Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Urdiñarbeko pastoralaren itzulera 'Sibastarrak' obrarekin

Dokumentuaren akzioak

Urdiñarbeko pastoralaren itzulera 'Sibastarrak' obrarekin

1999ko azken pastorala eta gero, ‘Aitzine be’ elkarteak Maritxu Neguelou gazteak idatzitako ‘Sibastarrak’ pastorala antolatu du aurtengo udarako. 180 herritarren parte hartzearekin, Madalena eta Jean Sibasen istorioa segitzen ahalko da.
Egilea
Irati Esparza--Guimon
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Urdiñarbe
Mota
Albistea
Data
2023/01/30
Lotura
Kazeta

 

Urtarrilaren 21eko aurkezpena, ezkerretik eskuinera, Lüxi Aguergarray eta Peio Bedecarratz 'Aitzina Be' elkarteko kideak eta Maritxu Negelua idazlea.
Urtarrilaren 21eko aurkezpena, ezkerretik eskuinera, Lüxi Aguergarray eta Peio Bedecarratz 'Aitzina Be' elkarteko kideak eta Maritxu Negelua idazlea. (Xiberoko Botza)

 

Urdiñarbe 520 bat bizizale dituen Xiberoko herri bat da eta betidanik euskara, euskal kultura eta Xiberoko usaiak biziarazi ditu. 2019ko maskarada eta gero, gazteek pastoral bat egiteko gogoa azaldu zuten, 24 urte pasa baitira azkenekotik. Geroztik, ‘Aitzina be’ elkarteak du proiektua sustatu, Herriko Etxearen sustenguarekin. Herritarrekin aipatu eta, Maritxu Neguelou idazle gaztearen ‘Sibastarrak’ pastorala hautatua izan da, hots, bere lehena.

Uztailaren 30ean eta agorrilaren 4 eta 6an iraganen diren emanaldietan, Madalena Jaureguiberry eta bere anaia Jean de Sibasen bizia segitzen ahalko da. Bi mundu gerlak eta Espainiako Gerra Zibila bizi izan zituen neska xiberotarrak eta hala ere, euskara eta euskal kulturaren alde lan egin zuen, baita emazteen eskubideen alde ere. «Gerla garaian egindako borrokak, erresistentzian parte hartu izanak eta Euskal Herriaren aldeko mugimendu eta elkarteetan inplikatu izanak inspiratu gaitu» adierazi dute antolatzaileek.

Urdiñarbeko taldea

«Idazlea, errejenta, kantore emailea eta dantza eramaileak, denak, Urdiñarbekoak dira» poztu da Lüxi Aguergaray, pastoralaren antolatzaileetako bat. Izan ere, Battitta Berrogain pastoral idazleak, aldi honetan errejent kargua du; Jean Charles Sans, aspaldidanik pastoral eta maskaradetan musikalari gisa aritu dena da kantore emailea, Sophie Larrandabürüren laguntzarekin; dantza eramaileak Iban Etchegoinberry eta Laurence Boissinot dira.   

«Azaroren hasieran, biztanle guztiei gutun bat igorri genien bilkura batean parte hartzeko, baina ez genekien sobera zer espero, baina lehen topaketa hartan 180 herritarrek parte hartzeko edo laguntzeko izena eman zuten» kontent mintzo da Lüxi Aguergaray. Hala, errepikak urtarrilaren 14an hasi dira.

Pastorala herritarrak elkartzeko

Azkena 1999an izan baitzen, herritarren elkartzea izan dute xede antolatzaileek. «Hala espero genuen. Pastoral bati esker, herritarrak elkartzen dira, haien artean ezagutu, herrian sekulako dinamika sortzen du» azaldu du Aguergarayk. Belaunaldi desberdinak gurutzatuko dira, bakoitzaren aberastasun pertsonala garatuz. 

Bestalde, euskara sustatzea dute xede, «hizkuntza batek jendeen arteko harremanak azkartzen baititu, eta familia giro bat ere sortzen da herriko bizizaleen artean» adierazi du ‘Aitzina be’ elkarteak. Beraz, trukaketa guztiak euskaraz egiten dira, baina biztanle berri batzuek oraindik ez badakite ere, frantsesezko itzulpena bermatzen ari baitira.

Dokumentuaren akzioak