Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urte eta erdiko bidea, Bidador helmuga

Dokumentuaren akzioak

Urte eta erdiko bidea, Bidador helmuga

Dena prest da Iruñean bihar 'Joxemiel Bidador' pastorala taularatzeko. Orain bost urte lehen ideia sortu zenetik, luzea eta parte hartzailea izan da prestaketarako bidea. Atzera begira, bat datoz denak prozesuan sortutako giroa goratzean.
Egilea
Ander Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/10/09
Lotura
Berria

ide luzea behar du tontorrera iristeko edozein saiok. Ez da egun batetik bestera erreal bihurtzen behinola ideia hutsa zena. Horren erakusgarri da Joxemiel Bidador pastorala; bihar estreinatuko dute, Iruñeko Burgoen plazan. Baina luzea izan da gailurrera iritsi aurreko bidea.

Ezaguna da egitasmoaren jatorria: Joxemiel Bidador idazle, ikertzaile eta folklorista hil eta gutxira egindako omenaldian, 2010ean, agertu zen asmoa lehen aldiz. «Iruñean inork pastoral bat mereziko badu, Bidadorrek merezi du», esan zuen norbaitek, eta arrazoia eman ingurukoek. Halere, tiraderan gorde zuten orduko asmoa, noizbait, akaso sekula ez, berriz zabaltzeko zain.

Iaz, ordea, Ederlezi pastoralak bisitatu zuen Iruñea. Gogoan du Jon Alonsok orduan sentitutakoa: «Iruditu zitzaigun tamainan ez zuela horrenbeste jende behar, ez zela horren luzea eta, oro har, egingarria zela». Lau urte lehenago piztutako asmoa agertu zitzaien berriro, parez pare. Eta ez zioten ihes egiten utzi: «Egun horretan bertan erabaki genuen baietz, eginen genuela».

«Ederlezi-ren emanaldiaren egunean Zaldiko Maldiko elkartean afaldu genuen Zuberoako jendearekin, eta giro horretan erabaki genuen pastorala egitea». Kike Diez de Ulzurrun egitasmoaren beste bultzatzaileetako batenak dira hitzak. Argi ikusi zituen osagaiak mahai gainean: «Ikusi genuen hemen bagenuela jende aproposa. Testua idazteko prest agertu zen Alonso, eta antolaketa lanetan eskarmentua dugu hemengo taldeok». 2014ko maiatza zen. Ordutik aurrerakoa geroz eta jende gehiagoren parte hartzeaz aberastutako bidea izan da, gaur arte.

Nonbaitetik hasi beharra zegoenez, testuaren zirriborroa ondu zuen Alonsok. «Garai batean pastoral batzuk ikusi nituen, eta banituen orduko libretoak eta testuak. Handik hartu nuen eredua, koplak eta nola egin ikusteko». Joan den udarako prest zen testu hura. Hura eskuan zuela jo zuten Alonsok, Diez de Ulzurrunek eta Patxi Larrionek Zuberoara, Mixel Etxekoparrengana. «Asmoaren berri eman genion», dio Diez de Ulzurrunek. «Berak konbentzitu gintuen pastoralarekin aurrera egiteko».

Aritz Ibañezi eta Ihitz Iriarteri egokitu zitzaien pastoralaren errejenta edo zuzendari artistikoaren eginkizuna. Ibañezek, Iruñeko Duguna taldeko kidea baita, bazuen Zuberoako pastoralen berri, noski. «Baina ez da gauza bera ikusle gisa edo barnetik ezagutzea». Iriartek, ordea, zuberotarra eta Amaren Alabak taldeko kide denez, txikitatik zuen harreman estua pastoralarekin. Baina ez ditu ezkutatzen proposamena jasotakoan izandako zalantzak: «Pentsatu nuen: 'Hara, pastoral bat Nafarroan, Zuberoatik kanpo, gauza ona izanen da?'. Baina gero testua ikusi nuen, eta baita zer testuingurutan egina zegoen ere. Ikusi nuen jende guztiak zekiela euskaraz eta testuinguru berezian heldu zela pastorala. Horrek dudak kendu zizkidan».

Muina zehaztuta, taldea osatuko zuten gainerako pertsonak bilatzea izan zen hurrengo urratsa. Kantariak, musikagileak eta dantzariak, besteak beste. Pastoralaren atzean dauden lau taldeetara jo zuten horretarako —Euskaldunon Biltokia, Zaldiko Maldiko, Karrikiri eta Duguna—, baina badira beste dantza eta kultur taldeetatik iritsitakoak ere. Orotara, 60 pertsona inguru izanen dira bihar oholtza gainean. Eta hori, berez, «aberasgarria» da, Ibañezek dioenez: «Familia txiki edo handi bat sortu da. Pastoralak daukan kontuetako bat hori da, hor lanean ari direnen arteko kohesioa bultzatzen duela. Hori garrantzitsua da».

«Iruñeko berniza»

Zuberoako pastorala Iruñera ekartzea izan da, hasieratik, antolatzaileen helburuetako bat. «Iruñeko berniza ematea», Ibañezek dioenez. Eta Alonsoren testuan bertan daude horretarako saioak. «Zuberoako moldea hartu dugu», dio idazleak, «baina gure ezaugarrietara ekarriz». Bi bandoen arteko lehia du ardatz Zuberoako pastoralak, eta dualismo horren bitartez kontatzen du pertsona baten bizitza. Kristauak (hots, onak) eta turkoak (gaiztoak) dira bi bandoak, eta onen alde lerratu ohi da protagonista. Kasu honetan, ordea, «barregarri» iruditu zitzaien antolatzaileei gaiztoen rola hartzea. «Txiste moduan egin dugu», dio Alonsok. Iriartek ez ditu gaizki ikusten pastoralaren egokitzapenak: «Egungo pastorala ez da orain 50 urte edo 100 urtekoa. Beldur handiagoa ematen dit pastoral fosildu batek eboluzioa duenak baino».

Prest da dena, bihar, Bidadorren lana eta bizitza taularatzeko. Iruñeko euskaldunena ere kontatuko da, bide batez, eta baita, horri kontrajarrita, Nafarroa ofizialak orain arte izandako jarrera ere. Astelehenetik amaituta daude sarrerak, eta badirudi eguraldia lagun izango dela. Goizean, 12:00etan, mustra edo desfilea izango da Alde Zaharreko kaleetatik. 17:00etan iritsiko da pastoralaren ordua. Atzean gelditu dira dozenaka saio eta moldaketa. Eta hitz politak baino ez dituzte guztiek bideaz mintzatzean. «Ederra izan da Joxemielen irudiaren inguruan sortutako giroa», Ibañezentzat. Akaso horregatik biharkoari bezain beste begiratzen dio atzokoari ere: «Biharkoa garrantzitsua da guretzat, baina kasik garrantzitsuagoa orain artekoa».

Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak