Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Umore Azokak kulturaz blaituko du Leioa maiatzaren 16tik 19ra

Dokumentuaren akzioak

Umore Azokak kulturaz blaituko du Leioa maiatzaren 16tik 19ra

Egilea
Hodei Torres · Iker Rincon Moreno
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2024/04/26
Lotura
Hiruka

Guztira, 80 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte 41 konpainiak datorren maiatzaren 16tik 19ra bitartean izango den Leioako Umore Azokan. Aurtengoa 24. Edizioa izango da, eta, Iban Rodriguez Leioako alkateak azpimarratu duenez, programazioa “duen kalitateagatik nabarmentzen da”. Ildo horretan, iragarri du kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenen emanaldi berriak ikusteko aukera eskainiko duela.

Dena dago prest maiatzaren erdialdean, lau egunez, udalerria antzerkiz, dantzaz eta zirkuaz betetzeko, Umore Azokaren edizio berri batean. Aurten 24. edizioa ospatuko duen Azokak kaleko artisten 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu maiatzaren 16tik 19ra bitartean.

Horrela aurkeztu da gaur goizean Errekalde Plazan izan den prentsaurrekoan. Bertan izan dira Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarria; Kultura zinegotzia Estibaliz Bilbao; Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultura sailburuordea, Andoni Iturbe; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura-Ekintza arloko ordezkaria, Koldo Narbaiza. Horiekaz batera, Hortzmuga Teatroa konpainiak jaialdian gozagai egongo den erakustaldi bat egin du.

Kultura jarduneko sailburuorde Andoni Iturbek adierazi duenez, “Umore Azoka erreferente bat bilakatu da kaleko arteen eremuan, bai bertan eta baita kanpoan ere. Euskadin daukagun kaleko arteen jaialdi garrantzitsuenetako bat da eta hori balioan jarri behar da”.

Umore Azokak hainbat diziplina eszeniko eta ikuskizun eskaintza zabala izango ditu. Aurtengo ediziorako, 41 konpainiaren emanaldiez gozatu ahal izango da: Euskal Herriko 18, Espainiako Estatuko beste 18 eta nazioarteko 5. Leioako alkateak adierazi duenez, "aurten ere, programazioa kalitateagatik nabarmentzen da, baita komunikatzeko, transmititzeko eta kalea eraldatzeko modu eta estilo berriak biltzeko duen ahalmenagatik. Edizio honetan ikusiko diren ekitaldiak aurten proposatutakoak direla kontuan izan behar da, beraz, kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenen emanaldi berriak ikusteko aukera izango dugu”.

Horien artean, zazpi estreinaldi mundial hartuko ditu Leioak, hala nola Portugalgo Teatro do Mar konpainiaren Numb ikuskizuna, baita Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko 20 estreinaldi ere, besteak beste, La Banda Teatro Circoren ekoizpen berria, edota Ganso&Cía, Goitibera eta Cía Maite Guevara euskal konpainienak. Gainera, Umore Azokak urtero Leioako konpainia bat hartzen du, eta 2024ko edizioak Mutis Danza gunearen proposamena izango du.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten 41 konpainietatik, 18 Euskadikoak izango dira, 18 Andaluzia, Asturias, Katalunia, Galizia, Murtzia, Nafarroa eta Valentziakoak, eta nazioarteko bost Portugal, Mexiko, Frantzia eta Belgikakoak.

Dantza, antzerkia, clown, musika, zirkua, txotxongiloak, ikusizko arteak edota magia bezalako diziplinetako 600 proposamen baino gehiago jaso dituzte antolatzaileek, eta horietatik 41 aukeratu. Hori horrela, antolatzaileek nabarmendu dute jaialdiaren historian inoiz izan den parte-hartzerik handiena izan dela.

Agertokiei dagokienez, Umore Azokak 15 gune eszeniko nagusi izango ditu, eta horiek, era berean, 30 kokaleku eszenikotan banatuta egongo dira. Guztiak udalerriaren erdigunean daude, "joan-etorriak azkar eta modu eroso batean egin ahal izateko", arduradunen esanetan.

15 gune horietatik, Umeen Kontseiluaren Parkea nabarmendu dute. Bertan “El jardín de las delicias” izeneko irudi eta soinu instalazioa egongo da. Maiatzaren 17an eta 18an egongo da ikusgai, gaueko 21:30etik aurrera, publiko guztiarentzako zuzendutako antzerkia. 

Profesionalen topaketa

 Umore Azokaren ezaugarrietako bat da kaleko arteen industriaren garapena sustatzeko egiten duen ekarpena, alde batetik, kaleko artista guztien arteko topagunea delako eta, bestetik, sektoreko profesionalen arteko harremanetarako foro gisa.

Izan ere, maiatzaren 16an, eguenean, VII. Artekale-Sarea topaketa ospatuko dute Kultur Leioako erakusketa aretoan eta bertan izango dira euskal konpainia guztiak. Ondoren, bilera bat egingo dute Artekaleko profesionalakaz, haien proposamenak aurkezteko eta sektorearen egoerari eta etorkizunari buruzko hausnarketak partekatzeko.

Gainera, 17, 18 eta 19 egunetan Umore Meeting-ak ospatuko dira, non konpainiek euren sorkuntzak erakutsi ahal izango dizkieten programazio arduradunei, bai Euskal Herrikoei, bai Espainiako Estatukoei, baita atzerritarrei ere. Aurten, adibidez, Poloniako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako, Portugaleko eta abarreko programatzaileek parte hartuko dute. "Horrela, artistek, erakundeek, enpresek, sareek eta jende askok, kaleko arte eszenikoen sorkuntza berrienak erakusteko edo ezagutzeko hitzordua izango dute Leioan", azaldu dute.

Umore Azoka Sariak

Umore Azokaren 24. edizioak bere sariak izango ditu ere. Kaleko arteetan ospe handia duten profesionalek osatutako epaimahaiak Umore Azoka saria ikuskizun onenari emango dio. Gainera, aurten Umore Azokaren sari berezia emango zaio kaleko arteei duintasuna eta balioa emateko lan egin duen erakunde bati. Palmaresa maiatzaren 17an jakinaraziko dute, sarien ekitaldiaren ondoren.

Dokumentuaren akzioak