Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Wim Wendersen aingerua dantzan jarriko du Duatok

Dokumentuaren akzioak

Wim Wendersen aingerua dantzan jarriko du Duatok

Gaur eta bihar Kursaalean emango dute Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren 'Alas' obra

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/06/14

Zeharka agertuko da inspirazio iturria ikuskizunean, ez esplizituki, nahiz eta Peter Handke idazlearen gidoiko testu zati batzuk errezitatuko dituzten; Nacho Duatok berak, kasu. Baina bakardadea Wim Wendersena da: denboraren eta infinituaren inguruko bakardadea, gizakiaren bakardadea eta beldurrak. Lurraren eta zeruaren arteko borroka interpretatu beharko dute aktore-dantzariek. «Eta ikusle guztiak identifikaturik sentitu ahalko dira istorio triste honekin», Tomaz Pandurren aburuz.

Baleta eta antzerkia da Alas, ez baita baleta bere horretan, eta gutxiago antzerkia, antzerkia ezagutzen den eran. Dantzariek interpretatu egin beharko baitute, Pandurrek garrantzi handia eman baitio ikuskizunaren alderdi dramatikoari. Sortu ere, berak sortu du nagusiki ikuskizuna, Duatorengan pentsaturik. Antzerkigileak «denboraren eskultoretzat» baitauka dantzaria. Hala, bada, baletaren eta antzerkiaren fusioa erabatekoa izango da oholtza gainean, arte diziplina bat bestetik ez bereizteraino. Bien artetik pidgina, hizkuntza berri bat asmatu nahi baitute koreografoak eta antzerkigileak.

DUATO, BERRIRO DANTZAN. Bera sorkuntza iturburu izan delako itzuli da Nacho Duato oholtza gainera, aspalditik jendaurrean dantza ez egitea erabakita eduki arren. Nola ez, Duato Wendersengandik Pandurrengaino iritsi den aingerua izango da. Rol horrek «inon ikas daitekeen teknika guztia baino gehiago, urteek ematen duten heldutasuna» eskatzen duela dio Duatok. Eta oholtzara ez dela duela hamar urte bezala igoko, «beste sentimendu bat, beste pisu bat eta beste esperimentazio batekin baizik».

Alas antzerki eta balet ikuskizuna iluntzeko zortzietatik aurrera ikusi ahal izango da gaur eta bihar Donostiako Kursaaleko auditoriumean.

Dokumentuaren akzioak