Dokumentuaren akzioak
Urruñako kabalkada-zintzarrotsa
1.- Antolatze lehen urratsak.-
Uztailaren erdi aldean hizketan hasi ginen, bero-bero eginda, eta Berttoli eta Hazia elkarteetako hainbat jendek hori aitzina eraman behar zela deliberatu zuten. Uztailaren bukaera alderako lehen batzarrak izan ziren eta batzar horietatik talde eragile bat sortu zen. Hastapenetatik koordinatzaile edo arduradun nagusiak Xerar Urrutia Berttoli elkartekoa eta Zelin Duperou Hazia elkartekoa izan ziren.
Agorrilaren lehen astean proiektua aurkeztu zen Urruñako elkarte guztien aitzinean, eta ondoren prentsaurreko bat antolatu zen euskal hedabideek urruñarren proiektuaren berri ukan zezaten. Berehala Urruñako herritarrak proiektura hurbiltzen hasi ziren eta horrela zenbait komisio edo batzorde sortu zituzten: tobera idaztekoa, aktoreak xerkatzekoa, musikariak, dantzariak, jostunak, propagandaz eta zabalkundeaz aritu behar zirenak, sosak bilatu behar zituztenak,… eta abar.
Agorrilaren 19an, Itsasuk bere kabalkada-tobera eman zuen, eta bertara Urruñako proiektuan zebiltzan hainbat lagun hurbildu ziren. Xerar Urrutiak harremanak finkatu zituen itsasuiarrekin eta hortik aurrera informazioa bilatzeari ekin genion. Irailean eta urrian hainbat bilkura egin genuen toberen munduan dabilen zenbait jenderekin. Horrela, idazle, ikerlari eta aditu handia den Xabier Itzainak era guztietako informazioa eman zigun, baita Itsasuk jokatu dituen azken toberak maisukiro idatzi dituen Beñat Lazkanok ere.
Informazio nahikoa jaso ondoren, egiteari ekin genion. Urte bukaera aldera, Xerar Urrutia eta biok tobera idazten hasi ginen. Handik bizpahiru hilabetetara Pantzo Hirigarai tobera-idazle baigorriarri gure zintzarrotsarren lehen zirriborroa eman genion ikustera, zuzendu eta aberastu zezan. Komisio guztiak ere ordurako lanean hasita ziren, bakoitza bere arloan, eta horrela hasi ginen lehen antzerki errepikak, musikarien bilerak, dantzari saioak,… eta abar burutzen. Jadanik proiektua abian zen.
2.- Baina zer dira kabalkada eta tobera?
Erdi Arotik datorren usaia da, Europa osoan zabaldurik izan dena. Garai zaharretan senar-emazteen gatazkak, alargunen arraezkontzak eta gisa horretako gaiak ziren plazan horrelako ekitaldiren bidez salatzen zituztenak. Euskal Herrian, gainerako herrietan bezalaxe, ohitura hau biziki sustraiturik zegoen. Europan gehien erabili zen izena Charivari da. Euskaldunok tokiaren araberako izenaz bataiatu genuen. Xaribari hitza ohikoa izan dugu zazpi euskal herrietan, baina horretaz gain izen ainitz erabili ditugu: Tobera-munstra, astolasterra, galarrotsa, zintzarrotsa, karrusa… Gizarte giristinoaren autozentsura modukoa zela aipa genezake, hau da, moral giristinoaren aurkako gertakizunak edota ekintzak salatzeko eta herritarren aitzinean zigortzeko balio zuten besta kutsuko sasiauziak. Barregarriak zirenez gero herri xeheak biziki maite zituen, eta gehienetan gazteak izaten ziren horrelakoak antolatzen zituztenak.
