Dokumentuaren akzioak
Useless / Kinema
Gelabert / Azzopardi
Gelabert-Azzopardi dantza konpainiak lan koreografiko bi aurkeztu ditu La Fundicion aretoak Euskalduna Jauregian antolatu duen Dantzaldiaren bigarren emanaldian.
Useless (Erabiltezina) izeneko piezaren hasieran bizkarra ematen digu taularen erdian eserita dagoen mutil gazte batek, eszenako atzealdean telebista baten zilueta proiektatzen dela. Piezaren azpititulu bezala information meets boy (informazioa mutilarengana doa) hitzak agertzen dira, eta, planteamendu horri jarraiki, eszenan sartzen dira banan-banan telebistako pantailan txinatar itzalen bidez proiektaturiko pertsonaiak, hasierako mutila bakoitza bere erara erakartzen saiatzen direnak. Baina, argumentu leun horren gainetik musika da koreografiaren ildo nagusia.
Mauricio Villavecchiak konposaturiko soinu-banda erritmo beroetatik, musika elektronikora igarotzen da, thriller-en estiloa eta giro haluzinogenoak ahaztu barik. Benetan esan liteke musikak eboluzionatu egiten duela mutilarengana hurbiltzen diren pertsonaia bakoitzaren arabera. Eta musika bezain erakargarriak dira egoerak ederki girotzen dituen argiztapena eta Lydia Azzopardik diseinaturiko jantzi irudimentsuak. Dantzariek, azkenik, zehaztasun osoz egokitzen dituzte beren keinuak doinuaren inflexioetara, arintasun eta dotorezia harrigarriak erakutsiz.
Zinema mutua gogoan
Izenak adierazten duen moduan, zinemari eginiko omenaldia izan nahi du Kinema izenburuko piezak, zinema mutuaren estetika berezia, xarma, eta keinu gehiegizkoak direlako lan dibertigarri eta eder honen oinarriak.
Aurreko koreografian ez bezala, Cesc Gelabert bera agertzen da Kinema-n, talde koreografien artean eta bakarlari gisa gehienbat, bere keinu fintasunez eta magnetismoaz gozatzeko aukera emanez. Guztiz txalogarria da, gainera, Gelabert eta konpainiako dantzarien arteko kontrastea, gauzarik errazena izango litzatekeelako estilo bereko maila ezberdinak erakustea bera eta gainontzeko dantzarien artean. Gelabert-Azzopardiren estetikan, ordea, kontraste aberasgarria kalitate bereko estilo ezberdinetatik dator, nahiz eta estilo horien artean hainbat ezaugarri parekoak izan, hala nola mugimenduen araztasun paregabea eta keinuen zehaztasun itzela.
Bestetik, ezin ahazteko modukoak izan ziren Gelaberten irudimenetik irtendako egoera absurduak eta giro onirikoak. Haien artean bereziki ausartak eta barregarriak izan ziren arrautza erraldoia eta behi dantzaria.
Ikusleek berotasun handiz txalotu zituzten proposamen biak eta dantzariek lau aldiz irten ziren agurtzera, baina nik ikusle baten komentarioarekin geratu nintzateke: «Burusoilak ederki dantzatzen zuen, ezta?».
Dokumentuaren akzioak