Dokumentuaren akzioak
Urte askoan, oinak dantzan
Euskal dantzen ikuskizun berri batekin helduko da Argia dantza taldea gaur Bilbora. Aunitz-urtez ikuskizuna
estreinatuko du Arriaga antzokian, 19:00etan. Juan Antonio Urbeltzen
zuzendaritzapean, hamar dantza eskainiko dituzte hainbat musikari eta
dantza talderen kolaborazioarekin.
«Denak revival-ak dira,
molde eta ohitura zaharrekin», dio Urbeltzek. Euskal Herriko hainbat
herritako ohiturak elkartu ditu oholtza gainean, dantzaren bidez.
Hasteko, pare bat ezpata dantza; Eibarko Arrateko Amaren eta Iruñeko San
Fermin Txikiren omenezkoak, hain zuzen. «Ezpata eta burdina jakintza
metalurgikoarekin lotzen dituen tesi bat dago. Errementarien mundua
islatu nahi izan dugu; nahiko fama txarra zuten, misteriotsuak ziren,
eta alkimiarekin zuten lotura». Irradaka, erregelak, fandangoa,
porrusalda eta ingurutxoak ere dantzatuko dituzte, baita «geografia
munduan mitikoa den Irati basoko tradizioen inguruko dantza» ere. Orreagako erromeria-rekin amaituko dute ikuskizuna, Ama Birjina fidela doinua dantzatuz.
Lanaren
izenburuaren atzean dagoena bereziki gustuko du Urbeltzek. «Baztango
mutil dantzariak, Elizondoko festetan, plazaren inguruan biltzen dira
urtero, txapela eskuan dutela, 'aunitz urtez' oihukatzen». Esapide
horrek denboraz kanpo bizitzeko desio kutsua duela dio.
Guztira
70 pertsona inguruk parte hartuko dute ikuskizunean. Argia dantza
taldeko dantzariekin batera, Elgoibarko Haritz taldeko dantzariak,
Eibarko Kezka taldekoak eta Iruñeko Duguna taldekoak ariko dira. «50
gazte oholtza gainean ezpata dantza egiten ikustea izugarria da. Balioa
ematen diote euskal kulturari». Zerbait berria egiteko proposamena heldu
zitzaion Arriaga antzokitik. Taldeko partaideekin bilera egin, eta
buru-belarri jarri ziren lanean. Ez da batere zaila izan, gainera. «Nik
ideiak jartzen ditut, eta denon artean eztabaidatzen ditugu. Nirekin
ondo portatzen dira, estimua eta errespetua sumatzen dut».
Urbeltzek badu esperientzia dantza emanaldiak zuzentzen. Hasieran saio monografikoak prestatzen zituen, eta Irradaka izan
zen sorkuntza munduarekin harremana izan zuen lehen lana. «Ausardia
guztiarekin azaldu ginen. Erantzun oso ona jaso genuen, eta niretzat
aurkikuntza bat izan zen». Ordutik, egitura berari eutsi dio: «Beti
egitura musikal bera errepikatzen badugu, antzeko emozioa sortuko dugu».
70 pertsona inguruk parte hartuko dute Aunitz-urtez ikuskizunean. / ARGIA DANTZA TALDEA
Dokumentuaren akzioak