Dokumentuaren akzioak
Urtebete dantzan
Fokuen azpian
Koreografoen erakusketatik, ordea, ez da aurten ezer onik atera, bozketa sistema konplexu eta zabalegiak konformismo hutsera jo zuelako, aurkeztutako bi pieza interesgarri bakarrak bazter utzita.
Maitaldia, ordea, gero eta atseginagoa egiten zait: giro handikoa da eta aukera paregabea eskaintzen du joera eta estilo gehienak ikusteko. Gogora ditzagun, esaterako, Aterballetto, Gelabert-Azzopardi, Biarritz Balet eta beste hainbeste konpainia handiren ikusgarriak.
Maitaldiarekin konparatuta, Dantzaldia benetako jaialdia baino dantza ziklo hutsa da, estimagarria Europako muntaia garaikide handiak ezagutzeko Ballets C. de la B.-ren Bâche izenekoa, kasu baina guztiz eskasa giro aldetik, Euskalduna jauregiaren funtzionamendu zurruna eta jendearekiko harrera hotza direla medio. Gauzak horrela, Arriaga antzokiko programazio arruntari esker ikusi ditugu aurten muntaia eta konpainiarik bikainenak: Lyongo Operako Baleta, Gelabert-Azzopardi, Momix eta Preljocaj Baleta besteak beste.
Joera berritzaileenen artean Miarritzen ikusi genuen New Yorkeko Shua Group eta Zornotzan eta Durangon izandako Krapp argentinarren Mendiolaza gogoratuko ditugu. Euskal Herriko sortzaileei begira, Patricia Fuentes eta Maria Ibarretxeren iazko Txatxorra's Cube aurten ere asko ibili da leku alternatiboetan, baina horretaz aparte, gurean beste ezer ez da bikaintasunera heldu, Koreografoen erakusketan aukeratuak ez ziren Isabel de Naveran eta Marian Gerrikabeitiaren lanak izan ezik. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke, nolabaiteko kolapsoa adierazten duelako gure sortzaileen panoraman.
Dokumentuaren akzioak