Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Unai Landajuela: «Inoiz ez naz damutuko orain 25 urte Oinarin Dantza Taldea sortu izanaz»

Dokumentuaren akzioak

Unai Landajuela: «Inoiz ez naz damutuko orain 25 urte Oinarin Dantza Taldea sortu izanaz»

Egilea
Julio Legarretaetxebarria
Komunikabidea
Binke
Tokia
Usansolo
Mota
Albistea
Data
2022/05/23
Lotura
Binke

Unai Landajuela Romero
1974, Usansolo

Dantzazale amorratua da Unai Landajuela usansolotarra, dantza beti zaletasunetik eta modu militantean ulertu duena. Ulertu, eta praktikan jarri, bera baita bere bikote Alaitzekin batera Usansoloko Oinarin Dantza Taldearen sortzaile. Orain 25 urte sortu zuten taldea, eta maiatzaren 21ean egin zuten ospakizun ekitaldia, atzoko eta gaurko dantzari zein musikariekin.

ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
TESTUA: Jon Gomez Garai

Hogeita bost urte izatea asko ala gutxi den… eztabaidagarria izan daiteke, bereziki norberaren adinaren arabera, ikuspuntua aldatu egingo delako. Baina modu erabat militantean sortu eta irabazi asmorik gabe aurrera ateratako elkarte batek 25 urte betetzea ez da ahuntzaren gauerdiko estula. Mende laurden. Horixe da Usansoloko Oinarin Dantza Taldeak bete duena, eta horretarako bere sortzaileetariko batekin batu gara, egungo hainbat kide lagun dituela.

Urteurrena ospatu berri, pozik jasotako harrerarekin? Bai, oso pozik! Edozein ospakizun antolatu izan dogunean beti izan dogu harrera ona, eta bagenkian kasu honetan be jendearen erantzuna ona izango zana… Holan izan da!

Espero zenuten horrelako itzulerarik? Egia esateko beldur apur bat bageunkan, azken urte bi honeik gogorrak izan diralako mundu guztiarentzako, eta baita taldeentzako be. Gure kasuan, asko kostatu jaku talde dinamika barriro hartzea eta oraindiño be gatx izaten dogu saioetarako jende kopuru duin bat aurkitzea…

Behintzat pozik egongo zarete, pandemiak eragindako murrizketa barik ospatu ahal izan duzuelako urteurrena… Bai, baina ez da erreza izan! Gabonen aurretik hasi ginan urteurrena dala-eta batzarrak egiten, eta 2022ko agenda zehazten ziurgabetasuna zan nagusi gure artean. Ez genkian zer egin ahalko zan eta zelango harrera izango genduan taldekideen artean. Oraindino %50ean gagozala esango neuke, baina halanda be, beti pentsatzen genduan zeozer egiteko gai izango ginala, eta egin dogu!

Hainbat ekitaldi antolatu dituzue maiatzean, 25. urteurrenaren harira. Baina hemendik aurrera, zer? Oraingoan holan izan bada be, urteurren bat ospatzen dogunean, normalean, urtean zehar ekintza piloa egiten doguz. Baina egia da aurton egun bakarrean batu doguzala indar guztiak, maiatzaren 21eko ekitaldian.

Egun horretan zehazki bete ditu Oinarinek 25 urte ala? Begitu, ba taldekide batzuen artean beti daukagu eztabaida bera: noz sortu zan Oinarin? Nik esaten deutsiet abiapuntua entseguak egiten hasi ginaneko data dala, 1996ko urria, baina beste batzuek diñoe kalera dantzan urten ginan eguna dala abiapuntua, 1997ko apirila… Horregaitik, eta ezatabaidatzan ez sartzeko —bakea gauza handie da-ta (barreka)— ospakizunak zortzi hilabetez luzatzen genduzan pandemiaren aurretik, urritik maiatzera bitarte!

