Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urrutiko dantzak gerturatuko ditu beste behin Portugaleteko Folklore Jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Urrutiko dantzak gerturatuko ditu beste behin Portugaleteko Folklore Jaialdiak

Errusia, Armenia, Txina, Zeelanda Berria, Peru eta Hegoafrikako dantza taldeak ariko dira aurten

Egilea
Ekaitz Herrera
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2009/07/17

Txina, Armenia, Mari-El (Errusia), Zeelanda Berria, Peru eta Hegoafrikako kulturek izango dute lekua aurten Portugaleteko Folklore Jaialdian, Euskal Herriko folklorearekin batera, hilaren 19tik 25era. Elai Alai dantza taldearen ekimenez antolatzen den 35. jaialdia izango da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, irizpide «exotikoak» erabili dituzte herrialdeak eta taldeak aukeratzerako unean. Baina bisa arazo bat baino gehiago izan dute. Jaialdiko zuzendari Jose Ignazio Beitiaren esanetan, «tamalez, herrialde atzeratuak dira ekonomikoki, eta kontsulek luparekin behatzen dituzte partaideak. Hasieran iragarritako zazpi taldeetatik, bat gelditu da programaziotik at: Sri Lankakoa. 28 taldekideetatik 11k soilik lortu baitute baimena. Ea datorren urtean ekartzerik dugun». Gainerakoan, beste sei taldeek normalki eskainiko dute ikuskizuna.

Portugaletek ekingo dio folklore festa aterpetzeari. Iazko bideari jarraituta, kalean egingo dituzte emankizunak. «Jendearengandik gertuago dago horrela. Gainera, hiru egunetan eta emankizun luzeak egin beharrean, bost eguneko jaialdia egitea pentsatu dugu, emankizun laburragoekin», azaldu du Beitiak. Portugaleteko egitaraua igandeko inaugurazioaren ostean hasiko da, eta uztailaren 20tik 25era arte izango dira ikuskizunak, San Roke plazan, 21:30etik aurrera. Honetaz gain, musika saioak antolatu dituzte hilaren 20 eta 27rako.

Udalerri bizkaitarrean aipaturiko herrialde guztiak egongo dira ordezkatuak. Alabaina, ez da horrela izango Deba eta Elgoibarren kasuan. Euskal Herriko giroaz gain, Armenia eta Hegoafrikako ikuskizunez soilik gozatu ahalko baita Elgoibarren, uztailaren 24an. Bestalde, Debak, Txinako dantzariak hartuko ditu Debabarreneko dantza taldeekin batera. Hori, ordea, uztailaren 30ean izango da, Calbeton zumardiko kioskoan.

Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste hainbat herritan ere egongo dira ikuskizunak. Jaialdi hauek, «gurea erakutsi eta besteak ezagutzeko aukera» ematen dutela nabarmendu du Miren Dobaranek, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara sustatzeko zuzendariak. «Globalizazioaren aro honetan, gure balioak konplexu barik defendatu, eta besteak xurgatu behar ditugu» azaldu du.

Zazpi herrialde, mila kolore

Nairi Folklore Taldea izango da Armenia ordezkatuko duena. Txinatik, Guizhou-ko Hego Ekialdeko Kantu-Dantzetako Konpainia etorriko da. Bestalde, Whitireia konpainiaren esku izango da Zeelanda Berriko dantzak erakustea. Perutik, Cosandamak taldeak izango du jaialdian parte hartzeko ohorea. Errusiako errepublika autonomoa da Mari-El. Estatuko izen bereko dantza taldeak islatuko du hango dantzen edertasuna. Hegoafrikari dagokionez, Gauteng probintziako talde bat gonbidatu dute. Munduko folkloreaz gain, Euskal Herrikoak ere izango du bere lekutxoa.

Dokumentuaren akzioak