Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ur parrastada bizigarri bat

Dokumentuaren akzioak

Ur parrastada bizigarri bat

Hika Teatroa konpainiak eta Oinkari dantza taldeak 'Gazte' kale ikuskizuna estreinatuko dute bihar. Dantzari gazteen gogoetak dira abiapuntua, eta «hizkuntza propio» baten bidez adierazi dituzte
Egilea
Andoni Imaz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/07/01
Lotura
Berria
Eneko Gil, ezkerrean, dantzari gazte guztiak aurrean dituela, Villabona-Amasako entsegu irekian.
Eneko Gil, ezkerrean, dantzari gazte guztiak aurrean dituela, Villabona-Amasako entsegu irekian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Gazteak dira, eta ez daude konforme ezarri dizkieten rolekin, esateko dutena kontuan ez hartzearekin, prekaritatearekin, sexu aukerarengatik baztertzearekin, askatasuna murriztearekin, ordezkari politikoekin... Eta, horri guztiari aurre egiteko, dantza egiten dute. Gorputzaren eta mugimenduaren bidez adierazten dituzte beren kezkak eta aldarrikapenak. Biluzi egiten dira, eta ez diote beldurrik bustitzeari.

Gazteak dira Gazte. Haiek dira protagonistak Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak elkarlanean egindako kaleko antzerki eta dantza ikuskizunean. Bihar estreinatuko dute, Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategian (Gipuzkoa), eta hainbat herritan erakutsiko dute datozen hilabeteetan. Hori baino lehen, aste honetan, saio ireki bat egin dute Villabona-Amasako Fleming herri eskolan (Gipuzkoa), zenbait BERRIAlagunen aurrean.

Hikak eta Oinkarik elkarrekin sortutako laugarren ikuskizuna da Gazte. Amantalen ahotsa egin zuten 2012an, Itsasoaren emazteak 2013an, eta Sagartu kaleko dantza ikuskizuna 2017an. Hiru urtez plazaratu dute Sagartu. Lan horrek antzerkia, dantza eta zuzeneko musika nahasten zituen, eta hori bera egin dute Gazte-n ere, desberdintxoa den arren: «Ikuskizun gaztea da, gazteei eman zaie hitza, gazteekin egina dago», azaldu du Agurtzane Intxaurraga zuzendariak. Dantzariekin saio batzuk egin zituzten lehenik, bakoitzak barruan zuena taldean ateratzeko; ideia horiek dira ikuskizunaren abiapuntua. Ahalduntzeko modu bat izan da, Eneko Gil koreografoaren hitzetan.

Gazteei buruzko lan bat, noiz eta hilabeteetan haien gainean estigma bat jarri den garaian; kale ikuskizun bat, noiz eta kalean egoteak esanahi sinboliko berezi bat hartu duen sasoian. Emozioetatik sortutako obra bat da, eta ezin ukatuzko indar bat dauka horregatik; hainbestekoa, non eztanda egiten baituen une batean baino gehiagotan.

Gorputzak mugimenduan 

Urez idatzi dute Gazte Fleming eskolako pilotalekuan. «Ura omen da bizitzaren iturria», kontatu du Intxaurraga zeremonia maisuak: «Ez eskatu urari isiltzeko; ez eskatu urari geldi egoteko». Pilotalekua dantzaleku bihurtu da, dunbal astuneko hip-hop erritmo batek lagunduta, eta banaka aurkeztu ditu dantzariak: Amaia Aizpurua, Izaskun Aizpurua, Lide Bengoetxea, Gorka Duran, Sua Enparantza, Aiora Escudero, Fermin Escudero, Aimar Garaiar, Gorka Granado, Maitane Irurzun, Lierni Kamio eta Beñat Monfort. 16 eta 24 urte bitarteko gazteak dira denak. Intxaurragak eta Gilek ere parte hartzen dute eszenan, gazteen konplize, gidari edo zirikatzaile lanetan aritzeko, helduen roletik.

Zigor Lampre DJak sortu du ikuskizunaren musika. «Hip-hoparen eta poparen kulturatik nator, eta tradizioa gehiago kostatzen zait. Lanak izan ditut banakoaren erritmoa ikasten, sintetizadoreak nahasten, sampler-ak sartzen... Eta asko ikasi dut». Zuzeneko emanaldietan, Martin Little ere arituko da DJ lanetan. Eneko Dieguez saxofonistak biribilduko du musika, zenbait pasarte gozorekin.

Gazteak dantzan ari dira, kolore biziko jantziak soinean dituztela, goitik behera begiratu ohi zaion gazteen putzu lauso horren barruan askotariko urak eta korronteak daudela irudikatuz bezala. Hitza ere erabiltzen dute; megafonoa hartu du batek: «Bekadun eterno asko, eta lan egiteagatik kobratzen duen jende gutxi. Agintzen duten gutxi batzuk, eta obeditzen duten asko. Gizon agintari asko». Aldarri egiten dute, maitasun erromantikoaren kontra, heteroarauaren kontra, sentitzen duten presioaren kontra: «Zer dakit nik zer bide hartuko dudan hemendik aurrera? Utzi saiatzen. Eman eskua, baina eraman gabe. Utzi erortzen».

Mugimendu bizia duten uneak zati lasaiekin tartekatu dituzte. Intxaurragaren kantuek eta Dieguezen soloek girotzen dituzte pasarte atsedengarri eta iradokitzaile horiek. Dantzariak agertokian daude denbora guztian. Gorputzak mugimenduan dituzte: elkar ukitzen dute batzuetan; taldetik bereizten dira besteetan, eta elkar besarkatzen dute aldian-aldian. Borroka egiten dute, baita elkar laztandu ere. Itxuraz aldatzen dira ikuskizunean, hitzez eta arropaz biluzteraino. Takoi gainean egindako sokadantza eder batekin baretzen dituzte aurretik estututako emozioak.

Dantzari gehienek antzeko sentipenak izan dituzte ikuskizuna sortzeko prozesuan, emanaldia egin eta gero Mikel Peruarena BERRIAko kazetariak gidatu duen solasaldian kontatu dutenez. Esker ona erakutsi dute, baina ez dute ezkutatzen diziplina gogorra ezarri dietela saioa prestatzeko. «Asko eskatu diegu», esan du Intxaurragak: «Ez soilik pausoa ongi egitea, baizik emozioa transmititzea, une oro zer esan nahi duten jakitea».

Askatasun handiarekin landu dituzte koreografiak. «Mentalitate tradizionalak berdin zaizkit; ez diet kasurik egiten», azaldu du Gilek: «Nire ustez, egin duguna ez da euskal dantza beste gauza batzuekin nahastea, baizik eta gure hizkuntza propioa sortzea. Uztarketa bat dago, baina saiatu naiz pastiche bat ez egiten».

Intxaurragak laburtu du lana: «Haien ondoan, gazte sentitu naiz». Halatsu entseguaren ikusleak ere. Euri langarrak busti ditu etxerako bidean, baten batek gaztetasunaren iturria ireki izan balu bezala. «Gazte izateari uzten diogu urik gabe?».

 

Dokumentuaren akzioak