Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urruña Gaua karrikaldia, euskal nortasunaren adierazle

Dokumentuaren akzioak

Urruña Gaua karrikaldia, euskal nortasunaren adierazle

Abuztuaren 26an Urruñan iragan zen karrikaldia gogora ekarri du idazleak. Ekimenaren zentzua azaltzeaz gain, ikusgarriaren pertsonaiak, elementuak baita elkarrizketa bat plazaratu du Aurkenerenak.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
naiz
Mota
Iritzia
Data
2017/09/05
Lotura
naiz

Urruña luzaz lozorroan izan bada ere, azken hamarkadetan urrats handiak egin ditu euskaltasuna pizturik iraunarazteko. Erdal haizeen eta boterearen aurka borrokatuz gauza ainitz egin dute.  Euskal kultura zabaltzeko Berttoli eta Hazia elkarteak sortu,  politika mailan abertzaleak bildu eta Herritarrak hautagaitza antolatu eta zabaldu eta azkenik, ikastola bizi-bizia sortu, gaur gaztetxoz lepo dagoena. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko mugimendu indartsu honek jadanik bere fruituak eman ditu euskalgintzan: hileroko mutxikoak, kantaldiak, kontzertuak, haurrendako ekitaldiak, antzerki emanaldiak…, eta 2014an arrakasta handiz jokatu zuten kabalkada-zintzarrotsa. 

    Kabalkada-zintzarrotsa  ---tobera ere deitua---  sekulako indar erakustaldia izan zen; osora, berrehun bat herritarrek, modu batean edo bestean, parte hartu zutelarik. Honen oihartzuna zabala izan zen bai Urruñan eta bai auzo herrietan. Orduz geroztik, horrelako ekitaldirekin jarraitzeko sua pizturik atxiki dute. Hori dela eta, 2016ko udan, kabalkadaren antolakuntzan aritu ziren hainbat herritar bildu ziren eta karrikaldi mitologiko bat egitea zuten deliberatu. Abenduaren erdi aldean, Posta etxean izan zen bilkura baterako deialdi publikoa egin zuten eta jende ainitz hurbildu zen. Bilkura horretan proiektu berriaren nondik norakoak eta euskal mitologiaren oinarrizko ezagupenak azaldu zitzaizkien. Bukatzeko parte hartzeko deia egin zieten.

Herritar frankok izena eman zuten eta pittaka-pittaka, egitasmoa aitzina eramateko beharrezkoa ziren batzordeak antolatu zituzten: Dantza batzordea Zelin Duperouren zuzendaritzapean,  Koxe Mari Ostolaza Xalbardin-ek zuzenduriko kantu batzordea eta jantzi eta irudien tailerra Patxi Adurriagaren ardurapean. Koordinatzaile gisa: Xerar Urrutia eta Zelin Duperou. Osora 150 herritar inguru. Berttoli eta Iparra-Hegoaelkarteek karrikaldiaren antolamendua eta finantziazioa haien gain hartu zuten. 

    Baina, zer da karrikaldia? Karrikaldia, bere izenak dioen bezala, karrikaz karrika kantatzen eta dantzatzen gauzatzen den ikusgarria da. Ikusgarri hau biziki ezaguna dugu Iparralde osoan. Zenbait tokitan kabalkada deitzen diote. Urruñan ez zuten izen hori erabili jendeak toberarekin nahas ez zezan, ez baitzen horrelakorik. Lehen aipatu bezala, karrikaldian herritarrek parte hartzen dute eta normalean istorio bat edo kontakizun bat azaltzen dute bertan. Urruñarrek euskara eta euskal erroak atxiki nahi zituztenez gero, euskal mitologian oinarrituriko karrikaldia egitea erabaki zuten. 

    Agorrilaren 26an, arratseko 9etan, karrikaldian parte hartzen zuten herritarrak Herriko Etxetik gertu den Berttoli elkartetik abiatu ziren eta Arotzenia ostatura jaitsi. Ordurako herriko plaza eta bertan diren ostatuak jendez beterik zeuden.  Arotzenia ostatuaren parean bildu ondoren, musikariak kabalkada-zintzarrotsako mazurka ederra jotzen hasi ziren. Huraxe zen karrikaldiari hasiera emateko espero zuten seinalea. 

