Dokumentuaren akzioak
Versaillesko «mugarria»
Versaillesko Opera Royal antzokiko publikoak bost minutu baino gehiagoz txalotu zuen, «Bravo!» oihuekin lagunduta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Malandain Ballet Biarritz dantza konpainiaren Errauskiñe-ren lehen emanaldia herenegun gauean. Hala orkestrako nola dantza konpainiako kideentzat garrantzi bereziko emanaldia zen —batetik, esanahi historiko eta kultural handiko antzokia delako Versailleskoa; bestetik, emanaldian antzerki kritikari eta antzoki nahiz jaialdi garrantzitsu askotako zuzendariak zeudelako—, eta han lortutako arrakastak poz berezia eman zien hala EOSeko nola Malandain Ballet Biarritzeko kideei. Emanaldiaren ondoren, poz horrekin batera, ilusioa ere bazutela ezagun zuten, leku berean atzo eta gaur egitekoak zituzten beste bi emanaldien aurrean.
«Historiaz betetako antzokia da hau, eta iritsi ginen lehen aldian zirrara eragin zigun», azaldu zuen, emanaldiaren ondorengo giro lasaian, Jone Agirre dantzariak. «Presioa sentiarazten dizu horrelako leku batean aritzeak, baina aldi berean energia ere ematen dizu». Agirrerentzat, «oso ederra» da, bestalde, zuzenean ari diren musikariekin dantza egitea. «Musikari adiago gaude, irekiagoak, gehiago sentitzen dugu musika gorputzean». Horrez gain, maite du ikuskizuneko pertsonaien «aberastasuna».
Dantzariak bezala, gustura zegoen haien zuzendaria ere, Thierry Malandain. «Donostiako emanaldiak harrera ona izan zuen, baina Versailleskoa antzoki berezia da, eta pozik nago emanaldiarekin eta izan duen harrerarekin», adierazi zuen. «Guretzat emanaldi garrantzitsua izan da hau. Konpainia gutxik dute hemen aritzeko aukera, eta aukera hori izatea opari ederra da. Presioa sentitu dugu, konpainiaren etorkizunerako emanaldi garrantzitsua baitzen gaurkoa. Antzoki eta jaialdietako zuzendari asko zeuden ikusleen artean, eta garrantzitsua zen ondo aritzea».
EOSentzat «mugarri bat» da Versaillesen aritzea, Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiaren ustez. «Aspalditik nahi genuen obra bat estreinatu Parisen, edo Parisko orbitan, eta aurten hori lortu dugu».
Antzokia goraino bete zuten 700 ikusleen artean izan ziren Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu eta EOSeko lehendakaria, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria, eta Ramon Lazkano eta Gerard Pesson musikagileak.
Antzokira egokitu beharra
Herenegungo emanaldiaren aurretik, arratsaldean, entsegu orokorra egin zuten musikariek eta dantzariek, antzokira egokitzeko; dantzariak, oholtzan laketzeko; musikariak, zulogunean. Bakoitzak bere berezitasunak ditu, izan ere. Oholtzak aldapa txiki bat dauka, bereziki arriskutsua dantzariek maniki gurpildunekin dantza egiten duten eszenetarako. Zulogunea, berriz, aski txikia da, eta beren artean hutsune handirik utzi gabe kokatu beharra izaten dute emanaldian parte hartzen duten EOSeko 47 musikariek.
Musikariek gero emanaldian jantziko ziren bezala jantzita egin zuten arratsaldeko entsegua, Notas en movimiento filmatzen ari den taldeak eta TF Frantziako Telebista publikoko profesionalek irudiak har zitzaten. Errauskiñe ikuskizuna oinarritzat hartuta, orkestrako musikarien eta dantza konpainiako dantzarien eguneroko bizimodua islatzen duen dokumentala izango da Notas en movimiento, Oscar Tejedorrek zuzendua Sincro ekoiztetxearentzat.
Charles Perraulten Errauskiñe ipuina eta Sergei Prokofievek ipuin hartan oinarrituta sortutako musikatik abiatutako ikuskizunaren emanaldian, Thierry Malandainek sortutako koreografiak bat egiten du Josep Caballe-Domenech musika zuzendari katalanak gidatutako orkestrak interpretatutako musikarekin, ipuin ezaguneko oinarri nagusi eta bakartzat ipuin ezaguneko zapata duen agertoki soil baina ikusgarri batean.
Versaillesera joan aurretik, astelehenenean eta asteartean eman zuten lehenik Errauskiñe, eta Euskal Herrian ere izango da oraindik orkestraren eta dantza konpainiaren elkarlana berriro ikusteko aukerarik, hilaren 17an Bilboko Euskalduna jauregian. EOSen abonamendu denboraldiko azken programa izango da.
EOSentzat oso denboraldi «bizia» izan da 2012-2013koa, Alberdiren iritziz, eta Errauskiñe-ren emanaldiekin «itxiera bikaina» izaten ari da.
Dantzariak eta musikariak Versaillesko Opera Royal antzokian, Errauskiñe-ren emanaldian. / MALANDAIN BALLET BIARRITZ
Josep Caballe-Domenech, Thierry Malandain eta dantzariak, publikoa oholtzatik agurtzen, eta EOSeko musikariak, zulogunean. / JUAN G. ANDRES / EZEZAGUNA
Dokumentuaren akzioak