Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urrezko garaiak gogoan

Dokumentuaren akzioak

Urrezko garaiak gogoan

Elai-Alaik 75 urte

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2001/06/30

Orain dela 75 urte Segundo Olaetak bere ametsa egia bihurtu zuen: Elai-Alai dantza taldea sortzea. Urtemuga hori ospatzeko, jaialdi bat antolatu dute gaurko bere seme-alabek. Bederatzietatik aurrera, Ballets Olaeta eta Baionako Erro bat dantza taldeen ikuskizunek, Donostiako Orkestra Sinfonikoak eta Miarritzeko Olaeta-Oldarra koralak bat egingo dute urtemuga ospakizunetan. Ondoren, herri-afaria izango da Gernikako Santanape frontoian.



Segundo Olaetak musikarako eta dantzarako bizi zen. 1919an Gernikako Udalak musika bandako eta musika akademiako zuzendari izendatu zuenean, sekulako poza hartu zuen. Eta emaitzak berehala etorri ziren. Langile fina, 1926an lehen euskal talde koreografikoa sortu zuen Olaetak: Elai Alai. Baina, batez ere, euskal ohitura eta istoriekiko zuen lilura bere obretan islatzeko dohaina erakutsi zuen Gernikakoak, eta ordura arte pentsaezinak ziren teknikak erabiltzen hasi ere. Konpainiako haurrei jokoen bitartez irakasten zien dantzan egiten, obretan dantzariek bezainbesteko garrantzia zuen musika bandak... Alegia, gai herrikoiei uko egin gabe ikuskizunetan gauza berriak egitea posible zela frogatu zuen Olaetak.



Elai Alaiko gaztetxoen aurrerapenak ez ziren oharkabean igaro, konpainia sortu eta berehala Euskal Herri osoan zehar dantzaldiak eskaintzen hasi baitziren. Horrekin batera, hurrengo urteetan hain ospetsu bihurtuko ziren koreografiak lantzeari ekin zion Olaetak: Meza osteko jaia, Jaun zuriaren zin egitea, Agate deuna... Bere ahalegina saritzeko asmoz, Jose Antonio Agirre buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzak euskal musika eta dantza eskolen zuzendari izendatu zuen Olaeta. Pertsona bakarrarentzat lan handiegia zela eta, zortzi monitoreren laguntza izan zuen Gernikakoak.



Urte zoriontsuak izan ziren haiek Olaetatarrentzat, Espainiako guda zibilaren erruz eten ziren arte.

Erbesteko urteak

Hainbeste neke eta izerdi kostatakoa bertan behera uzteko prest ez zegoen Segundo Olaeta, eta konpainiako umeak hartuta Frantziara ihes egin zuen. Bertan dantzaldiekin jarraitu zuten, eta Parisko antzokirik garrantzitsuenak bisitatu zituzten, hala nola Palais du Chaillot, Wagran eta Pleyel aretoak, Nazioarteko Dantzen Artxiboa... Sasoi berean Elai-Alai film laburra grabatu zuten, eta 1940an Cannesen saritua izan zen. Gerraostean, taldea Euskal Herrira itzuli zen, baina Olaeta Iparraldean geratu zen, eta Miarritzeko Ballet Olaeta (gaur egungo Ballet Oldarra) taldea eratu zuen. Etxera bueltan, 1950ean seme-alaben laguntzarekin Ballets Olaeta eratu zuen Bilbon. Bere ametsa beterik, 1971n hil zen Olaeta.



POLEMIKA



Elai-Alairen urteurrena Elai-Alai gabe ospatuko dela dio taldeak

Olaetatarrek Ballets Olaeta konpainia sortu bazuten ere, Elai-Alai ez zen desagertu. Izan ere, Gernikako herritarrek beren gain hartu zuten dantza taldea aurrera eramateko ardura. Orain erabat mindurik daude, beren urteurrenean parte hartzea eragotzi dietelako. Gainera, urteurrena 2002an beteko dela azaldu dute, 77an ospatu baitzen Elai-Alai eratu zeneko 50. urtemuga. Gernikako taldeak datorren urterako hainbat ekitaldi prestaturik zituen, harik eta Olaeta familiaren asmoen berri izan zuten arte. Elai-Alai Udalarekin zein familiarekin negoziatzen saiatu zen, baina arrakastarik gabe.



Segundo Olaetaren ondorengoek Elai-Alaikoek beren aitak sorturiko taldearen izena ostu eta erabili egin dutela diote. Gernikako dantzari taldeko kideek, berriz, Segundo Olaetak egindakoari meriturik ez diotela kendu nahi argi eta garbi adierazi dute, baina familia Elai-Alai herriarena dela ulertzen hasteko garaia dela diote.

Dokumentuaren akzioak