Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ultraeskuindarrei gauzak errazten?

Dokumentuaren akzioak

Ultraeskuindarrei gauzak errazten?

Egilea
Elixabete Garmendia Lasa
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2023/02/02
Lotura
Berria

spaldi hasi ziren iragarkia ETB2n ematen; bi hilabetera joango da. Shen Yun izeneko ikuskizun txinatarra anuntziatzen zuen, dantzari akrobatikoz eta orkestraz osatua. Donostian eta Bilbon, urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra; