Dokumentuaren akzioak
Voltaire eta euskaldunak
Nork ez du entzun, adibidez, olerki haren aipamena, zeinen lehen
lerroak baitira: «Naziek komunistak atxilotzen zituztenean,/ isildu
naiz,/ ni ez bainintzen komunista », eta Bertolt Brechtena dela
gaineratu? Bada ez. Olerki hori Martin Niemöller (1892-1984) teologo
protestante alemanarena da. Gaztetan nazi izatetik («nazioaren
pizkundea» etorri zela idatzi zuen Adolf Hitler 1933an agintera iritsi
zenean), nazien aurkako amorratua izatera iragan zen, eta Dachau eta
Sachsenhausen-go egoiliar izan zen luzaz.
Hori berori gertatzen
da gaizki aipatzen den esaldi batekin, Voltaire hizpide dela.
Irakurleak ezagutzen du, seguru. Eta idazle onak ez dira hutsetik
libratzen. Oraindik orain (urtarrilaren 27an), Joan F. Mira idazle eta
historiagile valentziarrak, artikulu bat argitaratu du Avui egunkarian,
«Bascos, muntanya» izenburuarekin, Euskal Herrian barrena egindako
bidaia baten ondoan. Alde batera utziko ditut Mirak bere artikuluan
jaulkitzen dituen iritzi batzuk, hala nola ezker abertzalearen gainean;
Batasunaren jokabidea, dio, Ekialdeko Europa eta Kaukasoko
politika-moldeen antzekoa da. Bego oraingoz uste hori. Noan artikuluan
datorren esaldi baten aipamenera.
Hau idatzi zuen Mirak: «Un
escriptor francès del temps romàntic, no recorde qui, definia els
bascos com 'un poble que canta i balla als cims dels Pirineus».
Jakina,
idazle hori frantsesa da, bai, baina ez erromantikoa. Eta aipamena ez
da zehatza. Voltaire da (1694-1778) idazlea. 1768an kontaera filosofiko
bat plazaratu zuen, La princesse de Babylone izenarekin. Kontaera
interesgarria da, baina ez oso ezaguna. Troiako gerra ospetsua baino
lehenagoko garaia aurkezten digu Voltairek, hots, Kristo aurreko
XIII-XV. mendeak. Bada, azken aldean (lehen argitaraldiko 171.
orrialdean), hau idatzi zuen Voltairek (jatorrizko grafia gordetzen
dugu): «Je puis vous aider de deux mille hommes très-sobres et
très-braves; il ne tiendra qu'à vous d'en engager autant chez les
peuples qui demeurent, ou plutôt qui sautent au pied des Pirénées, et
qu'on apelle Vasques ou Vascons» («Nik lagundu ahal zaitut bi mila
gizon oso neurritsu eta bulartsuz; zuri egokituko zaizu beste hainbeste
engaia-tzea Pirinioetako magaletan bizi diren, edo, hobeki esan, dantza
egiten duten herrietan, zein Vasques edo Vascons dei-tzen baititugu».
Horra,
bada, esaldia. Hori behar bezala ulertzeko, kontuan hartu behar da
sauter aditzaren adiera hemen garbi dagoela: 'dantza egitea', eta
horrela ageri da hiztegietan.
Gainera, liburuaren beste pasarte
ba-tzuetan ikusten ditugu euskaldunak musikarekin lotuak. Adibidez,
172. orrialdean hau topatzen dugu: «Bientôt une troupe fiére et joyeuse
de Vascons arriva en dansant un tambourin» («Berehala euskaldunen
samalda sotil alaia iritsi zen, euskaldunen danbolin batekin dantzan»
-hiztegietan horrela dator tambourin hitza, lehen adieran: «Tambour de
basque», Robert hiztegi entzutetsuan, esate baterako-). Bular-tsutasuna
eta ausartasuna beste pasarte batean dugu, 175. orrialdean, adibidez:
«Les Vascons diren qu'ils en avaient bien fait d'autres [hau da:
expéditions], qu'ils ba-ttraient tout seuls les Egyptiens, les Indiens
et les Scythes, et qu'ils ne voulaient marcher avec les Espagnols qu'à
condition que ceux-ci seroient à l'arrière-garde» («Euskaldunek esan
zuten beste gudualdi ba-tzuk eginak zituztela, berek bakarrik irabaziko
zituztela egiptoarrak, indiarrak eta eszitak, eta ez zutela
espainarrekin ibili nahi, salbu hauek atzeraguardian baziren»). Eta
beste hiru pasartetan datoz gure herritarrak, beti alai eta musikazale.
Behin eta berriz aipatzen den perpaus hura («Pirinioetako gailurretan
kantatzen eta dan-tzatzen duen herria» edo) ez da inondik ageri.
Noiz
eta nola entzun zuen Voltairek gure Herriaren berri? Ez dakigu.
Oro-irakurle nekagaitza izaki, bidaiazale handia eta, batez ere, gizon
argia, liburu batean edo bestean, edo bere bidaietan, etorri zitzaion
ezaguera hori, betiere Boiardo (1434-1494) eta Ariosto (1474-1533)
italiar poeten Orlando (hots, Errrolan) heroiaren ibilerak gogoan.
Ordua da Voltaire ahotan hartzen badugu, zuzen hartzeko. Nori berea.
Dokumentuaren akzioak