Dokumentuaren akzioak
Veronako etxe batean
Kritika, Dantza Konpainia: SNG -- Maribor Ballet.
Ezen bizitzan zehar hainbat eta hainbat aldiz ikus dezakegu Veronako amoranteen tragedia, baina era batean edo bestean beti dirudi musika klasikoaren gainean eraiki beharra dagoela. Oraingoan, ordea, britainiar taldearen musikarekin zeharkatzen ditugu giza kondizioaren paisaiak eta desolazioa, bikote gazte hari buruzko kontakizuna aitzakiatzat hartuta.
Edward Clug koreografoa ez da batere tematu ildo narratibo ezaguna berriz ere jorratzean, alderantzizkoan baizik. Izan ere, narrazioa Veronako etxe batean hasten da, irudi proiektatuen bidez, eta han Julietaren presentzia estatikoa ezagutuko dugu. Etxe barruko ibilbide onirikoak benetako dantzaren eremura eramango gaitu, eta han ez dugu kontakizun zehatzik aurkituko, egilearen asmoa ez delako narrazioaren maila linealean geratzea, askoz haratago joatea baizik, ahalik eta urrunen alegia.
Atzeko pantailan proiektaturiko bideo-irudiek iradokitze ahalmen itzela dute, beren planteamendu garaikide eta dotorearengatik. Zuri-beltzean eginak dira eta bai argiaren tratamenduak bai etxe zaharreko elementu apalei emandako arretak artelan hutsa bihurtzen dute proiekzioa. Harekin batera, eta irudiekin komunikazio perfektuan, Moijca Kalar Simicen dantza delikatua etorri zen Julietaren rolean. Haren inguruan zebilen gizonezkoen mundua konpainiako sei dantzarik (koreografoak berak barne) irudikatu zuten, abiadura biziko mugimendu segida laburrak eta torloju erako desplazamendu bertikal itzelak deskribatuz, gehienetan elkar ukitu gabe eta lerroka jarrita, borroka pasarteetan izan ezik.
Sinbolismo handiko uneak ere izan ziren eta haien artean, nola ez, Romeo eta Julietaren amodio-dantza nabarmendu zen, bikotearen artean uneoro zegoen aireak ezerk baino hobeto irudikatzen zituelako instant hartako edertasuna eta sentsibilitatea.
Azkenik, Clugek Radioheadi buruz esandakoa gogoratuko dugu, ederki adierazten duelako lanaren izpiritua: «Radioheaden kantak barneko indar eta tentsioarengatik identifikatu ahal ditugu, eta baita ere erritmo eta melodiarengatik, arimaren artega, atsekabea, gizaki modernoaren bakardadea adierazten baitute».
Koreografia: 'Radio & Juliet'. Lekua: Miarritzeko Kasinoa. Eguna: irailak 12.
Dokumentuaren akzioak