Dokumentuaren akzioak
Urrezko inauteriak Lantzen
Urre koloreko ospakizuna egin dute aurten Lantzen (Nafarroa). Izan ere, 50 urte dira inauterietan Miel Otxin, Ziripot, txatxoak, Zaldiko eta arotzak kaleratzen direla. Antzinako tradizioa bada ere, 1936ko gerrak isildutakoa, 1964. urtean berreskuratu zuten, Pio eta Julio Caro Baroja anaien dokumentalerako inauteria birsortu zutenean. Urrezko inauteriak izan dira aurten, urrea bezala —edo, urrea ez bada, zernahi altxor gisa— gordetzen eta zaintzen duten tradizioa berreskuratu eta 50 urtera.
Atzo inauterietako egun handia izan zen Lantzen. Euria bota zuen, baina, hala ere, jendetza bildu zen herriko ostatuaren inguruan. Goizean eguzkia atera bazen ere, pertsonaiak kalera atera aurretik ezkutatu zen hodeien artean, euriari bide emateko. Eta euriarekin batera, bat-batean, arotzak agertu ziren urrats mantsoz, lan tresnak eskuan, ingurukoak izutuz eta jendea harrapatuz. Ezustean harrapatu zituzten gehienak, ostatutik ez, pareko etxetik atera baitziren.
Lehenbiziko oihuak eta haurren negarrak aditu ziren orduan. Txatxoen irrintzi, joare eta zintzarrien doinua agertu zen gero. Eta orduan Zaldiko, Ziripot eta Miel Otxin; baita Mintxo Garaikoetxea txistularia eta Mintxo Salaberri atabalaria ere. Inauteri ibaia zen: «Gu erreka batean ura bezala joaten gara; txatxoak beti daude bidea irekitzeko», esan zuen Garaikoetxeak.
Txistuaren doinuak lagundurik herriari bira eman zioten, ingurukoak beldurtzen eta joz. Garaikoetxeak behin eta berriro jo zuen balsa, Miel Otxin alde batera eta bestera mugiarazten zuen melodia. «Agian trantzeak bezala izango da, gauzak errepikatzen eta errepikatzen hasi eta trantzean sartzen zarela», zioen txistulariak brometan.
Ibai koloretsuan barrena, arotzek Zaldiko hartu eta ferratu egiten zuten. Ez soilik Zaldiko, baita inguruan begira ziren batzuk ere. Oihu artean hartu zuten neskatila bat, eta hari ere ferrak paratu. Txatxoak, berriz, alde batetik bestera korrika, gora eta behera, nekaezin, kalejirari bidea irekiz. Atzean zituzten Ziripot eta Miel Otxin. Motel eta urrats baldarrez lehenbizikoa; dantzan bigarrena. Ziripot behin eta berriro bulkatu eta bota zuten lurrera.
Ostatuan prestaketa
Inauterietako hondarreko eguna izanagatik ere, Lantzeko gazteek bazuten kemenik egunari aurre egiteko. Joseba Ariztegik metatuko zuen neke gehien seguruenik. Izan ere, bera da Ziripot pertsonaiaren rola jokatzen duen mutikoa. Inauteria hasi aurretik, ganbarara igo, eta janzten lagundu zioten lagunek, hamaika bisitariren eta haien sakelako zein argazki kameren begiradapean. Ariztegiri ez zitzaion ezeroso antzematen, nahiz eta «arrunt lotsatia» dela aitortu. «Gaizki pasatzen dut, baina azkenean pertsonaian sartzen naiz, eta tira. Ez zaizkit asko gustatzen foku eta kamerak, baina pasatu behar da; hori da ordaindu beharreko prezioa», zioen lurrean etzanda.
Ariztegik denbora dezente darama Ziripoten rola jokatzen. Txikitan hasi zen inauterian parte hartzen, eta, dagoeneko, hamar-hamaika urte igaro dira zaku artean sartu zenetik. Nekaturik zegoen galdeturik, ezetz zioen, eta eguna bukatzean parranda pixka bat egiteko gogoz ere bazegoen. «Astuna» da Ziripot izatea, baina «aise hartzen da».
Solasean ari zela, Luis Mariñelarena zuen hanketako zakuak gorputzekoari lotzen. Ziripoti lagundu ondoren, zaldikoa jantzi zuen. Ganbaran, lagun, baina ostatuko atea zeharkatu bezain pronto ahantzi zuten haien arteko harremana, Zaldikoren helburua baita Ziripot lurrera botatzea.
