Dokumentuaren akzioak
Vivaldiren «Lau urtaroak» obra, arte plastikoen eta dantzaren bidez berrikusia
Vivaldi konpositorearen “Lau urtaroak” obra behin eta berriz saltoki edo tren batean entzunarazten duten konposizio klasiko horietakoa izan arren, Angelin Preljocaj koreografoak irudi berritu bat eman nahi izan dio. «Obraren interpretazio berria entzun nuen. Musika hori arrunt bihurtu duen klixe horretatik guztiz urruntzen zen. Horrela ohartu naiz musika hori oso gaurkoa zela», esan zuen koreografoak.
Eta horretarako, eguneroko bizitzako tresnen ibilbideari buruz galdeketak egiten dituen Fabrice Hyber artistarekin lan egitea erabaki zuen.
«Oso artista atipikoa da. Gizartearen kontzeptuarekin jostatzen da. ‘Lau urtaroak’ lantzeko orduan, obrari batere lotua ez zegoen zerbait bilatzen nuen, hau da, zerbait atipikoa. Eta, artista horrekin lan egitea ezinbestekoa iruditu zait», gehitu zuen Preljocajek.
2004an sortua, koreografoak landuriko obra horretan Hybert artistaren «kaosgrafoak» eta dantzarien mugimenduak gurutzatzen dira.
«Estudiora obrarekin zerikusirik ez zuten tresnak ekartzen zizkidan, eta horiekin, dantza landu behar nuen. Ez nituen baztertu behar, guztiekin egitera behartua nengoen. Horrek alde irrigarria ematen dio obrari. Meteorologia bezala eraikia da koreografia. Eguraldi ona dago, eta bat batean haize kolpe bat ager daiteke. Koreografian ere bai», argitu zuen.
Preljocajek, obra klasikoekin lan eginez, horiekin ere obra berritzaileak egin daitezkeela erakutsi nahi du.
Ludikoa eta umoretsua
«Oso penagarria iruditzen zait Ballet Errusiarrak bezalako obrak bakarrik era klasikoan landuak direla ikustea. Bere garaian ballet horiek garaikideak bezala ikusiak ziren. Ballet Errusiarrak omentzen ahal dira bilakaera bat eginda», gehitu zuen.
Halere, Vivaldiren “Lau urtaroak” obra egiteko orduan bigarren ardatz bat landu nahi izan du koreografoak. “N” izeneko koreografia bukatu bezain pronto, guztiz «ludikoa eta umoretsua» zen lan bat egin nahi izan zuen. «‘N’ oso bortitza izan da, eta nahi eta nahi ez, horrek dantzariak ukitzen ditu. Beraz, nire buruari atsegin eman nahi izan diot», erran zuen. Preljocajek, beraz, obra klasikoetan oinarrituriko koreografiak eta bere obra pertsonalak aldizkatzen ditu. “Romeo eta Julietta” azaldu zuen iaz Bilbon, eta aurten, “Lau urtaroak” Biarritzen. «Publiko zabal bati irekiak eta gogorragoak diren obrak lantzen ibiltzen naiz. Nire xedea nire burua harritzea da, eta aldi berean, arte diziplina berriak ezagutzea», gaineratu zuen. Halere, klasikoan oinarritzean edo egungo obra bat lantzean «gaurkotasuna» ematen saiatzen da.«Obra klasikoetan jorratzen diren gaiak egungo gizartearen gai nagusiak ere badira», nabarmendu zuen. Horrela, “Lau urtaroak” lantzeko orduan, Preljocajek erdiguneko urtaroak txertatzen ditu Vivaldiren konposizioan.
Dokumentuaren akzioak