Dokumentuaren akzioak
Urteroko ohiturari eutsiz oilasko jokoa egingo da
Amasa, Sanmartinak.
Amasarrek eurentzat jaietako egunik garrantzitsuena dena ospatuko dute gaur, Gazteen Eguna alegia. Gaurko egunez aspaldiko ohiturari eutsiz oilasko jokoa egiten dute, eta partaideek goizean goiz ekiten diote jai egunari.
Guztira berrogeita hamarren bat partaide izaten dira urtero trikitilariek alaituta baserriz baserri ibiltzen direnak. Aurten Astiasaran anaiek eta Juan Mari Beltran dultzaineroak alaituta ibiliko dira kalejiran. Festa honetan ia gazte guztiek hartzen dute parte eta antolatzaileen esanetan gazteak zain egoten dira adina noiz iritsiko: «Gaztetxoenak 15-16 urte egin zain egoten dira festan parte hartzeko. Hortik gora 40 urtekoak ere animatzen dira oraindik festan jarraitzera», agertu dio Egunerori festa batzordeko kide batek.
Partaideak goizeko seietan elkartzen dira Villabonako Ongi Etorri tabernan gosaria egiteko: «Kafea edota kafesnea hartzen dugu eta madalenak jaten ditugu goiza ondo hasteko», dio festa batzordeko kideak.
Behin ondo gosaldutakoan bi taldetan banatzen dira gazteak eta talde bakoitzak ibilbide ezberdina egiten du. Normalean urte batean ibilbide bat egiten duenak hurrengo urtean bestea egiten du. «Batzuk Legarreta auzorantz joaten dira eta inguruko baserriak igaro ondoren Zizurkildik barrena berriro Ongi Etorri tabernara itzultzen dira». Hara iristean taldekideek gosaria egiten dute, baina oraingoan urdaiazpiko tortila eta baratxuri zopa jaten dituzte, besteak beste. Talde horrek bide hori egiten duen bitartean beste taldea Larrea auzorantz abiatzen da. «Beste taldea Garmendi eta inguruko baserrietan barrena ibiltzen da eta gero Arantzabira joaten dira bigarren aldiz gosaltzera», dio jaietako antolakuntzako kideak.
Behin bigarren aldiz gosaldutakoan, Villabonan dagoen taldea Otelarre, Arratzain eta Otsabi inguruko baserrietatik barrena igarotzen da, gero Amasako plazara joateko. Bitartean Arantzabiko taldea inguruko baserri guztiak zeharkatuz Sandraraino igotzen da. «Talde horretako lauzpabost Alustiza aldera joaten dira eta Pirrilla, Arzelus eta Alustiza baserrietara igotzen dira, gero berriro goiko taldearekin elkartzeko». Baserrietan denetatik ematen diete gazteei, jatekoa, oilaskoak eta baita dirua ere.
Eguerdi garaian bi taldeak plazan elkartuko dira eta ondoren Uxo-Toki Elkartean bazkalduko dute. Musikariek, aldiz, Arantzabin bazkalduko dute eta arratsaldean bertatik igoko dira denak kalejiran plazara, oilasko jokoan parte hartzeko.
Oilasko jokoa
Arratsaldeko lauak eta erdiak aldera bilduko dira plazan oilasko jokua egiteko. «Lehen bildutako oilasko guztiei mozten zitzaien lepoa, baina orain dozena bati, eta besteak Arantzabin uzten ditugu gaueko afaria prestatzen joateko», azaltzen du antolatzaileak.
Plazan oilaskoak lurreko kaxa batzutan sartzen dituzte, lepoa bakarrik geratzen delarik agerian, eta partaideek oilaskoa bizirik dagoela lepoa moztu behar izaten diete. «Joku horretan nahi duenak hartzen du parte, urte horretan norbait lehen aldiz atera bada festan, normalean horrek ere mozten dio lepoa oilasko bati, eta neskek ere nahi izan ezkero hartzen dute parte».
Behin oilasko jokoa amaitzean, partaideek soka-dantza dantzatuko dute plazan bildutakoen aurrean eta gauean, festa egunari amaiera eman aurretik, afaria egingo dute Arantzabin, egunean zehar bildutako oilaskoekin.
Udalbatza Kultur Etxearen gaia aztertzeko
Amasarrek gaur beste poztasun bat ere izango dute. Jaietako egun handia ospatzeaz gain, gaur iluntzeko udalbatzan Amasan Kultur Etxea egiteko baldintza pliegoa onartuko da. Amasar talde bat bertan izango da eta gainerantzeko amasarrei ere bertara joateko deia egiten die, nahiz eta gaur festea eguna izan. Udalbatza zortzietan hasiko da.
Dokumentuaren akzioak