Herriaren arau moralak hausten zituztenak zorretan zeudela uste zuten gainerako herritarrek, eta horregatik horrelakoak antolatzeari ekiten zioten, ainitzetan inolako gupidarik gabe. Tobera edo horrelakoetarako hautatuak zirenek jende aitzineko sasiauzi haiek saihestu zitzaketen gazteei sosak emanez edota antolatzaileak arno trago batera gonbidatuz. Fitsik ez bazuten ordaintzen egoerak okerrera jotzen zuen eta gaueko toberak antolatzen zituzten pertsona horien leiho azpian. Garrasiak, tutu edota zintzarri soinua eta horrelakoak egiten zituzten herriko guztiek horren berri ukan zezaten. Hilabete oso bat iraun zezakeen. Amaitzeko herriko plazan alegiazko epaiketa bat egiten zuten, jujea, abokatak, lekukoak eta guzi. Bertsolariek ere giroa berotzen zuten sujetari edo protagonistari buruzko bertso barregarriak kantatuz.
Auziaz gain, dantzek eta kantek ere sekulako garrantzia zuten horrelako ekitalditan. Ibilaldi modukoak antolatzen zituzten sujetaren etxetik epaiketa egin behar zuten plazaraino eta bukatzean, gauza bera baina alderantziz. Sarritan zaldiak, astoak edota zalgurdiak erabiltzen zituzten. Hauek dira kabalkadak. Kabalkadetan parte hartzaileak ibiltzen ziren talde zenbaitetan banaturik: bolantak, kaskarotak, andere xuriak, zapurrak, banderariak… Tokian tokiko pertsonaiak ziren.
Erdi Arotik zetorren usai edo ohitura honek Ipar Euskal Herrian Bigarren Gerla Handira arte iraun zuen. Orduko gizartea aldatua zen eta ez zuen begi onez ikusten horrelako salaketa publikoak egitea, hori dela eta, agintari zibilek debekatu egin zituzten. Azken tobera klasikoa Irisarrin 1937. urtean egin zutena jotzen bada ere, jakin badakigu, geroxeago ere zenbait tokitan gaueko toberak egin zituztela, Itsasun adibidez, Bigarren Gerla Handiaren garaian egin zuten, eta jakin dugunez aski bortitza gainera. Garazi aldean, berriz, gairik gabeko kabalkadak antolatzeari ekin zioten, eta gaur egun, oraindik ere, horrelakoak antolatzen jarraitzen dute Arnegin, Uharte-Garazin, Izpuran Luzaiden, Baigorrin…
1950. urtetik aitzina tobera berrien tenorea etorri zen, Luhuson, Makean… gaia ez zen garai bateko salaketa moral hura, alegiazko gaien inguruko epaiketa baizik. Gaia aldatua zen, baina egitura guztiak bere hartan jarraitu zuen: dantzak, kantak, bertsoak, kabalkadak, pertsonaiak… 1970. urtetik aitzina boterearen aurkako toberak antolatu zituzten. Adibidez, 1974. urtean Iholdin zegoen aintzira proiektu baten kontrako tobera antolatu zuten. Joera berri honek tobera arrapiztu eta indartu zuen. Hortik aitzina horrelako kabalkada-tobera ainitz antolatu ziren, Baigorrin 1976an, Eiheralarren 1988an, Amikuzen 1991n …
Lapurdiko barnekaldean eta Baxenafarroan toberak izugarri indartu ziren, eta herri ainitzek antolatu zituzten, Itsasun (1992, 1994, 1997, 2001, 2007 eta 2012) , Lekornen (1995, 1996), Luhuson (2002)… baita auzoa den Heleta baxenafarrean ere (2003). Itsasu izan da tobera-munstra gehien egin duena, bost urtetan behin-edo egin izan duelako. 2012ko uztailean Irisarrik sekulako kabalkada eskaini zuen, bi saiotan, eta Itsasuk ere, besta kari, biziki tobera ederra eskainiko zuen urte bereko agorrilaren 18an. Toberaren arrapizte hau barnekaldean gertatzen ari zen, kostaldetik urrun.
