Dokumentuaren akzioak
Urteko jaialdi nagusia egingo dute gaur Korosti taldeko dantzariek
Korosti Dantza Taldeko kideek urteko jaialdi nagusia eskainiko dute gaur, 18:30ean, Urbeltz pilotalekuan, Herritik hirira izenburuarekin.Bertan, taldeko dantzari guztiek parte hartuko dute, 90etik gora.
Aurreko urteetakoekin alderatuta, berrikuntzak izango ditu Korostiren ikuskizunak. Batetik, dantzariek ez dute oholtza gainean dantza egingo, lurrean zuzenean baizik, eta dekoratua atzeko paretan proiektatuko diren irudiek osatuko dute. Bestetik, dantzak adina indar izango du aurten musikak.
Irudiak eta musika
Dantza, irudia eta musika uztartuta, baserrian hasi eta Donostia 2016an amaituko den ibilbidea proposatzen dute Korostikoek jaialdirako. Maite Gonzalez eta Itsaso Mediavilla taldeko kide eta dantzariek aurreratu dutenez, «dantzaren bitartez, koreografia desberdinak erabiliz eta partaideen atzealdean proiektatuko diren argazkiez lagunduta, baserritik hirira bitarteko bilakaera, gure historia» erakutsiko dute. Zeregin horretan lagungarri izango dute Jorge Gil zinemagile legazpiarrarekin Korostiko dantzariek grabatu zuten laburmetraia, fikzioa, beldurra eta euskal tradizioa uztartzen dituena. Laburmetraia jaialdian zehar aurkeztuko da.
Musikak ere garrantzi handia izango du ikuskizunean; 30 musikari inguruk parte hartuko dute. Tartean izango dira, besteak beste, Santikutz Abesbatzako kideak, Urretxuko Iratzarri Dultzaineroak, Arrasateko Lander albokaria, Maria Redondo abeslaria eta, txistua jotzen, Garikoitz Mendizabal, Jon Garmendia eta Iñaki Mendia aita-semeak. Musikari guztiak zuzentzen Edurne Zabalo arituko da.
Loteria kobratzeko
Korosti taldeko kideek, bestalde, gabonetako loterian saria egokitu zaiela jakinarazi dute, saldu duten txartel bakoitzeko hamarna euro. Dirua kobratzeko, CaixaBank-eko bulegora joan daiteke urtarrilaren 2tik aurrera.
Dokumentuaren akzioak