Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urratsak interpretatzen

Dokumentuaren akzioak

Urratsak interpretatzen

‘Danza Vasca. Aproximación a los símbolos’ liburua egin du Juan Antonio Urbeltzek, euskal dantzen esanahiari buruz

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/01/15

Dantza ikuskizuna baino gehiago zen garaietara egin du jauzi Juan Antonio Urbeltzek (Iruñea, 1940) Danza Vasca. Aproximación a los símbolos liburuan; dantzaren jatorrira, haren metaforara. Hori, errepresentazioen esanahia ulertu eta «sormenari atea irekitzeko» egin du, Urbeltzen ustez nekez sor baitaiteke euskal dantzaren baitan haren sinbologia ulertu gabe. Gainera, beharrezkoa dela deritzo; «tradizioaren berrikuspen kritikoa egin behar da berori berritzeko eta iraunarazteko».



«Liburu asko daude liburu berean», dio Urbeltzek, dantzaren jatorriaren, inauterien, solstizio jaien, dantza eta gizartearen, musika eta musika-tresnen eta Argia dantza taldearen gainean ari baita bere azken lanean. Argia dantza taldearen zuzendariak urte askoan euskal dantza tradizionalei buruz egin dituen ikerketa etnografiko eta antropologikoen emaitza da Etor-Ostoa argitaletxeak Euskal Herria emblemática sailean kaleratu duen lana.



Berrehundik gora orrialdeko liburu mardulean 600 argazki eta ilustrazio sartu ditu, «dantza errazago azaltzen eta ulertzen baita irudien bitartez».



Europako folklore neolitikoa



Liburuaren hasieran historiaurreko kobazuloetaraino «sartu» da Juan Antonio Urbeltz dantzaren errepresentazioen bila, baina neolitiko garaia da liburuaren tesi nagusiaren abiapuntua: «Zer gertatu zen duela 10.000 urte? Bada, Europan, Mesopotamia inguruan, gizakia abereak etxekotzen eta laborantza egiten hasi zela. Teknologia sortu zuen, eta horrek erritualak, sinismenak ekarri zituen. Europako gizarte osoan hedatu zen fenomenoa. Horregatik dugu oinarri bera Europako kultura desberdinek». Horrela dira hain antzekoak Errumaniako, Greziako eta Euskal Herriko dantza folklorikoak. Oinarri beretik abiatu arren, herrialde bakoitzak bere garapena izan zuen: «Baina arketipoak hor daude, eta edozein unetan ager daitezke».



Urbeltzen aburuz, inauterietako pertsonaiak dira arketipo horietako batzuk. «Zuhaitzak inausteko garaia esan nahi du inauteriak hitzak, eta uztaren etsai diren zomorroekin nekazariek zuten kezka agertzea zen jaiaren funtsa». Zomorroen izurriteak gosea, eta horrek gaixotasuna ekartzen zuen, «heriotza eta gizartearen hastura, azken buruan». Horregatik egiten zituzten neolitiko garaitik erreka eta aintzira inguruetan finkatu ziren nekazariek uretan sortzen ziren zomorro edo mozorroen haiek sorturiko gaixotasunen kontrako arao dantzak.



Euskal Herriko aratuste edo inauterietan janzten diren maskarek ere izen hori dute: mozorroak. Urbeltzek mozorro hori kendu die inauteriei, hots, errepresentazio hutsetik haratago ikertu du. Horrela ondorioztatu du Zuberoan eta Lantzen dantza egiten duten zamalzainek ez dutela zaldia sinbolizatzen; izurrite ikaragarriak sortzen zituen matxinsaltoa baizik. Halaber, joan den igandean Zuberoan hasi ziren maskaradetako gorriak eta beltzak pertsonaiak ez omen dira onak eta txarrak; «Txarrak eta okerragoak baizik. Izan ere, gorriak egoera gordinaren metafora dira, miseriarena, eta beltzak egoera horren ondotik datorren gizartearen kaosarena». Europa folklorearen antzeko adibide ugari daudela aztertu du.



Kezkak jai giroan



Nolabait, gizakiaren ahultasunaz ironizatzea zen kezka larriak ziren horiek jai giroan agertzeko arrazoia: «Izan ere, otsailean inauterietako dantzak egin arren, maiatza aldera-edo zomorro izurriteak izan ohi ziren askotan». Beraz, zomorroak desagertzeko beste errituala egiten zen ekainean: San Juan sua.



Ospakizun horietan egin ohi diren dantzei, haien esanahiari eta, besteak beste, mairu eta kristauen jaiko mairuaren irudiari buruzko interpretazioa egiten du Juan Antonio Urbeltzek liburuan: «Islamaren aurretiko mairuaren irudia agertzen da euskal folklorean. Mairu hori zomorroa, moskitoa da». Horrela azaltzen du Urbeltzek Lesakan errekaren bi alboetan dantzariek egiten duten su-dantzaren esanahia: garai batean leku hartan egoten ziren ihiak eta haietan bizi ziren zomorroak bidaltzea. Corpus Christi prozesioan lurrera botatzen diren belarrek esanahi bera omen dute; zomorroen ekosistemaren suntsipena iradokitzea. Ezpata-dantzen ezpatek ere moskitoen eztenak sinbolizatzen dituztela dio, ez gerrarako armak. «Kontrakoa uste izan den arren, gerra ez da izan folklore gaia. Erabiltzen diren armek nekazaritzarekin dute lotura». Gerra jaia ez delako gertatzen omen da hori.



Dantzen sinbologiarekin batera beren funtzio soziala ageri da Danza Vasca. Aproximación a los símbolos liburuan. «Zinta-dantza adibidez, bizitzaren alegoria da. Guztiok nola bizitzaren arbolari loturik gauden sinbolizatzen dute zintek». Soka-dantza, Soñu Zaharrak… norbanakoa gizartean integratzeko funtzioa betetzen zuten dantzak omen dira.



Metafora ulertu sormen lan berrietarako



XVIII. mendeaz geroztik, egoera sozio-ekonomiko onuragarrien eraginez, Europako gizartea baikorragoa bihurtu zela adierazi digu Urbeltzek. Ondorioz, ordura arteko dantza eta erritoen kezkak ezkutuan gelditu direlakoan dago: «Egun guztia arrazionalizatu egiten dugu, baina ia gehinetan ez dugu ulertzen dantzen benetako esanahia. Lehen ere ez zuten ulertzen, baina fedea zuten». Beraz, lehenik eta behin dantzaren metafora ongi ulertu beharra dagoela deritzo, gero handik abiaturik egungo gizarteari ekarpen berriak egiteko.



Dantzari zentzurik eman ezean jarduera estetiko soila, «oso kitsch-a», egiteko arriskua dagoela deritzo: «Laurogei urte daramagu nora ezean: dultzaina, gaita ez direla hemengoak, alboka arabiar jatorrikoa izanen dela ziurrenik, fandangoa eta jota ere kanpokoak direla… Erredukzionismo horrekin kultur tradizio aberatsa karikaturizatu egiten da, eta parodia bihurtu». Egoera hori hemen bizi omen dugu, Europan ez dela halakorik gertatzen. «Hori ongi birmoldatzeko, dantzaren munduan ari garenok bat etorri behar dugu, batek hartutako erabakiek besteari eragiten baitiote». Izan ere, dantzaren eragina indarrean dago oraindik.

Dokumentuaren akzioak