Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Umore isila

Dokumentuaren akzioak

Umore isila

'Correction' Konpainia: VerTeDance. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Data: Azaroak 6.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/11/10
Lotura
Berria

Txekiar Errepublikako VerTeDance konpainiak Donostiako Gazteszena eta Leioako antzokia bisitatu izanak aukera eman digu bertako dantzarien maila eta Jiri Havelkaren sormena ezagutzeko.

Ikusleok aretora sartu garenerako, agertokian zeuden zazpi dantzariak —emakumeak eta gizonak— lerro frontalean eta distantzia parekidean. Pragako txotxongilo tradizioaren omenez —geroago ikusi denez—, zapata pare bat zegoen ezkerreko muturreko dantzariaren alboan, eta beste muturreko dantzariaren atzean platano hori bat ikusten zen, beranduago jateko prest. Panorama soil baina berezi hori Clarinet Factoryko bi musikarien presentziarekin osatu da, eta beren ahots eta haize-melodietako musika atmosferikoak bete ditu isiluneen arteko pasarteak.

Dantzariek bitartean leun ekin diote mugimenduari, burutik hasita, ingurua esploratuko balute bezala, eta beso nahiz eskuekin jarraituz. Hasierako atal horretan umorea nagusitu da, baten batek albokoa atzamar puntarekin bultzatu eta bestea pendulu mugimenduan hasten zenean, bertikal eta geldo gelditu arte, beti tente geratzen diren jostailuen antzera. Jolas horretatik abiatuta, gero eta ariketa ausartagoak burutu dituzte, ikusleok ulertu arte ezinezkoak zirela muturreko inklinazio eta oreka ariketa ikusgarri haiek.

Hau da, zapatak behegainean sendo inkatuta zeudela ulertu dugun arte.

Une horretatik aurrera dena zegoen esanda, eta ikusleen barre herabeak ugariak izan diren arren —publikoari kostatzen zaio dantza umorearekin erlazionatzea—, handia zen proposamena bere baitan agortzeko arriskua. Ordea, beldur hori laster uxatu da konpainiako kideen prestakuntza fisiko itzelari eta Jiri Havelkaren ofizioari esker.

Alde horretatik jakin beharra dago Havelka ez dela berez koreografo, antzerki mundutik datorrela eta muntaia honetan zuzendaritza eszenikoa egin duela, ene uste apalean dramaturgia alorrean zentratuta. Baina kontuz gero! Horrek ez du esan nahi dantzak ez duela baliorik izan. Alderantziz, beti kalitatezkoa eta une askotan distiratsua izan da, eta nahiko urrun eraman du jatorrizko ideia, umorez eta edertasunez erakutsi baitu oinarritik trabatuta egonez gero, bakarrik, elkarren kontra edo elkarrekin egin ahal duguna, eta zelako ordaina ekarriko digun hiru bideren arteko hautu bakoitzak.

Dokumentuaren akzioak