Mariñelarena ere txikitan hasi zen inauterian parte hartzen, 8 urterekin. Kanpoan ikasten emandako urteetan baizik ez du huts egin. Esteban Zigak eman zion Zaldiko izateko lekukoa, eta atsegin handiz onartu zuen hark. Gaia atera, eta segituan etorri zitzaizkion gogora iraganeko istorioak. «[Esteban] Ziga txatxoz mozorrotzen zen, eta kalejiran zehar noizbehinka niregana hurbiltzen zen nolako trikimailuak egin behar nituen esateko, batez ere ferratzaileen aurrean ibiltzeko, haiek zirikatzeko eta», kontatu zuen.
Batasunaren zortzikoa
Kalejira eta dantza garrantzitsuak dira Lantzeko inauterietan, baina bada helburu nagusi bat: denak elkartzea. Mariñelarenak hori nabarmendu du, adin guztietako herritarrak elkartzeko gaitasuna: «Besta hau ospatzea eta segitzea elkartzen gaituen zerbait da, berdin sentitzen dugu eta».
Hasiera-hasieratik izan da herritarrak biltzeko tresna inauteria. 1936ko gerraren ondoren, debekatu egin zen, eta, ondorioz, galdu. Jakina da Julio eta Pio Caro Baroja anaien lanari esker bizi direla egun inauteriak Lantzen. Navarra cuatro estaciones (Nafarroa lau urtarotan) dokumentalean bildu nahi zuten ohitura hura. Grabatzeko baimena eskuratuta, Caro Barojatarrek inauteria birsortu zuten herriko kaleetan. Baina, horretarako, ezinbesteko izan ziren adinez nagusienen oroitzapenak eta, era berean, gazteen gogo eta ekimena. Herritarren batasunak ireki zion atea 50 urteko ibilbideari.
Batasun horren adibiderik argienak dira inauterietako gosariak, bazkariak zein afariak. Atzo, hondarreko eguna izaki, ez zen jende anitz ostatuan hamaiketakoa hartzen. Mariñelarenaren arabera, gazteek nahiago zuten lotan gelditu eta geroago agertu. Han zirenek bapo jan zuten, eta, ondoren, eguneko lehenbiziko zortzikoa dantzatu. Txistulariak eta dantzariak buruz buru, norgehiagoka, ea zeinek gehiago iraun. Batzuk dantzaren erdian sartu ziren; hasieratik zebiltzan gazteen kopetetan izerdiak dir-dir egiten zuen. Aurreko eguneko parrandak ere izanen zuen zerikusirik horretan. Hamabost minuturen buruan gelditu zen musika.
Orotara, lau bider egin zuten zortzikoa. Bigarrena kalejira burutzean dantzatu zuten plazan. Euria ez zen oztopo, eta Miel Otxin inguratu zuten txatxoek eta Zaldikok oinak astinduz. Arratsaldean berriz ere errepikatu zuten goizekoa: jan eta edan, zortzikoa, jantzi, kalejira eta zortzikoa plazan. Iluntzean, Miel Otxin erre zuten, aurtengo inauteriak errauts bihurtu ziren.
Unanu. Mamoxarroak Unanuko (Nafarroa) kaleetan ibili ziren atzo arratsaldean. Metalezko maskara aurpegian eta koloretako zapia lepoan, hainbat herritar jarri zituzten belauniko. Kopetean egindako gurutzearen truke, herritarrek muxu eman behar izan zieten belaunean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Altsasu. Beldurra da Altsasuko (Nafarroa) inauterien osagai nagusietakoa. Atzokoan ere hala izan zen. Momotxorroen marruak entzun ahal izan ziren. Jendea egurrezko sardearekin zirikatuz aritu ziren, eta baten bat beldurtu egin zen haien paparreko izara odolez zikinduta ikusi zuenean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Uztaritze. Asteartea da inauterietako egun handia Uztaritzen (Lapurdi). Aurtengoan ere gogotik ospatu dute egun seinalatu hori. Zirtzilek plaza hartu zuten arratsaldean, eta ondoren egin zen Zanpantzarren Auzia, dantzak, suak eta kantuak giroturiko ikuskizuna. / SYLVAIN SENCRISTO
Txatxuak eta Zaldiko herriko plazan zortzikoa dantzatzen, eguerdian, goizeko kalejira burututa. / JAVIER TUBIA
Arotzak urrats mantsoz ibili ziren ingurukoak beldurtzen eta Zaldiko zein ikusleak ferratzen. / JAVIER TUBIA
Dokumentuaren akzioak