3.- Urruñarren proiektua.-
Urruñan, lehen aipatu dudan bezala, aspaldian zegoen horrelako ikusgarri bat egiteko gogoa, eta azkenean, Hazia eta Berttoli elkarteek junta edo biltzar bat egiteko deia egin zuten. Proiektua herriko kultur elkarteei azaldu zitzaien, eta jarrera ona jasotzerakoan, komisioak eta errepikak egiteari ekin genion.
Urruñarren asmoa horrelako kabalkada eta epaiketa barregarri moderno bat egitea zen, Lapurdiko itsas-hegiko herrietako tradizioan oinarriturikoa. Izen bat hartzeko orduan gure zalantzak izan genituen, tobera hitza oso atxikirik ikusten baikenuen Lapurdiko barnekaldearekin eta Baxenafarroarekin, hori dela eta Lapurdiko kostaldean garai zaharretan erabili izan zen zintzarrotsa hitza hautatu genuen. Zehazki ez dakigu noiz izan zen gure herriak egin zuen azkena, baina badirudi kostaldean azkenak XIX. mendean egin zirela. Haatik, aipatu behar dugu 1949. urtean Lekorneko herritarrek jokatutako tobera ikusi ahal izan zela Urruñan, eta gaur egun oraindik bizirik ditugun lekukoek baieztatu digutenez, badirudi garai hartan biziki ikusgarri entzutetsua izan zela urruñarren artean.
Urruñako kabalkada-zintzarrotsa hastapenetatik proiektu aberatsa eta anitza izan zen. Oso helburu argiak zituen:
1.- Kabalkada-zintzarrotsa zaharrak berpiztea Urruñako euskal kultura indartzeko.
2.- Proiektua euskararen inguruan gauzatu, garbi ikusten baikenuen euskara dela gure kulturaren eta nortasunaren ardatz nagusia.
3.- Urruñarren arteko lagunartea eta herri giroa suspertzea.
4.- Euskal kulturaren eta euskararen transmisioan parte hartzea, gure arbasoengandik jasoz eta belaunaldi berriei pasaraziz.
5.- Bai kabalkada eta bai zintzarrotsa Lapurdiko tradizioan finkatzea, bai auziaren hizkeran, bai jantzietan, bai pertsonaietan eta baita kantu, dantza eta bertsoetan ere.
6.- Libertimendua eta besta giroa herrian zabaltzea.
4.- Proiektuaren garatze eta burutzea.-
2014ko maiatzaren hondarrean eta ekainaren hasieran euskal hedabideetan zabalkunde handia izan zuten errepika nagusiak burutu genituen. Dena prest zegoen, urruñarrak aiduru eta Iparraldeko euskaldunen artean ikusmin handia zegoen. Tobera bat Lapurdiko kostaldean egitea aspalditik ezagutzen ez zen kontua baitzen.
Negu luze, hits eta euritsua pasatu ondoren, ekaineko lehen astean eguzkia agertu zen Lapurdin eta Euskal Herri osoan. Bazirudien eguraldi ederra ukan behar genuela, baina lehen emanaldiaren bezperan, hau da, ekainaren 6an, bero sapa egin zuen, eguna pittaka-pittaka usteltzen joan zen, arratsaldeko 5ak aldera lehen hodei beltzak azaldu ziren, geroxeago zerua arras ilundu zen eta arratseko 8ak aldera, alimaleko ekaitza bota zuen, kazkabarra eta guzti. Hori ikusirik, izugarri izutu ginen, euria eginez gero ez baikenuen leku estalirik gure ikusgarria burutu ahal izateko. Herriko Etxeak Iturbidea kiroldegi estalia utzia zuen kirol arloko ekitaldi baterako. Beraz, hurrengo egunean, horrelako ekaitza botako balu dena bertan behera uzteko beharrean egonen ginateke. Gau hura ez zen goxoa izan guretzat.
