Dokumentuaren akzioak
Urbeltz, Iztuetaren itzaletan igeri
Jakina da Juan Inazio Iztueta zaldibiarra (1767-1845) pertsonaia poliedrikoa zela. Gipuzkoako dantzak deskribatuz, 1824an argitaratu zuen Gipuzkoako dantzak liburuaren egiletasuna gailendu da haren historian eta biografian; jakintsutzat hartua izan da. Beti ere, bizimodu nahaspilatua eta izaera zurrunbilotsua ahaztu gabe. Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940) dantza maisu, sustatzaile eta ikertzaileak bigarren esparru hori landu du Juan Ignacio de Iztueta y yo. Sincronicidad, predestinacion y vinculos acausales liburuan (Txertoa, 2018). Atzo aurkeztu zuen, Donostian.
Iztuetaren apologiaren erabat aurkako korrontea aurkitu du Urbeltzek ikerketan. «Psikopata bat zen, seduzitzailea eta engainatzailea», azaldu du Urbeltzek. Nortasun antisozialeko nahasmendu zantzuak aurkitu dizkio, gaur egungo psikiatriara ekarrita. Iztuetari Zuri deitzen zioten gaitzizenez, eta kontzeptu horrek harilkatu du zaldibiarraren erretratua, liburu osoan.
1801ean, Gaintzako eskribauari lapurreta egin eta Valladolideko Chancillerian egin zioten auzi-prozesua ere ikertu du, 700 orri. «Bera fisikoki nolakoa zen deskribatu zuten, baina ez begirada eta ahotsa nolakoa zituen».
Iztueta Donostian jarri izan zen bizi izaten, 1810ean. 14 urteko zigorretik libratutakoan, «1815ean txapeldun baten modura ageri da Donostian, berak dantzen inguruan zeukana biltzeko eskatuz. Liburuaren azkena ez da berea, utzi zuen guztia ez da berak idatzia».
Jesuiten eraginpekoa
Urbeltzen iritziz, Iztuetaren gainean orain arte idatzi diren lan gehienek «espiritu zientifiko gutxi eta giza miseria gehiegi» dute. «Gipuzkoako dantzak ondo irakurri beharra dago, zer dagoen eta zer ez dagoen ikusteko. Liburu hori ez dago Gipuzkoako dantzen alde idatzia, berak gorroto zituen pertsonen aurka baizik».
Azpeitian preso eduki zen garaia garrantzitsutzat jo du ikertzaileak. «1767an jaio zen Iztueta, jesuitak kanporatu zituzten urtean. Jesuitek, Loiolan, erretorika dantzen bidez erakusten zuten. Musika zeukaten, eta dantzatzen zuten. Kontu-dantzak erakusten zituzten, estrofa irregularrekoak, Gipuzkoan hain konplexuak direnak. Iztueta Azpeitian kartzelan egon zenean, artean izango zen hori zekienik».
Jesuitek alde egin ondoren, Urdazubitik iritsitako fraide premonstratenseek gobernatzen zuten Loiola, baita hango San Ignacio Loiolakoa Ikastetxea ere, Iztuetaren anaia bat organista zen han, eta Juan Inazio bera hango irakatsiekin «eskolatu» zuten, Azpeitiko egonaldian.
«Engainuaren» adibidetzat soinuzaharrak jarri ditu. Milanen 1602an Cesare Negrik idatzitako El Villanico-n 8-10 soinuzahar ageri dira. Zer egiten dute Negiren lau konpasek Gipuzkoako dantza tradizioan? Jesusen Lagundikoek transmitituta. Edo italiarrek 200 urte lehenago kopiatu ziguten?», ironizatu du.
Iztuetari «apologistek» egotzi dioten jakintsu fama lurreratu du Urbeltzek. «Ez ilustrazio eta ez ezer. Soinuzaharrak ez dira bereak; ez zituen ezagutzen, ez dantzatzen. Doinu koadernokoak ez dira berak idatziak, kontu-dantza maisuenak baizik. Ez ziren Gipuzkoako tradiziokoak».
Lotura akausalak, zoritik ezer ez duten keinuak
Urbeltzek aitortu du liburuaren ardatza «lotura akausalak» direla. Bere biografian, Marian Arregi emaztearenean (Donostia, 1944-2018) eta Iztuetaren historian aurkitu ditu antzekotasunak, puntu komunak eta bategiteak. «Elementu sinkroniko horiek guztiak oso interesgarriak dira».
Hala, idazlearen bizitzaren atal autobiografiko bat badu liburuak. «Epilogo-liburua da. Dantzan hasi nintzenean ez neukan ideiarik zegoenaz, eta pertsonaia baten ikerketa kritikoa eginez osatu dut zikloa. Iztuetaren alde ezer irakurri gabe egiten segitzen da».
Dantzari modura —1959an hasi zen—, oso estuki loturik izan da Urbeltz Iztuetarekiko. Goizaldi taldean ibilia da, «gipuzkoar tradizioaren oinordekoa». «Euskal dantzarien etorkizuna Iztuetak suposatu duen kargatik libratu nahi du Urbeltzek», laburbildu du editoreak.
Lotura akausalekin segiz, Iztuetaren lehen emazte Juana Joaquina Lintzoain gogoan izan du, 32 urterekin hila Zaldibian, senarraren «mespretxua eta umiliazioak jasanda». Lintzoain herrian bizi izana da Urbeltz bera. Bere emazteari eskaini dio liburua, eta hitzaurrean Lintzoain ere gogoratu du.
«Nire denbora bukatzear da jada. Bi urte barru, 80rekin, olerki sorta bat ateratzea espero dut. Eta kito. Emaztearen bila joan nahi dut».
Dokumentuaren akzioak