Dokumentuaren akzioak
Ustekabearen logika
Kritika
La danza del cisne izeneko proposamenak Txaikovskiren Beltxargen aintzira
hartzen du abiapuntutzat, eta haren inguruan eraiki du artistak bere
unibertso askea, benetako artearen eskakizun oro zorroztasun osoarekin
betez eta bere ikurra den aktibismo existentzialari kemen handiarekin
ekinez.
Agertokiaren erdia lauki handi batek betetzen zuen, eta albo
batean neska bat zegoen, eserita. Geroago deskubritu dugu laukia
aintziraren irudikapen eskematikoa zela eta nonahi agertzen ziren paper
bolatxoek beltxarga faltsuak irudikatzen zituztela. Izan ere, ezer ez da
izan hasiera batean zirudiena, eta jarrera estatikoan zegoen neska
anonimoa ere biolinista trebea bihurtu da geroago -Nerea Alberdi
bilbotarra-, eta balletaren musika interpretatu du nekatu gabe, Ikerrek
leku batetik bestera garraiatzen zuen bitartean.
Iker, bere aldetik, etengabeko ariketa fisikoan murgildu da, eta gaitasun fisiko bikaina erakutsi du, bere clown, performer
eta dantzari klasiko fazetak era ezin pertsonalagoan elkartuz eta
mugimendu sinkopatuekin bat-bateko aldarte ugariak sortuz. Beste ekintza
askoren artean, eta papiroflexiazko stop-motion dibertigarriak
ahaztu gabe, alboko pantaila batean munduko politikari, elizgizon eta
militarrak agertu dira beren gezurrezko berbaldietan tematuta, eta haien
aldean interesgarriagoa iruditu zaigu pentsamendu zientifikoaren
paradoxak azaltzen dituen Karl Popperren irakurketa. Baina, batez ere,
askoz sinesgarriagoa egin zaigu artistaren diskurtso fisiko eta
plastikoa, eta berarekin argi bat ikusi dugu ustekabearen logika
ezkutuan.
'Perfomance'-a
'La danza del cisne'
Konpainia: Iker Gomez - Teatro Fisico. Lekua: Niessen aretoa (Errenteria).
Eguna: Abenduak 11
Dokumentuaren akzioak