Dokumentuaren akzioak
Ume zirela bizitakoak, umorez plazatik plazara
Ezin zen bestela izan. Tio Teronen Semeak dantza taldeak Lezon ere estreinatuko du Haurreskolari ikuskizun berria. Jada plaza batzuk eginak dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Baina herrikoa berezia izango da: santakrutzetan egingo dute, irailaren 15ean, 19:00etan eta Goiko plazan. Kilometro Lezo kultur proposamenaren bosgarren ekitaldiaren azken emanaldia izanen da. Taldearen hirugarren ikuskizuna da, Freshcool eta Festamentua-ren ondotik.
Ikastetxe edo eskola girokoa da Haurreskolari. Tonu akademikoaz gaindi, dantzariek ohiko duten izaera du. Hezkuntza zentroetako formaltasunetik, plazetara eramaten ari dira emanaldiarekin eurek txikitan bizitako esperientzia eta pasadizoak, giro zirikatzaile eta umoretsuarekin. Dantza egitura tradizionalak beste genero eta diziplinetakoekin fusionatzen dituzte, aurreko bi ikuskizunetatik ezberdintzen dituen elementu berritzaileekin, eta doinu oso ezagunekin. «Ikastetxeetan denok bizitako egoerak gure imajinariora ekarri, eta plazara eraman ditugu. Beti umorez, publikoarekin hartu-emana ere bilatzen dugu oraingoan ere», azaldu du Aritz Salamanca taldekide lezoarrak. Hamazazpi dantzari eta bost musikari arduratzen ari dira 2015ean sortu zen taldearen ikuskizun berria plazaratzeaz.
«Harrera izugarri ona izaten ari da Haurreskolari». Hala ziurtatu du Salamancak. Izan ere, jada herriz herri dabil ikuskizuna, eta ikusleen ikusmina asebetetzen ari direla uste du dantzari lezoarrak. «Lehenengo minututik ikusi genuen publikoarekin konektatzen duela. Jendeak oso ondo pasatzen du, baita guk ere. Sekulakoa da sentsazio hori», aitortu du.
Lan berria da udan gehien zabaltzen ari diren proposamena. Baina aurreko biekin —Freshcool eta Festamentua— tartekatzen ari dira. Taldekideei ez zaie zail hiruekin aritzea. «Freshcool-ek bederatzi urte dauzka, eta Festamentua-k sei. Oso barneratuta dauzkagun ikuskizunak dira. Bata edo bestea eskatu, guk gustura egingo dugu. Entseguetan ere ez da lana ikuskizun bat edo bestea dantzatzea. Logistikoki agian bai izan dezake eragina ikuskizun aldaketak, baina dantza eta musika aldetik, ez».
Izaera negoziaezina
Tio Teronen Semeak kalerako jaio zen. Plazetan umorea egin eta zabaltzeko. Hori da haien arrakastaren giltzarria. «Rol horretan oso gustura gaude. Hain ondo pasatzen dugu! Gure alter ego hori nolabait ateratzeko aukera izaten dugu taldearekin», azaldu du Salamancak. Kalea eta umorea ezaugarri negoziaezin dira haientzat, publikoarekin bat egitea, irribarreak eman eta jasotzea. Gozatzea eta gozaraztea. Zirikatzea eta horren ordainetan publikoa gehiago sentitzea. «Hori da gure izaera. Halakoak gara. Horrela jaio ginen, eta hala izaten jarraituko dugu».
Irailaren 15eko arratsaldean Lezon izango dira Tio Teronen Semeak. Baten batek festetako ajea badu, arras joango zaio. Umorez egindako arteak horretarako boterea ere baitu.
Dokumentuaren akzioak