Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Victor Ullateren konpainia Maitaldira itzuli da

Dokumentuaren akzioak

Victor Ullateren konpainia Maitaldira itzuli da

1992tik 1995era arteko ekitaldietan arrakasta izan ondoren, nazioartean sona handia lortu du

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
BAIONA
Mota
Bat
Data
2001/09/15

Talde hori munduko talderik hoberenetan sailkatua da gaur egun eta jardunaldiz jardunaldi ibili da Europan eta Amerikan zehar. Victor Ullate, Maurixe Bejarten konpainiako interpretatzailerik hoberena izan zen, 1988an bere talde propioa muntatu aitzin. Zenbait urte geroago talde hori Madrilgo Erkidegoko baleta bilakatu zen eta urtez urte ez da gelditu munduko dantzari onenak trebatzen, hala nola Angel Corella edo Lucia Lakarra zumaiarra, San Francisco Baleteko bakarlaria.



Gau honetan, Victor Ullateren lau sorkuntza eta Eduardo Lao taldeko lehen dantzariaren sorkuntza bat eskainiko ditu konpainiak. Bi koreografoek kezka nagusi bera dute, erran nahi baita, biek interpretatzailea dutela gehienbat argira bultzatu nahi ezinez eta berezitasuna derrigorrez bilatu nahi.

Dantza ikusgarriak eta kartsuak

Perkusioen jokoak baizik ez du lagunduko Jaleos lehen koreografia. Erritmo gero eta erneagoa eginen den arau, urratsak eta orokorki dantza gero eta ikusgarriagoa eta kartsuagoa bilakatuko da. Neoklasikoa, Jaleos konpainiaren gaitasunen lekukoa da, teknika eta diziplina aldetik. Solea-k, bakartasunaren baletak, dervich-en eta kantu andaluziarraren arteko nahasmen musikala du oinarritzat, eta horretan, dantzariak estilo neoklasikotik flamenkora iragaten dira, zalutasun askorekin. Burka deitu Eduardo Laoren sorkuntzari dagokionez, hautuzko askatasuna du aipatzen. ´Uste dut gizakiak altxor bat daukala berez, zeina ahanzten duen, hau da hautuzko askatasunaª, Laoren arabera.



Azken bi ikusgarriak laburrak eta oso bereziak dira. Batak, Musa-k, hindu musika tradizionala du. ´Rut Miro nire dantzarietariko bati omenaldia da. Izan ere, koreografo batentzat dantzaria inspirazio iturria da eta emazte hori nire musatzat jo ohi dutª, Victor Ullatek adierazi zuenez.



Hogeita hamar bat dantzarik dute egitarau luze hau eskainiko, beren gaitasuna artistikoak aitzinera emanez. Bosgarren aldia da Victor Ullateren taldea Maitaldira gonbidatua dela, (1992tik 1995era jin zen) eta Miarritzeko ikuslegoa harrituko da segurik, taldearen mailaren garapena kontuan hartuz geroz.

Filmak eta ikuskizunak kalean

Bihar ere arituko da Madrilgo konpainia, arratsaldeko bostetan, leku berean. Goizean, berriz, La Giga Barre konpainiak jendea dantzara gonbidatuko du 11 orenetarik goiti, hondartza zabalean. Bihar ere, 21:30 orenetan, Bal room dancing filma erakutsia izanen da Mazon parkean. Asteburu honetan ere beraz, dantza karrikara jautsiko da, ikusgarri eta emanaldi doanekoak eskainiz. Astelehenetik aitzina, Maitaldiaren hirugarren astean sartuko gara Philippe Combes koreografoaren Cave Canem konpainiarekin. Agerraldia emanen du gaueko 21:00etan Gare du Midin.

Dokumentuaren akzioak