Dokumentuaren akzioak
Urola bailarako lau bikote, Euskal Herriko Dantza Txapelketan
Euskal Herriko 40. Dantza Txapelketa jokatuko dute bihar, Seguran. 18:00etan hasiko da lehia Baratze pilotalekuan, eta parte hartuko duten hamar bikoteetatik lau eskualdekoak izango dira: Gorka Kerejeta eta Leire Eizmendi (Azpeitia-Errezil); Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga (Azpeitia); Mikel Subinas eta Maite Beobide (Azpeitia); eta Julen Berrondo eta Nagore Berrondo (Errezil).
Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina egingo ditu txistuaz eta albokaz lagunduta. Dantza emanaldiak bukatzean hainbat sari banatuko dituzte. Txapelketaren irabazleek Segurako Udalaren sari nagusia, Nestor Basterretxearen eskultura, eramango dute beren herrira, eta udaletxean izango da urtebetez. Horrez gain, 800 euro, oroigarri bana, lepokoa eta txapela jasoko dituzte. Bigarren eta hirugarren bikote onenek, aldiz, oroigarri bana eta diru-saria eskuratuko dituzte. Horiez gain, jantzi onenaren, lurraldekako foru aldundien eta herriko bikote onenaren sariak nahiz Guillermo Areizaga sari berezia ere banatuko dituzte. Azken hori lehen aldiz txapelketan parte hartzen duen bikote onenak jasoko du.
Azken urteetan eskualdeko dantzariek irabazi dute txapelketa hau. Izan ere, 2014. urtean Amets Amubieta eta Maialen Aldalur azpeitiarrek irabazi zuten. Eta 2011n eta 2012an, berriz, Jon Ibarguren azpeitiarrak eta Idoia Besada pasaiarrak.
Dokumentuaren akzioak