Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urrats Berriko gazteek zuberotartu egin zuten atzo Maule

Dokumentuaren akzioak

Urrats Berriko gazteek zuberotartu egin zuten atzo Maule

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2007/02/04

Fleurenceren aurka jokatuko du gaur arratsaldean Mauleko errugbi taldeak. Horregatik, atzo, nesken egunean, Urrats Berriko gazteek maskarada abiarazi zuten. «Maulen errugbiak agintzen du -esan zuen Martzel Bedaxagar kazetari eta antolatzaileak-. Beste herri guztietan igandean hasi ohi dute maskaradaren ibilbidea, baina guk aurreratzea erabaki dugu". Gazteei ondo etorri zaie aldaketa parranda luzatzeko. Pitxuren (Kauteren burua) papera egiten zuen Ximun Jaoryk hala zioen behintzat: «Badakigu ohetik noiz jaiki garen, baina ez noiz joango garen. Bihar goizaldea izango da festa bukatzeko". Kauterak eta buhameak dira Pitxuren lagunak. Biak ala biak astopiko eta basati samarrak. Arratsaldeko emanaldian egin dituzten bidaietako kontuak eta munduan barrena ikusitakoak kontatzen dituzte bigarrenek eta Zuberoako kontuak (udaletxeko gorabeherak, politikari buruzkoak) lehenek. «Nire lana xorrotzekin eta karestuekin sartu eta astakeria batzuk egitea da. Egia esan, ez dugu askorik prestatu beharrik izan", kontatu du. Autoen gainera igotzen dira, supermerkatu bateko gurditxoa hartu eta lasterketak egiten dituzte, beren itxura zarpailarekin ile-apaindegi batera sartu eta ilea lehortzen ari diren emakumeak izutzen dituzte, baina, hiriburuko umeak izaki, beste zenbait herritakoak baino finagoak dira. Hala zioten behintzat ikusleek. Edanarekin ere ez zuten gehiegikeriarik egin.

Donaixtitik barrena Zuberoara doan bisitariak ezustekoak izaten ditu Oxkixe gainean. Tarteka artalde batek itxiko dio bidea edo behi gorri batzuek jarriko diote errepidean kontrola. Buztanari eraginez, autoa miatu eta gidariari begiratu ohi diote, «Manexak zizte?" galdetuz bezala. Atzo errepidea libre zegoen, baina behe-laino ikusgarri batez estalia ikus zitekeen herrrialdea. Muskildirako apenas bi metrora ez zen ezer ikusten goizeko bederatzietan. Ordu horretan Maule Gainen (gaztelu ondoan) taldeko argazkia ateratzen ari ziren maskaradakoak. Hogeita hamar gazte ziren. Beste herri batzuetan 40 eta 50 ere izaten dira. Baina dena zailagoa da hiriburuan. Hala uste du Jean Bordaxar kantari eta idazleak. Bera da Urrats Berri elkarteko lehendakaria eta bera da maskaradako testuak idatzi dituena. «Hamahiru mila lagun ditu Zuberoak. Horietatik 3.300 bizi dira Maulen. Inguruetako herrietatik etorritakoak gara hemen bizi garen euskaldun gehienak eta poliki-poliki ari gara euskal giroa zabaltzen. Orain bi urte `Antxo Handia' pastorala egin genuen eta hura emateko sortu genuen dantza taldetik sortu da maskarada", kontatu zuen.

Maule Gainetik behera abiatu zen atzo maskarada 9.30ean eta herriko etxera iritsi bitartean zortzi barrikada eman zituzten, ostatu ezagunen aurrean horietako gehienak: Jean Pierre ostatuan, Zinkan eta Cafe de l'Europen, esaterako. Barrikada ematen duenak mahai bat jartzen du atarian jakiz eta edariz beteta. Bietatik asko. Gorriek (txerreroa, gatuzaina, kantiniersa, zamalzaina eta entseinaria doaz Jauna eta Anderea buru dituztela) dantza egiten dute. Kerestuek bertso batzuk kantatzen dituzte eta beltzak sartzen dira zalapartaka eta elkarren gainera eroriz bukatzen dute lurrean. «Maskarada batean lehen aldiz bi kerestuak neskak jarri ditugu. Emakumeak ekarri handia egin dio azken urteotan Zuberoako dantzari eta aitorpen moduan egin dugu hori", jarraitu zuen Bordaxarrek.