Azkenean, ekainaren 7a iritsi zen eta harekin batera, eguzki eder-ederra. Horixe zen behar genuena. Lehen emanaldia arratseko 8,30etan hastekoa bazen ere, bertan parte hartzen genuenok, 160 bat inguru, eguerdiko ordu biak eta erditan bildu ginen errepika oso-oso bat egiteko. Errepika 5ak aldera bukatu genuen, eta atsedenaldi ttikia hartu ondoren, 6,30etarako denok dutxatuta, indarberrituta eta ikusgarrirako jantzita ginen. 7,30etan kiroldegitik abiatu eta hilerri gibeletik Sokorrirako bidean den aparkalekura joan ginen ilara luzea eginez. Gero, aparkaleku horretan egon ginen zain 8,15 arte. Une zehatz horretan Zelinek eta Xerarrek abiatzeko agindua eman ziguten. Gure kabalkada hasia zen.
Aitzinetik zaldizkoak zihoazen, andere xuriak eta gizonezkoak, sei osora. Gero makilaria, Urruñako bandera eta Urruñako Zintzarrotsarena zeramatzaten banderariak, ezpataz armaturiko zaindariak, kaskarotak, herritarrak, musikariak, jendarmak txirringaz, zirtzilak… eta bukaeran jaun jujea, jaun abokata jaun usiera eta jaun apeza zeramatzan zalgurdi handi ederra. Jantziak ederrak eta koloretsuak ziren, Arantxa Duperouk zuzenduriko jostun taldeak bi urte hauetan egindako alimaleko lanaren erakusgarri.
Herriko Etxetik pilota-plazaraino kaskarot martxaren aireaz dantzatuz joan ginen. Pilota-plazara iristean, harmailak jendez mukuru ikusi genituen eta poz horrek indar berriak eman zizkigun aitzina egiteko. Pilota-plazan itzuli bat egin genuen kaskarot martxaren doinuaz dantzatuz. Epai-mahaia frontisaren azpian jarririk zegoen, eta haren gibelean zegoen oholtzan musikariak, hogei bat osora, kokatu ziren. Frontisa euskal ikurrin erraldoi batez estalirik zegoen eta epai-mahaiaren aurrealdea Euskal Herriko zazpi lurraldeen ikurrez apainduta. Publikoa zutik eta txaloka. Zintzarrotsari hasiera emateko momentua zen.
5.- Zintzarrotsaren egitura eta beste kontu zenbait.-
Urruñak eskaini zuen zintzarrotsa edo toberak lau gertaldi zituen, horrelakoetan ohikoa izaten den bezala. Lehen gertaldian Lapurdi osoa, Baionatik Biriaturaino, harrotu eta hondatu behar duen Abiadura Haundiko Treinaren afera aipatu zen. Bigarrenean euskarak Urruñan jasan duen bazterketa ofiziala eta ondorioz izan duen gibelatzea. Honekin batera, Iparraldeak behar duen egitura berezia edo autonomia ere aipatu zelarik. Hirugarren gertaldian Urruñan izan diren zenbait kontu aipatu ziren: Santa Flor edo Florenia izeneko lili-parkea kudeatzeko garatu zuten udal proiektuaren porrota, barazki kontserbak egin behar zituen Conserveur 21 enpresaren eskrokeria edo iruzurra, herriko plazaren etengabeko eraberritzea, Berttoli elkartea sortu zelarik ipini zizkioten trabak eta eragozpenak, eta bukatzeko herrian gaztetxe bat atzemateko bertako gazteek egin saiakerak eta abenturak. Laugarren gertaldian jaun jujeak hartutako deliberoen berri eman zuen:
1.- AHT-rik ez, alternatiba treinbide zaharraren zabaltzea delarik, Lapurdiko gizarte zabalak, behin eta berriz, galdatu duen bezala.
2.- Proiektu salbatzaile eta iruzurgilerik ez.
3.- Euskara ofiziala izan dadila Urruñan eta Iparralde osoan. Iparralderako egitura administratibo berezia.
4.- Berttoli elkarteak bere kultur ekintzak antolatzen jarrai dezala.