Eta zelan antolatu zarete aurtengo ospakizunerako? Betiko lez, erabaki guztiak batzarretan hartu doguz —gure taldearen funtzionamendua erabat asanblearioa dalako—. Holan ba, lehenengo batzar bat egin genduan —afaria tarteko— eta bertan agertu ziran ideia piloa ordenatu eta egin gura genduzanak adostu ostean taldetan banatu ginan hobeto antolatzeko, eta talde bakotzak ardura desberdinak izan dauz dana aurrera eroateko.

Eta horretarako, taldetik kanpo dauden kideen laguntza izan duzue? Bai, beti izaten dogu kanpoko laguntza edozein ekintza egiteko: taldekide izandakoena, taldekideen familiena, lagunena, laguntzaileena… Eta guk be, Alaitzek (bere bikoteak eta taldearen sortzaileak) eta biok, ahal dogunean laguntzen dogu, beste askok lez; urteak diralako pauso bat albora emon genduanetik.

Zelan moldatu zarete taldekide ohiekin? Garai barriak dira, eta informazioa jendeari helarazteko erak asko aldatu dira; urteurren honen antolakuntzarako eta taldekide ohietara heltzeko, betiko kartelez gain, sare sozialak be erabili doguz. Taldekide ohiekaz entseguak maiatzean egin doguz eta harrera ona izan dogu! Betiko lez, lehenengo entseguetan lesinoak eta minak agertu ziran baina apurke-apurke dana konpontzen joan ginan! (barreka)

Entseguak zuen ohiko lokalean egin dituzue ala txiki geratu zaizue? Lokala txiki geratzen jaku beti, ez urteurrenerako bakarrik. Umeen entseguetarako be txiki geratzen jaku, eta urteurrenerako frontoi txikerra eta kalea bera erabili behar izan doguz…

Dantzari asko batu zaretenaren seinale. Baina musikariekin zelan moldatu zarete? Dantzariekaz moduan, musikari ohiekaz be kontaktuan jarri ginan eta euren parte hartzea izan genduan. Baina ganera, dantza berezi batzuetarako behar diran musikariak ez daukaguzanez —gaiteroak, esaterako—, telefonoa altxatu eta beti lortzen dogu batan bat «engainatzea»! (barreka)

Urteurrenaz ari gara baina oinarrizkoa aipatu barik… Oinarinen sortzaileetariko bat zara. Zergatik sortu zenuten taldea? Lehen esan dodan moduan, nitzako Oinarin 1996ko urrian sortu zan, baina aurreko udan buruan bueltaka izan genduan ideia izan zan dantza talde bat sortzea Usansolon. Alaitzek eta biok 1979tik Lemoako Durundi Barrin egiten genduan dantzan —orduan ez genduan alkar ezagutzen be—, eta biok usansolotarrak izanda, gure herrian folklorea, musikea eta kulturea uztartzen eta sustatzen ebazan talderik ez egoala ikusten genduan…

Erabakia hartu zenuten momentu zehatza gogoratzen duzu? Bai! (irribarretsu) Gogoratzen dot lagun batzuekaz taberna batean batu ginala —Usansoloko Aterpe tabernan izan zala akordetan naz, orain Bodeguita dana, tabernetako zapi bategaz eta boligrafo bategaz—, eta han erabaki genduala zelako taldea gura genduan. Behin hori erabakita, herriko abadeak elizako lokal batean lekutxu bat egin euskun eta gaur egun arte!

Erabaki hura hartu izanaz pozik? Atzerantza begiratuta zoroaldi polit bat izan zala esan geinke, baina erabaki hura hartu izanaz ez naz damutzen. Eta gehien bete izan deustanak, maite dodan pertsonagaz bide luze hau burutzea izan da.

