Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urdiñarben bihar hasi eta hogei herri bisitatuko ditu Zuberoako Maskaradak

Dokumentuaren akzioak

Urdiñarben bihar hasi eta hogei herri bisitatuko ditu Zuberoako Maskaradak

Komunikabidea
Gara
Tokia
Urdiñarbe
Mota
Erreportajea
Data
2006/01/07

Herrian egingo dute bihar, eta apirila bukatu arte beste hemeretzi emanaldi egingo dituzte Zuberoan barrena. Parisera ere joateko asmoa omen dute. Dominique Agergaraik esan digunez, maskarada ez da galduko euskararik galtzen ez bada. Azken hogei urtetan nabari da atzerakada, eta herri batzuetan zailtasunak dituzte euskaraz hitz egin behar duten pertsonaietarako gazteak aurkitzeko. Urdiñarben aurkitu dituzte.



Urdiñarbeko berrogei gaztek bihar egingo dute Zuberoako maskaradaren aurtengo lehen emanaldia, herrian bertan, eta ondoren, apirila bukatu bitartean, herrialdeko beste hamazapi herri eta Urdiñarbe bertako beste bi auzo bisitatuko dituzte. Ondoren, oraindik izendatu gabeko data batean, Pariseraino joatekoak dira.



Dominique Agergaraik, Urdiñarbeko artzain eta euskaltzale ezagunak, bi alaba ditu maskaradan eta buhomeen irakasle aritu da. «Orain 13 urte egin zen azken aldiz maskarada herrian, eta ni xorrotx modura ibili nintzen. Ez nuen ateratzeko asmorik. Irakasle izan nintzen orduan ere, eta gazte bat zauritu zelarik suertatu zitzaidan atera beharra. Sortzez Muskildikoa naiz eta ez dut dantzan inoiz ikasi, dantza talderik ez zelako, nahiz eta gero sortu zen. Nire lehen maskarada Urdiñarben egin nuen 82an, buhameen nagusi gisa. Geroztik, Muskildikoan hartu nuen parte eta, esan bezala, Urdiñarben orain 13 urte egin zenean. Aurten beltzei erakusten ibili naiz, kauter, xorrotx eta buhomeei erakusten», esan zigun.



Gazteen kontua



Maskarada gazteen kontua da, inauterietako gazteen festa. «Berrogei gazte dira, eta gehienak hogei urte ingurukoak. Badira, noski, 17-18 urtekoak, baita 30ekoak ere. Urdiñarbe tradizio kultural handiko herria da, maskarada eta pastoraletan bereziki. Gazteak berak izan ziren maskarada egitea erabaki zutenak», esan du Agergaraik.



Behin maskarada egitea erabaki zutelarik, desafio nagusia dantza taldean mutikoak sartzea izan zen. «Hemengo dantza taldeetan neska-mutilak hasi ohi dira, baina mutikoek errugbia egiteko utzi ohi dute dantza taldea. Dantza, ondorioz, nesken kontua bihurtzen da. Horrekin hautsi nahi zuten, eta maiatzean hasi ziren mutil talde bat prestatzen. Bai gazteentzat, bai helduontzat, desafio handia izan da hori», esan digu Agergaraik.



Maiatzean hasi ziren mutikoak trebatzen, eta lau mutiko bederen izango dira. «Denak, mutilak eta neskak, Urdiñarbeko dantza eskolatik pasatutako dantzariak izango dira. Gainera, aurten, eta hori berrikuntza handia da, bi dantza talde izango dira maskaradan: dantzari gorriak eta dantzari beltzak. Lehenengo maskaradetan bazuten beltzek beren dantza taldea. Hori galdu egin zen. Barkoxek gorde du eta Urdiñarben 1993an ere bi talde izan ziren», jarraitu du. Onenak sartzen omen dira gorrietan.



Agergarai buhameen irakasle ibili da. Buhameak zer diren agertu zien, lehendabizi, gazteei. «Beti espantu, beti gezurretan, beti mozkor, beti lo eta alfer dabiltza eta zerbait esaten dutelarik, ez buru eta ez buztanik ez duten gauzak esaten dituzte; egia izan ezin diren gauzak, alegia», jarraitu du Dominiquek. Buhame Jauna da ijitoen nagusia eta Kabana Handia da kauteren jauna. Batak buhomeen perediküa egingo du, igande guztiz berdina, nahiz eta zentzurik gabeko gauzak esango dituen, eta besteak kauteren perediküa egingo du eta herriko gorabeherak jorratuko ditu; herri bakoitzean, desberdinak.



«Garai batean bezala, goizean barrikadak eta segidan maskarada egitea zen hasierako gure asmoa, baina ideia baztertu egin dugu eta maskarada hiruak inguruan hasiko da, nahiz eta ez den meza bat edo pastoral bat bezain puntuala», esan du Agergaraik.



Duela mende bat maskaradak hogei bat urteko bizia zuela esaten zuten ikerle batzuek. Baina oraindik bizirik dirau.



Bi maskadara 1909an eta bi maskarada 1936an



Herria oso banatua egon zen luzaz. «Garai batean bezala, bi talde ziren hemen, xuriak eta gorriak, eta urtealdi txarrak izan dira hemen. 1909an, esaterako, bi pastoral egin zituzten egun berean, eta 1936an bi maskarada. Orain askoz ere batuago dago herria», esan zigun Agergaraik. Gauzak asko aldatu dira geroztik, eta gaur euskaraz mintzatzen dakiten gazteak aurkitzea izan ohi da erronka nagusia. -

Dokumentuaren akzioak