Dokumentuaren akzioak
Umeei zabalduriko koreografia garaikidea
Elirale konpainiak «Kadira» ikusgarria eskainiko du bihar Izpuran lehen aldikoz
Kadira urdina izeneko ipuina abiapuntutzat hartu du Pantxika Telleriak, Elirale konpainiako koreografoak, Kadira deituriko azken koreografia lantzeko. Cyril Geeroms eta Aurelie Genoud dantzariekin lanean ari zela bururatu zitzaion haurrei zuzenduriko dantza bat egiteko ideia.
«Cyril handia eta ameslaria, eta Aurelie, berriz, txikia eta pailazoa da. Kadira urdina ipuina ikusterakoan azala asko gustatu zitzaidan, bertan, bi txakur kadira baten inguruan ikusten baitira», adierazi zuen.
Kadira hori da, beraz, Telleriaren oren erdiko koreografian agertzen den apaindura bakarra. Ohiko estilo soilean landuta, obrak bi dantzariak kadira baten inguruan dantzatzen erakusten ditu. «Haurrentzat egin dudan arren, dantza garaikidea landu nahi nuen. Askotan, haurrentzat egindako ikusgarriak oso antzeztuak izaten dira eta apainduraz beterikoak. Zerbait garaikideagoa egin nahi nuen. Halere, adin guztietako ikusleentzat egina dago obra», nabarmendu zuen. Lehen zatian narrazio gehiago ageri da, eta bigarren zatia, berriz, abstraktuagoa da.
Erritmo bizia
Ikusgarriari hari bat emateko, beraz, ipuinaren azala eta liburuaren barneko egoera eta irudi batzuk bereganatu ditu. «Ipuinean kaiola, aterpe eta baita gerla adierazteko ere baliatua dago kadira. Irudi horiek baliatu ditut», esan zuen. Horretaz gain, obra egiteko, Telleriak asko landu ditu bi pertso- naien arteko harremanak eta kadira objektu gisa sorrarazten dituen zirrarak. «Kadiran esertze ekintza bera landu dugu eta horren inguruan aritu gara ikusgarria egiten», esan zuen.
Haurtxoak helduak bezainbat ikusten ahalko dute bihar Izpurako Faustin Bentaberri gelan eginen den ikusgarria. «Hiru urtetik gorako haurrek ikus dezakete koreografia. Umeei zuzendua dagoenez, taularatzeko txotxongilolari baten laguntza izan dugu. Erritmo maila, beraz, ohiko ikusgarriak baino askoz biziagoa da. Bi oreneko ikuskizun bat bezala landu dut», bukatu zuen esaten Pantxika Telleriak.
Maitaldia dantza jaialdian izango da
A.B.
BAIONA
Pantxika Telleriak Kadira obra berria eskainiko du bihar Izpuran bi emanaldiren bidez. Lehenengoa 14.30ean izango da, eta, bigarrena, gaueko bederatzietan. Koreografia berri horrekin, iazko Maitaldia jaialdian aurkeztutako Hiruki-lauki dantza ikusgarria ere eskainiko du Telleriak. Kadira Donibane Garazin azalduko da lehen aldikoz, eta ondotik, Maitaldia jaialdian ikusten ahalko dute ere ikusleek irailaren 10, 11 eta 18an Biarrizko Colisée aretoan. Ikusgarri horretarako piano-jotzailea egonen da taularen gainean dantzariekin batera. «Pianista gurekin lanean aritu da. Dantza sortu ondoren, piano-jotzaileak koreografiaren araberako melodia sortu du. Izpuran ezin izango du izan, beraz, grabaturiko CD batekin eginen dugu. Baina, Biarritzen izango da», adierazi zuen Pantxika Teilleriak. 2006ko urtarrilaren 11, 12, 13 eta 14an, berriz, Biarritz Kultura elkarteak antolaturik, Kadira ikusgarriarekin lau emanaldi eskainiko ditu Elirale konpainiak Biarrizko Colisée antzokian.
Dokumentuaren akzioak