Karrikaldian, honako moduan atera ziren pertsonaiak: Buruan lau zaldizko, makilariak eta banderariak. Ondoren herritarrak, Urruñako lanbideen adierazgarri. Hauen segidan Tartalo, Akerbeltz, Behigorri eta Marro irudikatzen zituzten buruhandi ederrak,  Kuxkuxtu txarangako musikariak eta kantariak ondoren. Hauek pasatu orduko su errituala zeramaten jentil talde handia. Hauek Txipiroi izeneko pertsonaia zeramaten preso. Pertsonaia hau De Lancre zen, 1609an Lapurdi odoletan blaitu zuen epaile-hiltzailea 

Aitzinekoen pausoei jarraituz, euskal kosmogoniaren lau elementuak irudikatzen zituzten lau zigante edo erraldoiak: Lur, Ur, Su eta Aide. Gibeletik zakil kapeluz jantziriko sorgin tropa handia, eta hauen atzetik, Akerbeltz, Ihiztari Beltza, lau lamin, Basajaun eta Basandere, Sugaar, Inguma, Hodei, Martinttiki eta Gaueko. Adar-joleak hauen guztien segidan, eta gibeletik Urruñako Hartz hiruadarduna. Ondoren zirtzil mordoa era guztietako pitokeriak eginez. Eta bukatzeko Mari jainkosa handiaren behi-orga, kolore guztietako liliekin apaindurik. Eskuan zeruak idekitzeko eta ortzantzak sortzeko erabiltzen duen igitaia zeraman. Berarekin batera, organ ezker-eskuin, ama-lurraren bi alabak, Iduzki eta Ilargi zihoazen.

Plazara iristean, lehen geldialdia egin zuten hainbat dantza eta kantu eskainiz.  Bigarren geldialdia Saint Vincent eskolaren aitzinean egin zuten, eta hortik, pilota-plazaren gibeletik, berriz plaza aldera. Txalapartariek ttakunaren doinuaz eta suaren argitasunaz ongi etorria eman zieten. Orduan behi-organ zihoan Mari jainkosa handiak hitza hartu zuen, eta jentil buruarekin elkarrizketa moduko bat izan zuen. Horra hor:




Mari
Urte zaharrak joan dira
eta berriak etorri,
euskaldunen indarra
ahultzen zaigu ari.

Larrunen ta Sokorrin,
Aiako Harri zaharrean,
bizi ziren jentilak
Bidasoaren ertzetan.

Laminek galdu dute
urrezko orrazia,
sorginek ahantzi dute
Ortziren irrintzia.

Gure mintzaira zaharra,
Marik eman euskara,
ainitzek ahantzi dute,
hau da gure akabera!

Iluna emeki doa,
heldu da egun berria,
ta euskaldun jentilentzat
gure ongi-etorria.

Berriz piztu dezagun
euskal sinesmen zaharra!
Mari izan dadila
bide-egile suharra!

Jentil-burua
Nun da garai bateko mendietako Mari?
Nun da garai bateko jentilen Euskal Herri?

                                         Mari
Gure eskuan daukagu askatzeko giltza,
laster izanen baita euskaldunen garaitza.

    Eta orduan Marik eskuan zeraman igitaiarekin zeruak ireki zituen euria eta ortzantzak sortzeko. Horretarako honako azti-hitzak erran zituelarik:

ARRIO ETA BELIO!
URRUÑAKO ETA LARRUNGO!
IZKUTUAN DENARI
BEGIA USTEL BEKIO!

Ondoren su-meta piztu zuten. Su erritualaren inguruan dantzaz eta kantuz osatutako ekitaldia eman zuten: Makil-dantza, Ekialde, eta Soka-dantza. Kantuei dagokienez honako hauek: Haize hegoa, Baga biga higa, Gorbeiako larran eta Itzaltzuko koblakariarena. Hauek amaitzean denendako mutxikoak eman zituzten. Plaza betetzen zuen jendea, dantza-jauzien biribiletan sartu eta oren oso batez hor aritu ziren jo ta ke dantzan, etengabeko biribil kontzentrikoak eginez. Plazako ekitaldia bukatu orduko, Berttoli elkartera abiatu zen jendea. Parte hartzaileak arropaz aldatzera eta gainerakoak taloak jatera edota zintzurra bustitzera. Hori izan zen, gaueko 4,30ak arte iraun zuen kantuz eta solasez beteriko gau-pasa ederraren hastapena.

Karrikaldi hau biziki arrakastatsua izan da, urruñarren artean oroitzapen ederra utzi duena; eta garrantzitsuena, ekitaldi berriak egiteko bihotzak piztu dituena. Bi urtetan behin egiteko asmoa dute, eta ahal dutelarik, bigarren kabalkada-zintzarrotsa bat ere. Dudarik gabe erran dezakegu urruñarren kemenak urrats berriak ekarriko dituela euskalgintzaren bidean, hazia lur emankorretan erein baitute.

Dokumentuaren akzioak