Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urrezko euskal jaia

Dokumentuaren akzioak

Urrezko euskal jaia

1936ko gerraren ostean, Debako Euskal Jaiak Euskal Herri osoko euskaltzaleak bildu zituen, 1964an. Jai hartatik 50 urte bete direnez, orduko dantza alardea irudikatuko dute gaur.
Egilea
Ainara Arratibel Gascon
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/09/27
Lotura
Berria

Kaleak euskaltzalez gainezka izan ziren. Euskal nortasuna, kultura eta izaera aldarrikatu nahian, Plaza Zaharra zein Berria jendez lepo bete ziren. Eta denetan gozagarriena, hizkuntza bera». Deban (Gipuzkoa) egindako lehen Euskal Jaiaren 50. urteurrenaren karietara egindako liburuan hala deskribatzen da 1964ko maiatzaren 17an bizi izandakoa. Egun, jaia ez da maiatzean egiten, irailean baizik—maiatzean Debarren Eguna egiten da—. Euskararen eta euskal kulturaren egoera ere ez da lehengo bera. Baina jaiaren izpirituari eusten diote, are gehiago jaiak urrezko ezteiak bete dituen honetan. Hala, gaur 1964 hartara itzuliko dira, kaleetan euskara eta euskal kultura aldarrikatzeko.

Frankismoko urterik beltzenetan murgilduta zegoen orduan Euskal Herria. Baina, aldi berean, herri askotan baziren gazte taldeak euskal nortasuna eta kultura sustatzeko lanean. Euskal Jaien sortzaileak izan ziren talde haiek. Deban ere bazegoen halako talde bat. «1964koa baino lehen ere egin zen Euskal Jaiaren antzeko ospakizunen bat, baina herrikoa», azaldu du Amaia Zinkunegik, Debako Euskara teknikariak. Baina 1963an harago joatea bururatu zitzaien, eta Euskal Herriko jai bat egitea erabaki zuten. Hori egiteko asmoz, Oargui kultur elkartea sortu zuten. «Elizarekin zerikusia zuen elkarte baten moduan sortu zen». Urtebete eman zuten Euskal Herrian barrena asmoaren berri emanez eta jaian parte hartuko zuten euskaltzaleak gonbidatuz. «Ikaragarrizko lana egin zuten», dio Debako alkate Maider Zubikaraik.

Ahaleginak fruitua eman zuen 1964ko maiatzaren 17 hartan. Goizeko lehen ordutik, kaleak bete zituzten baserritarrez jantzitako euskaltzaleek, eta egun osoko festaz gozatu ahal izan zuten: bertsolariak, trikitilariak, laurehundik gora dantzariz osatutako alardea... «Euskal Herri osotik etorri zen jendea. Ikaragarria izan zen». Herri bazkaria ere egin zuten frontoian. Baina ez zegoen guztientzako lekurik, eta debar askok etxean hartu zituzten bisitariak eta dantza taldeetako kideak.

Are arrakastatsuagoa izan zen, haatik, 1965ekoa. «Lehenengo aldian baino bost aldiz jende gehiago etorri zen Debara. 50.000 lagun inguru bildu ziren». Dena den, artean hasiak ziren desadostasunak abertzaleen artean, eta alderdi guztiek ez zuten babestu jaia.

Kolperik gogorrena, dena den, hurrengo urtean iritsi zen: 1966an. Baserritar jantziak lisatuak eta prest zituzten jairako. Baina, bezperan, debekatua zegoela jakinarazi zien gobernadore zibilak, eta antolatzaileetako batzuk Guardia Zibilaren kuartelera eraman zituzten deklaratzera. Debako kaleak, euskaltzalez bainoago, guardia zibilez bete ziren. Dena den, euskaltzaleak ez ziren geldirik geratu.«Festa ez zen ospatu, baina Markinan, Lekeition, Ondarroan eta Eibarren bildu ziren Debara zetozen euskaltzaleak, eta protestak egin zituzten».

1998an berriro

Debeku hark 33 urteko etena ekarri zuen. Izan ere, nahiz eta gazteen elkarteak Euskal Kulturaren Astea antolatu eta azken egunean jai moduko bat egin, ez zuen eduki jarraipenik. 1998an, Zuhaitz euskara elkarteak berriro berreskuratu zuen jaia, garaietara moldatuz baina sustraiak mantenduz.Urte hauetan jarraipena izan du, eta gaur, lehen jai hartatik 50 urte bete diren honetan, orduan dantza egiten aritu ziren taldeak gonbidatu dituzte alardera. «Zerbait berezia egin nahi izan dugu, eta orduko antolatzaile eta dantza taldeak omendu».

Zinkunegiren eta Zubikarairen arabera, jaiak badu etorkizuna. Hala mintzatu da horretaz Zinkunegi: «Akaso aldaketak eginez. Izan ere, euskara ez da gauza bat: gu gara euskaraz egiten dugunak, pertsonak, eta gizartean gertatzen diren gauzek eragin egiten digute. Horrek Euskal Jaia ulertzeko eta adierazteko moduan du eragina. Hala izatea sanoa da, gainera, XXI. mendeko seme-alabak garelako; eta, beraz, garai honetako euskaldunak izan nahi dugu».

Dantza taldeak dira Debako Euskal Jaiko protagonistak. Dantza taldeak dira Debako Euskal Jaiko protagonistak. IZARO AULESTIA

Dokumentuaren akzioak