Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Verona, 2085. urtea

Dokumentuaren akzioak

Verona, 2085. urtea

Kritika, Preljocaj baleta, 'Romeo et Juliette'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/05/29

Preljocaj baletaren emanaldia hastear dagoela txundituta uzten gaitu eszenografiaren handitasunak. Dekoratuak, argiek eta jantziek Moebius miretsiaren mistika futurista irudikatzen dute, konpainia handi bati dagozkion baliabide guztiekin gainera. Ezkerraldean kapuletotarren gotorleku beltz eta ahalmentsua eraiki dute eta eskuinaldeak nolabaiteko antza gordetzen du Berlingo harresi apurtuarekin, baina biek elkarlotura sendoa daukate alde estetiko eta sinbolikotik. Kapuletotarren guardiak ordenatuki agertuko dira euren burdinazko hormen artean eta monteskotarrak, ordea, harresiaren zuloak erabiliko dituzte sartu eta irteteko, Angelin Preljocajek etorkizunean eta klase borrokaren markoan kokatu baitu Veronako familia haien arteko gatazka, eta behartsu itxura eman dielako Romeo eta bere lagunei.



Hasiera batean, erabateko iluntasunean entzuten dugu Prokofieven Romeo eta Julieta-ren obertura, baina musikaren edertasunarekin batera helikopteroen zarata, makina ilunen orroak eta megafoniako ahots ulertezinak entzungo ditugu noizean behin, giro hertsiak sortutako artegatasuna are sakonagoa izan dadin.Mugimenduaren diseinuak garrantzia ematen die beso eta zangoen posizio mekanikoei, eta behin eta berriro marrazten ditu gorputzen jarrera geometrikoak, batez ere diagonalak. Gorputz-lengoaia ia robotiko horrek ederki azpimarratzen ditu kapuletotarren izaera militarista, eta aldi berean agerian uzten ditu konpainiako dantzarien arteko koordinazio perfektua eta guztien prestakuntza tekniko gaindiezina. Monteskotarren mugimenduek askoz libreagoak dirudite, behe klaseko pertsona hezigabeei dagozkien bezala baina, hala ere, arerioen ezaugarri batzuk gordetzen dituzte, leunduak izan arren.Oinarri horietatik abiatuta, oso irudi ahalmentsuak sortzen dituzte dantzarien koreografiek eta edertasun handiko pasarteak ikusten ditugu estetika gotiko/futurista horren barruan. Haien artean azpimarratzekoak dira kapuletotarren jaian izandako dantza elegantea, Romeo eta Julieta lehenbizikoz elkarrekin daudeneko pasartea eta, zelan ez, aipaturiko protagonista bien heriotzak.Argumentu jakin batean errotutako lan guztiek bezala, honek ere narratibotasunean erortzeko arriskua dauka, baina koreografoak denbora guztian jakin izan du egoten dantza neoklasikoaren parametroen eta estetika garaikidearen arteko muga zailaren gainean.

Dokumentuaren akzioak