Izan zenuten hastapen horietan laguntzarik? Noski. Hasieran Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak asko lagundu euskun —eta bereziki Jon Gamindek—. Ostera be, alboko herriko dantza taldeak, Andra Marik, asko lagundu euskun —eta batez be Kepa Ajuriak— lehenengo pausoak emoten, atzerrira bidaiatzen eta atzerritarrak Usansolora ekarten… Eta zelan ez, beste talde asko be izan doguz lagun dantzak irakasteko orduan. Euskal Herri osotik mugitu gara, eta laguntza eskatu dogunean oso gutxitan esan deuskue ezetz!

Gaur talde asko zarete Oinarinen barruan. Hasieratik horrela izan da? Ez, lehenengotan nagusien talde bakarra baino ez egoan, urte batzuen ostean joaldunen taldea sortu genduan, gero umeena eta handik gutxira musika eskola txiki bat be martxan jarri genduan.

Eta geroztik, talde batekin zein bestearekin, gelditu barik! Hogeita bost urte hauetan aukera izan dogu Euskal Herri guztitik dantzan egin eta gurea erakusteko. Atzerrira be joan gara, besteak beste, Holanda, Portugal, Txipre, Bulgaria, Hungaria, Belgika edo Eskoziara. Eta Usansolora be atzerriko 40 talde baino gehiago ekarri doguz Andra Mari Dantza Taldeak lagunduta.

Hitz egin dezagun zanpantzarrez. Zelan sortu zen horren ideia? Tira, ezer baino lehen, berba egokia Joaldunak dala esan gura dot, ba Bizkaitik kanpo barre egiten deuskue «zanpantzar» berba erabiltzen dogunean! (barreka) Eta galderari erantzunde… Alaitzen ideia izan zan joaldunak sortzea gurean. Ene, eta hor bai izan genduna bide latza ideia aurrera eroateko… ate batzuk zarratuta topatu genduzalako, baina azkenean lortu genduan Oinarinek be bere joaldunak izatea.

Zelan lortu zenuten ba? Bizkaiko Dantzarien Biltzarran esan euskuen material batzuk non erosi, Nafarroa osotik joareak bilatzen ibili ginan, narruak lotzeko be komeriak izan genduzan, lotzen ez genekianez arbolakaz frogak egiten genduzan… eta kilometro piloa egiten genduzan be batera eta bestera, probak egiten, zaratea zelan atara lortu arte! (irribarretsu) Azkenean lortu genduan, eta behin taldea osatuta Euskal Herriko Joaldunen Biltzarragaz bat egin genduan. Ordutik saio piloa egin doguz, bai Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo be!

Oraindik horretan ari zarete? Bai bai! Bagabilz oraindino be! Urtean zehar saio mordoa egiten jarraitzen dogu, batez be Gabonetan eta inauteri garaian, baina herrietako jai askotan be ibiltzen gara. Eta saio berezietan be, kontzertuen aurretik, mendi lasterketatan, erakusketatan, denden promozioetan, ezkontzatan…

Eta joaldunekin entseguak egiten jarraitzen duzue? Horretarako ez. Saioa bera da dagoan entsegurik onena. Ganera, saioak hain luzeak izaten diranez, hasieran ez badozu pausoa hartzen, lasai, izango dozu-ta denborea hartzeko! (barreka)

Zelan ikusten duzue euskal dantzen etorkizuna? Egia esateko, dantza talde asko ikusten dodaz garai barrietara egokitzen saiatzen dabizana; askatasun gehiagogaz eta pentsamendu irekiagoagaz. Baina egia da azken bi urte hauek latzak izan dirana pertsona guztientzako, eta ondorioz talde guztientzako. Apurke-apurke bagabiz danok gure lekue berreskuratzen, baina kostatuko jaku normaltasun osora bueltatzea, baita dantza taldeei be.

Eta Oinarinen osasunari zelan begiratzen diozu? Esperantzagaz begitzen deutsat taldearen etorkizunari. Gazte talde polita ikusten dot lanean, atzetik be gaztetxoak lehenengo pausoak emoten badabizela ikusten dot… Hazia ondo errotute eta jagonda badago, dana izango da errazagoa Oinarinentzako be.

Dokumentuaren akzioak