Dokumentuaren akzioak
Uxoa Ibarreta: "Niretzako terapiarik onena dantza egitea da"
"Plazera” da dantzatzea Uxoa Ibarretarentzat. Aretoko dantzetan hasi izana bizitzan hartu duen "erabakirik onena" izan dela dio.
Noiz eta nola iritsi zinen dantzaren mundura?
Txikitatik gustatu izan zait dantzatzea. Neska kozkorretan, udako gauetan, etxepean irrati-kasetea jarri eta dantzan aritzen ginen auzoko neska guztiak. Ezizena-eta dena irabazi nuen, Shakira. Txikitan, Itsasin ibili nintzen, bost bat urtez. Gero, hamar urte ingururekin, aretoko dantzak ikastera animatu ninduen lehengusuak, Lorea Segurolak. Bizi erdia daramat horretan. Bizitzan hartu dudan erabakirik onena izan da.
Aretoko dantzetan maisua den Jose Mari Orbegozo duzu irakaslea. Zer moduz?
Hasierako irakasle-ikasle harremana lagunarteko harreman estua bilakatu da, denborarekin. Orain, gainera, irakaslea ez ezik nagusia ere bada.
Zein da gehien gustatzen zaizun dantza?
Erritmo latino azkarrak, batxata eta saltsa. Gerria mugitzeko aproposak dira.
Eta zein da oraindik guztiz ondo egitea lortu ez duzun dantza hori?
Baltsa eta pasodoblea. Eskolan gutxi dantzatzen ditugun estiloak dira; serioagoak dira. Sevillanak betidanik gustatu izan zaizkit, eta gustatuko litzaidake ikastea.
Nola entrenatzen duzu?
Alde batetik, bakarlana dago. Etxean neure kasa egunero egiten dut dantza. Bestalde, bikotekidearekin txukun aritzeko, elkarrekin entseatzen dugu. Neskak Azkoitikoak eta Azpeitikoak gara, eta bikotekideak Beasaingoak ditugu. Horregatik, ezin dugu nahi adina entsegu egin elkarrekin, baina erakustaldiak ditugunean, denak emanda aritzen gara.
Zein da zure dantzako bikotekidea?
Azken lau-bost urtetan, bikotekide bera dut, Luis Arturo Flores Vega. Altuerarengatik elkarrekin jarri gintuzten, biok txikiak garelako, eta ondo moldatzen gara. Izatez Perukoa da, eta Beasaingo dantza akademiako ikaslea. Dantzatik aparte, lagun handia dut oso, familiakoa banu bezala estimatzen dut. Nire bizitzan garrantzia handia duen pertsona da. Dantzan ondo aritzeko, bikoteak elkar ulertzea oso garrantzitsua da. Onartzen dut aguantatzeko oso pertsona zaila naizela, oso perfekzionista eta zorrotza naiz, eta pausoak ondo atera arte jardun-eta jardun egiten dut.
Koreografiak zeuek prestatzen al dituzue?
Urtean zehar, pauso batzuk ematen joaten gara, eta, gero, Jose Marik [Orbegozok] moldatzen ditu, kantuaren arabera. Jose Mariren bikotekidea, Jose Manuel Estelle, koreografoa da, eta hark ere prestatu izan dizkigu. Orbegozoren dantza akademian irakaslea ere bazara. Jose Marik ezin zuenean, bere ordez nik eman izan ditut klaseak, baina inoiz ere ez nuen neure ikasle-talde propiorik eduki. Urrian akademia zabaldu zuen Azpeitian, eta dantza irakasle izateko eskaintza egin zidan. Astea Gasteizen pasatzen dut ikasten, eta, beraz, ostiral arratsaldetan umeen bi talderi eta helduen beste bati ematen dizkiot eskolak.
Zenbat ikasle dituzu?
Nire garaian zortzi ume baino ez ginen taldean, eta orain izugarria da umeengan zer indar duten aretoko dantzek. 5 urtetik 9ra arteko taldean 30 ikasle ditut, eta 9 urtetik 14ra bitartean 23. Helduen taldean 14 ikasle dira. Generoari dagokionean, zortea dut; umeetan guztiak neskak dira, baina helduetan emakumeak eta gizonak parekatuta daude, eta oso ondo moldatzen gara bikoteak osatzeko garaian.
Dantza erakustaldietan ere aritzen zara. Urtean zehar asko izaten al dituzue?
Gero eta gehiago ditugu. Erakustaldi batzuk finkoak dira, urtero egiten ditugunak: Sanjuandegiko, Zumarragako eta Beasaingo festak, eta Soreasuko emanaldia, esaterako. Baina, tartean behin, sortzen zaizkigu bestelako konpromisoak ere.
Txapelketetan-eta hartzen al duzue parte?
Behin joan ginen bikotekidea eta biok Torremolinosera (Malaga, Espainia), saltsa txapelketa batera, probatze aldera. Izugarrizko maila zegoen parte-hartzaileen artean, baina esperientzia bezala asko balio izan zigun. Jendea horretatik bizi da, eta urte osoan txapelketara begira prestatzen da. Telebistarako erakustaldiak ere grabatzen dituzue. Hiru urte inguru daramatzagu EITBrako dantza erakustaldiak grabatzen. Lehen, Sanagustinen grabatzen genuen, eta orain Zestoako bainuetxean hasi gara.
Nola animatuko zituzuke mutilak areto dantzetara?
Umetan zaila da, eskolaz kanpo aukera zabala dute: futbola, pilota, saskibaloia... eta umeak denera ez dira ailegatzen. Alabaina, azken aldian, aretoko dantzak indar handia hartzen ari dira herrian. Izugarria da. Ahoz ahokoak eta dantza erakustaldiek asko eragiten dute horretan.
Zuri zer eman dizu aretoko dantzetan aritzeak?
Dena. Lagun-kuadrillarekin baino denbora gehiago pasatzen dut familia horrekin, eta babes handia da. Niretzako terapiarik onena dantza da. Triste banago, erlaxatzeko balio dit, eta pozik banago poztasuna areagotzen dit.
Zein dira dantzaren alorrean dituzun ametsak?
Konpetentzia handia dago, eta zaila da arrakasta lortzea. Dantza eskolak ematen jarraitzea izugarria da niretzat. Nik ez dut lana bezala hartzen, plazera da niretzat, gozatu egiten dut dantzan.
Dokumentuaren akzioak