Hegoaldeko ordezkariak


 Peter Ansorenak ondo aprobetxatu zuen atzoko bidaia. Hirugarren barrikada ematen ari zirenean agertu zen Mikel Epalza Sokoako apaiza lagun zuela, erosi berri zuen txirularekin. «Hiruriko plazan Etxahunek duen irudiaren aurrean jo ditugu pare bat pieza", kontatu zuen, txirula berria harro erakutsiz.

Hego Euskal Herriko jende gutxi zebilen goiz-partean. Beasaingo Autaka dantza taldekoak izan ziren goizean goiz etorrita. «Dantza elkarteko batzorde osoa etorri gara, diruzaina salbu", jakinarazi zuen Aitor Furundarena soinu-jotzaile eta taldeko kideak. Eguerdiko ordu baterako bukatu ziren barrikadak. Ondoren, bazkaritara joan ziren maskaradakoak eta arratsaldeko lauretan hasi zen emanaldia Mauleko plazaren atzeko pilotalekuan (arrabota deitzen diote). Ordu horretarako bai, Hego Euskal Herritik etorritako auto gehiago ikus zitekeen.

Atzoko maskaradak izan zituen berritasunen artean bada bat nabarmendu beharrekoa, dantzari txikien debuta. Zinka ostatuaren eta Xiberuko Botzaren egoitzaren aurrean, seigarren barrikada bukatu aurretik 6-12 urte bitarteko dantzariek "Satanak" dantzatu zituzten. «Handien taldean 15 dantzari dira eta txikienean beste 17. Eta ilusio izugarria egin die dantza eskolan ikasten dutena jendaurrean erakusteak", esan zuen Longy Christellek arduradunak.

Atzokoa ez zen hasiera besterik izan. Datorren igandean Atharratzen izango dira. Guztira hamar herri bisitatuko dituzte. Garindainen izango dira hilaren 18an, Ainharben 25ean; Gamere-Zihigara joango dira martxoaren 4an, Barkoxera martxoaren 11n, Altzürüküra martxoaren 18an eta Arrokiagara 25ean. Sohüta-Hokin erakutsiko dute masakarada apirilaren 8an, Larrainen izango dira 15ean eta Maulen bertan emango diote amaiera ibilbideari apirilaren 21ean.

Arratsaldeko laurak eta hamarrean «Aitzina pika" dantzatuz sartu ziren pilotalekura. Atzetik zetozen beltzak, Pitxu bizikleta baten gainean zela. «Gabotak" eta «Godelet dantza" dantzatu zituzten. Kerestuak hasi ziren kantuan eta bietako batek gogoeta polit bat egin zuen: lehen Zuberoako mugako herrietan biarnesez eta euskaraz egiten zela esan zuen eta orain bi hizkuntza horiek galtzen ari direla. Besteak bi hizkuntza horien aldeko aldarria egin zuen, eta calendretak eta ikastolak ikasteko sortu zirela gogora ekarri. Hori hasiera baizik ez zen izan.

Arratsaldeko emanaldiak dantzak eta «jokoak" biltzen ditu. Satira oinarri duen antzerki generoa da


Jean-Mixel Etxekopar

Hogei bat urte eman ditu Jean-Mixel Etxekoparrek Zuberoako maskaradan txirula jotzen. Atzo lasai zebilen, bere ikasleak ari baitziren horretan. «Ligiko festetan izan ginen atzo kafe-antzerki bat ikusten", esan zuen lo aurpegiarekin.

Peter Ansorena

Atzo txirula berria erostera joan zen Peter Ansorena Zuberoara eta estreinaldia egiteko Irurira joan zen Mikel Epalza Sokoako apaizarekin. Herri horretako plazan dagoen Etxahunen irudiaren aurrean pare bat pieza jo zituzten.

Jean Bordaxar

Urrats Berri elkarteko lehendakaria da. Pare bat disko baditu kalean eta hirugarrena prestatzen ari da, baina azken egunotako bere kezka nagusia maskaradak herriz herri behar dituen mintzaldiak prestatzea da.

Martzel Bedaxagar

«Sud-Ouest" egunkarian lan egiten du. Atzo, beraz, argazki kamerarekin zebilen, baina maskaradaren antolatzaile nagusietakoa ere bada, Urdiñarben maskarada egina delako. Semea eta alaba ditu Mauleko maskaradan. Gazteei laguntzen ibili zen.

Igandean, Atharratzen. Guztira hamar herri bisitatuko dituzte. Apirilaren 21ean Maulera itzuliko dira


Bi kerestuek biarnesaren eta euskararen aldeko aldarria egin zuten arratsaldeko emanaldian

Dokumentuaren akzioak