5.- Gaztetxea egin dadila.
Aktoreek ahal izan zuten guztia eman zuten, batzuetan ongi, besteetan ez horren ongi, baina beti umore handiaz eta bihotz-bihotzez zintzarrotsari eta publikoari emanak. Hor ibili ziren Jaun Jujea bere soineko gorriaz, beltzez jantziriko Jaun Abokata, bandera frantsesaren koloreez apainduriko xingola handia zeraman Jaun Usier gaiztotxo eta kokina, euskal kapeluaz jantziriko Ttotte Mendigaine jaun laboraria, biletak ezker-eskuin banatzen zebilen Sakelbero jaun bankiera, Fifin herritar andere zuhurra eta euskaltzalea, takoin handiak oinetan eta frantses ederra ezpainetan zerabilzkien Ukatzaile Anderea, Jaun Frantximanta, Larregorri jauna, begitartea mantelina beltzaz estaltzen zuen Marikutzu amatxi zahar eta kontakatilua, begilagun beltz handiez aurpegia estaltzen zuen Lekuko Anonimoa, gaztetxea eskatzen zuen minigonaz jantziriko Andere Gazte pinpirina… eta baita etengabeko kalapitetan aritzen ziren jendarmak eta zirtzil basa eta bihurriak ere. Azken horien arteko kalapitek barre handiak sortarazi zituzten publikoaren artean.
Jaun Usiearen eta Jaun Jujearen arteko iskanbilak eta liskarrak etengabe errepikatu ziren lau gertaldietan zehar, eta bukaera aldean, azken delibero gisa, Jaun Jujeak usiera kalitzea agindu zuen, eta zaindariek ezpataz hil zuten, tobera guztietan, modu batean edo bestean, egiten den bezalaxe.
Aipatzekoak dira, nola ez, gertaldien artean izan ziren kantu, bertso eta dantza gogoangarriak. Oholtzara igo zen beltzez jantzitako abeslari multzo handi batek honako kantuak abestu zituen: Xalbardiren fandango kantatua, Eltzegor taldeak Herri Urratserako egin zuen abesti ederra eta F. San Josek eta Joxemari Ostolazak egin Ai Santa Flor alai eta salatzailea. Dantzak izugarri ederrak izan ziren eta dantzariak gogotik aritu ziren sekulako besta koloretsua sortuz. Lehen gertaldian Patrick Larraldek egin Urruñarrak dantza-jauzia, Ahurtiko makil-dantza eta Xalbardinen fandango kantatua. Hirugarren gertaldiaren amaieran Freed Iturrik egin Jone kadrila dantzatu genuen eta ondoren egile urruñar beraren Jone mazurka dotorea. Bertsolariak Sustrai Colina eta Odei Barroso urruñar ospetsuak izan ziren, hiru alditan saio bikainak eskainiz aritu zirenak. Publikoaren arreta, miresmena eta ongi merezitako txaloaldi beroak jaso zituzten.
Jaun Usiera kalitu zutelarik, zaldizkoak, berriz ere, pilota-plazara sartu ziren eta parte hartutako guztiok pilota-plazari itzulia eman genion kabalkada eginez eta kaskarot martxaren aireaz dantzatuz. Jaun Usiera orgatila batean zeramaten eta ustekabean berpizten hasi zen bi eskuez txalotzen zuen publikoa agurtuz. Usieraren arrapiztea tobera guztietako kontua da, eta hurrengo tobera bati zabaltzen omen dio bidea. Itzulia egin ondoren, denok oholtzaren aitzinean bildu ginen. Momentu horretan musikariak Jakes Etxeberriaren himno solemne eta ederra jotzen hasi ziren. Zelin Duperou arduradunak, kaskarotaz jantzirik, zintzarrotsaren bandera eman zion neskatxa gazte bati, denon gogoan dagoen transmisioaren itxaropena azaldu nahian. Hori bukatutakoan, Xerar Urrutiak eskerrak eman zituen eta publikoak txaloaldi luze batez eskertu zuen. Gero, denok, publikoak barne, Ttipi urruñarrak XIX. mendean egin bertsoak (Dama gazte xarmant bat) abestu genituen. Huraxe izan zen amaiera.
