Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ur-jolasak iturrietan

Dokumentuaren akzioak

Ur-jolasak iturrietan

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2024/01/21
Lotura
Berria

'Urtaroak'

Konpainia: Malandain Biarritz Balleta. Koreografia: Thierry Malandain. Dekoratua eta jantziak: Jorge Gallardo. Musika: Antonio Vivaldi, Giovanni Antonio Guido. Argiak: François Menou. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilaren 19a.

Thierry Malandainek Miarritzetik gidatzen duen konpainia jatorritik dago errotuta neoklasizismoaren ildoan, eta ez zait erraza egiten aro garaikidetik hain urrun dagoen molde estetikoari buruz idaztea.

Hasteko eta behin, esan dezagun Malandainen sorkuntzek Versaillesen aurkitu dutela aterperik naturalena, eta oraingo Urtaroak haietariko bat dela. Kasu honetarako Antonio Vivaldiren Lau urtaroak hautatu ditu soinu-oinarritzat, baina, Vivaldiren lau kontzertuek iraupen mugatua dutenez, aro eta herri bereko Giovanni Antonio Guidoren Urteko lau urtaroak ere baliatu ditu dantzaren lagungarri izan daitezen.

Bistan denez, Giovanni Antonio Guido —Genoan agian jaioa— ez da Vivaldi veneziarra bezain ezaguna, baina esku-programan azaldu digutenez, parte garrantzitsua izan zen XVII. mendean sortutako mugimendu artistikoan, zeinak «gorputza eta izpiritua gobernatzeko xedea baitzuen, eta graziaz, zorroztasunez eta arintasunez betetako mugimenduak egiteko idealari eusten baitzion».

Beraz, alde horretatik zentzu osoa dauka genoarra eta veneziarra proposamen berean elkartzeak. Eta, gainera, lan honi esker ezagutu dugu Guidoren musika. Guido, ordea, edozein gortetako arau zorrotzetan geratu zen iltzatuta, erabat aske hegan egin ezinik eta Vivaldiren inspirazio kementsutik urrun. Hala ere, Vivaldiren kontzertuen bertsio honetan, batez ere negukoan, zamatuak eta lekuz kanpokoak iruditu zaizkit baten batek egindako moldaketa ustez preziosistak.

Esan bezala, koreografoak bien partiturak tartekatu ditu, Vivaldiren pasarteak konpainia osoaren ardurapean eta Guidorenak bina gizon eta emakumeren esku utziz. Konpainia osoa ikusi dugunetan —hogeita bi dantzari— beltzez jantzita agertu dira denak, gizonak praka estuekin eta emakumeak luzera ertaineko gonekin. Bi bikote solisten kasuan, gehigarri koloretsuak jantzi dituzte arropa beltzen gainean. Kaxa eszenikoko hiru aldeak hosto beltz handiz apainduta agertu dira eta hondoko kolorearen noizbehinkako aldaketa leunak izan dira argiztapenaren ekarpen bakarra.

Eta dantzari buruz, zer? Jakina denez, dantza gortesauek ez dute askorako ematen sorkuntza aldetik, eta haietan oinarritu da Malandain, zirkulu zentrokideak eginez askotan, eta beste batzuetan friso erako mugimendu ebolutiboak planteatuz. Leun-leunak izan dira emakumeen aireratzeak gizon porteur ezinbesteko laguntzarekin eta, berrikuntza bezala, porteuse izan dira emakumeak behin edo behin. Tarte batean, ustezko biluztasunean agertu da dantzari bat —gero bi, hiru, lau eta denak izan dira— beso batetik hosto erraldoi beltz bat ateratzen zitzaiola, eta utzitako inpresioa Versaillesko ur-jolasek uzten digutena izan da: teknikoki orbangabeak dira, baina ez digute aztarna sakonik utziko.

Dokumentuaren akzioak