Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urtebeteko geldialdiaren ondoren, Kontenporanea gaur itzuliko da Irunera

Dokumentuaren akzioak

Urtebeteko geldialdiaren ondoren, Kontenporanea gaur itzuliko da Irunera

Bi egunez, kultura garaikidearen topaketa egingo dute Irungo San Juan plazan. Nazioarteko zortzi artistaren erakusketa izango da ekitaldiko gune nagusia.
Egilea
Unai Zubeldia
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Tokia
Irun
Mota
Albistea
Data
2021/07/23
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Kontenporanea jaialdia arte garaikidearen topaketa gisa hasi zen pausoak ematen, 2015ean, Irunen. Marian Mateos Irungo Udaleko kulturaren programaziorako teknikariak zehaztu duenez, “aurrekontu parte hartzaileek” eman zioten bidea lehen saiakera hari, eta Irungo Udalaren kultur programazioaren barruan txertatu zuten jada 2016ko ekitaldia. Mateosek azpimarratu du arte garaikidearen topaketa izaten hasi, eta “kultura garaikidearen topaketa” bihurtu dela Kontenporanea bost urteotan: “Sortzeko gune bat, biltzekoa, ekoiztekoa…, izan nahi zuen Kontenporaneak, Irunen ez geneukalako horrelako gunerik, baina ekitaldiak garapen handia izan du urteotan, eta kultur garaikidearen topaketa bat da jada; nolabait esatearren, zabaldu egin da proposamena. Diziplina askok bat egiten dute jaialdian, eta kultur jardueren inguruan eztabaidatzeko guneak ere badaude”.

Iaz bertan behera utzi behar izan zuten topaketa, koronabirusaren eraginez, baina gaur eta bihar proposamen ugari izango da Irungo San Juan plazan. Koronabirusaren gaia ez da oharkabean igaroko, gainera, horixe hartu baitute gai nagusi gisa: “Azken urte eta erdiko pandemia egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrasteak”. Hilabete hauetan bizi izandakoaren ikuspegiak partekatzeko gune bat sortzea da helburua, “dikotomia hori ulertzeko eta lantzeko”.

KONTENPORANEA

21 proposamen guztira

Nazioarteko zortzi artistarekin osatutako erakusketa izango da topaketako gune nagusia. Gaur bertan irekiko dute erakusketa, 18:00etan, eta aukera egongo da Susana Ferreira irundarrarekin, erakusketan parte hartuko duen zortzi artistetako batekin, bisita gidatua egiteko —izena eman beharra dago aurretik, kontenporanea@irun.org helbidera mezua bidalita—. Claire Le Pape (Bordele, Okzitania), B/Z (Bilbo), Gaspar Acebo (Argentina), Jaime Yacaman (Mexiko – Bilbo), Kontxi Gutierro (Hondarribia), Oksana Pohrebennik (Ukraina – Bilbo), Silvia Jimenez Pumar (Bilbo) eta Ferreira bera izango dira zortzi artistak.

“Gure proposamena Irundik eta Euskal Herritik atera nahi genuen pixka bat; bertako sormena bultzatu nahi dugu, noski, baina kulturak eta arte garaikideak badaukate nazioarteko beste proiekzio hori ere”. 21 proposamen jaso dituzte aurten, eta zortzi aukeratu dituzte; “kalitatearen alde” ez ezik, kontzeptu eta estetika aldetik edo erakusketa multzo gisa, “diskurtsoaren koherentziaren alde” ere egin du apustua Koordinazio Batzordeak. “Artistek 2×3 metroko argazkien bidez erakutsiko dituzte beren lanak, baina hainbat diziplinatako lanak daude atzean: ohiko margolanak, performanceak…”. Bisita gidatuaren unean izan ezik, bertaratzen direnek “nahi dutenean” ikusi ahal izango dute erakusketa. “Dena den, pandemiaren eraginez, hogeiko taldeak osatuko ditugu gehienez”.

KONTENPORANEA

Hiru gazterentzat aukera

“Artista gazteekin lan egitea” ere bada Kontenporanearen helburuetako bat. “Eta, zentzu horretan, 30 urtetik beherako gazteen batzorde bat sortzen dugu urtero, hiruzpalau gazteri lan esparru honetan sartzeko aukera eskaintzeko”. Anne Bravo, Alba Aguado eta Patricia Etxegarai irundarrek osatzen dute aurten ekimenak koordinatuko dituen batzordea; Irundarrak dira hirurak. “Komunikazioan lizentziaduna da Alba Aguado, eta Zuzenbide ikasketak ere eginda dauzka; Patricia Etxegaraik Arte Ederrak ikasi zituen, eta Anne Bravo diseinuaren mundutik dator”. Komunikazioaren, edukiaren eta diseinuaren ardura izan dute, hurrenez hurren. “Bakoitzak bere eremua dauka, baina Kontenporaneak prozesu guztia bertatik bertara bizitzeko aukera eskaintzen die gazteei”.

Irungo topaketa askotariko kultur diziplinen erakusleiho den seinale, Artemarket edo arte merkatua izango da gaur eta bihar; Cayolar instalaziora bisita gidatuak antolatu dituzte gaurko; oihalekin egindako aire akrobaziak ere izango dira gaur bertan, eta baita Cecilia Payneren zuzeneko kontzertua ere. Bihar, berriz, autorretratuak etxean egiteko tailerra, paper ekologikoaren masterclassa eta dantza garaikideak eskainiko dituzte topaketan, besteak beste. Azken orduan, antolatzaileek aldaketa txiki bat egin behar izan dute egitarauan, “mediku arrazoiak tarteko” Doleur Dolor taldea ez delako izango Irunen bihar; Lanbroa pop progresiboko taldeak ordezkatuko du.

Pandemiak pandemia, Mateosek Irunera inguratzeko gonbita egin die herritar guztiei. “Neurri zorrotz batzuk bete beharko ditugu, baina oso kontrolatuta egongo da dena, eta nahi dutenek aukera paregabea izango dute gozatzeko, helduentzat bakarrik ez, familiako kide guztientzat proposamen interesgarria delako”. Hain zuzen ere, Mateosen hitzetan, “etxeko txikienek hainbat diziplinatako kultur jarduerekin gozatzen ikastea” da Irungo topaketaren helburuetako bat.

2015ean, CBA liburutegian egin zuten ekitaldia. “Baina topaketa kalera atera genuen berehala”, azaldu du Irungo Udaleko kulturaren programaziorako teknikariak. “Eta, horri esker, gero eta jende gehiago gerturatu da urtez urte”. Mateosek jakinarazi duenez, “laurogei bat proposamen” ere jaso izan dituzte artistentzako deialdi irekian. “Eta espero dezagun behin pandemia igarota hasierako neurri horietara itzultzea berriz ere”.

Dokumentuaren akzioak