Ekainaren 7ko gau hura magikoa izan zen urruñarrentzat. Gero pilota-plazako gibeleko izkinan ezarritako kantinan aritu ginen denok afaltzen, edaten eta kantatzen oso berandu arte.
6.- Amaiera gisa.-
Ekainaren 15an, eguzkia Urruñara itzuli zen eta berarekin batera, gure kabalkada-zintzarrotsaren bigarren emanaldia ere. Publikoak harmailak bete zituen eta txalo handiz eskertu zuen gure lana. Beste herrietatik etorritakoak joatean, bertan urruñarrak gelditu ginen, pozik, alegerak, denok euskal kantuaren inguruan goxo bildurik. Urruñak bere zintzarrotsa emana zuen eta urruñarren artean lagunarte eta herri giro ezin hobea sortu da. Zer gehiago eska daiteke? Eta ikusgarri hau elkarrekin egin dugun azken ekitaldia izanen ez delakoan gaude. Zaharrak eta gazteak, emazteak eta gizonak…. ber abenturan, elkarrekin, lan egiteko gauza garela erakutsi dugu. Horixe da Urruñan sentitzen duguna, eta jakin badakigu, horrela jarraitzekotan, fruitu berriak etorriko direla.
Bai, urruñarrok kabalkada-zintzarrotsaren kari, lan eta jolas egin dugu elkarrekin; tripulazio edo eskifai baten antzera funtzionatu dugu abentura kolektibo luze eta emankor honetan.
Bihoazkie, modu batean edo bestean, ikusgarri eder honetan parte hartu duten guzti-guztiei, nire adiskidetasun eta agur beroa. Ez ditut ahantzi nahi abentura horretan kapitain ibili diren Zelin Duperou eta Xerar Urrutia, beraiei esker, urruñarrez osatutako tripulazioak eraman ahal izan baitu kabalkada-zintzarrotsa izeneko itsasontzia portu onera. Nire esker eta sentimendu onena bientzat.
Eta kronika moduko artikulu hau bukatzeko, zer egokiago kabalkada-zintzarrotsari amaiera emateko kantatu genituen Urruñako Ttipiren bertsoak baino. Horra hor:
Dama gazte xarmant bat jiten zaut bixtara,
iduritzen baitzeraut zeruko izarra.
Ama batek hazteko, hori zerbait bada,
gure salbatzaileak kontserba dezala!
Trala tralara tralara, kontserba dezala!
Gau on gizon gaztea, konpañiarekin,
gostu du egoitiak ixtant bat zurekin.
Badakizu mintzatzen errespetuarekin,
Jainkoak har zitzala hil-ondoan berekin!
Trala tralara tralara, hil-ondoan berekin!
Ene maite pollita non ote den bizi,
bazinakikeia zuk haren zerbait berri?
Aspaldi ikustera joan nahia beti...
errozu ene partez, milaka goraintzi.
Trala tralara tralara, milaka goraintzi.
Ez zinukeia hobe zuhaurrek joaitea,
nitaz igorri gabe komisionea?
Samurturen ote den ez zaitela fida;
zato enekin eta, biak joanen gira.
Trala tralara tralara, biak joanen gira.
Jin ere banindaite zurekin gogotik,
ez banu bihotzian deus arrangurarik,
kanbiatu dela norbaitek erranik,
hortako ez naiz joaiten, deus ez dut bertzerik.
Trala tralara tralara, deus ez dut bertzerik.
Zato enekin eta errozu berari,
leheneko hitzetan dagoenez beti?
Disimulatzen badu, utzazu laburzki,
ni hemen izanen naiz zure zerbitzari.
Trala tralara trala, zure zerbitzari.
Dokumentuaren akzioak