean, Agosti Xahoren sorgunea izan zen Atharratzeko etxean gaur egun Trinketea taberna dago Euskal Herriko historian esku-hartze oso garrantzitsua izan zuen baina, tamalez, nahiko ezezaguna geratzen den pertsonaia honez hitz egin zuen Jean-Louis Davant euskaltzainak.Xahoren izaera ideologiko eta politikoaz, bere konpromisoez mintzatu zen zehatz Ürrüstoi-Larrabileko idazlea. Aditu ziotenen artean, ezagutu zitezkeen Fermin Arkotxa idazlea, Mikel Orpuztan hizkuntzalaria, Mikel Goia Agosti Xaho elkarteko burua eta Mixel Castan Xiberoko Zohardiako lehendakaria.Fermin Arkotxari dagokionez, zehaztu daitezke, azken urtoetan, Agosti Xahoz lan bat egiten ari dela. Hitzaldi hori oso interesgarritzat jo zuten partaideek, Xaho ezkertiar, laiko eta euskal herrizale suharraz gutxi edo aski bazekizkiten eta ez zekizkiten argibide ugari eurenganatu baititzuten.



Dantzarien eta kantarien gorazarrea



Larunbatean, Xiberoko Zohardiak beti ere Agosti Xaho elkartearen laguntzarekin batera eskainitako Pas de Basque baleta ikusteko aukerarik izan zen, Mauleko Jai Alaian. Hego Euskal Herrian behin eta berriro ikustera eman den Juan Antonio Urbeltzen obra hau ez zen behin ere agerturik izan, dantza eta kantua bere euskal kulturaren agerkunde biziak dituen Zuberoan. Jendeak txalo zaparradaz aupatu zituen ikusgarri honen hiru zatietan diharduten 60 dantzari eta zazpi musika egileen jardunaldia, kartsutasun berezi bat erakutsita Zuberoako inauteriak diren maskaraden pertsonaia batzuk zamaltzaina, kauterak eta buhameak agertzen diren hirugarren zatiari. Gaualdi zoragarri bat zinez, urriki eginarazten duena horrelako gehiago ez dadin gertatu Zuberoan, antolakuntza astun eta kostu handiak oztopo direlarik.



Igande honetan, berriz, Xahori omenaldiak Atharratze izango du berriro topaleku. Basabürüko herri nagusiko elizan 11:00etatik harat emango den mezatik landa hau da bitxikeria, Xaho laiko eta nolabait ere antiklerikalaren kasuan!, Zuberoako dantzariek lagundutako desfile bat izango da Xahoren sortetxearaino. Han, 12:30etik harat, kantu emaiteen bitartezko omenaldi bat eskainiko zaio Xahori. Honetan partaide izango da, jakina, 1988an Urdiñarbek eman zuen Agosti Xaho pastoralaren idazle eta süjet izan zen Jean-Mixel Bedaxagar.



Bide ugariren urratzaile



Agosti Xaho aski ezezaguna da Euskal Herrian. Alta bada, gure herriaren nazio ikuspegia zeukala esan daiteke, zalantzarik batere gabe. Atharratzen jaio eta Oloruen zein Pauen ikasketak egin ondoren, Pariserat erbesteratu zen, 19 urterekin. 1835ean, baina, Hego Euskal Herrira jo zuen Tomas Zumalakarregi bigarren karlistaldiko buruzagiaren aginduetara zeuden gudulari karlistekin topo egiteko asmoz. Xaho ezkertiar eta laikoarentzat, haatik, errege baten izenean egiten zen guduka honen euskal izaera zen esanguratsua. Esperientzia honen emaitza izan zen Parisen, frantsesez beraz, 1836an argitaratu zen Nafarroan zeharkaldia, euskaldunen jazarraldi garaian liburu aipatu eta balio handikoa. Beste idazlan ugari sortu zituen euskal izaera edo euskara gaitzat hartuta. Frantsesa erabili bazuen kasu gehienetan, zubereraz izkiriatu zuen, ordea, Azti begia izeneko obra.



Errepublikano, ezkertiar eta aurrerazale beti, politika alorrean ere suhar jardun zuen Agosti Xahok, garai haietan Pirinio Behereak deitzen zen departamenduko kontseilari nagusi egon baitzen 1849 eta 1851. urteen bitartean. Hori baino lehen, Frantzian 1848an gertatu zen altxamendu errepublikanoko Baionako buruzagi izan zen.

Dokumentuaren akzioak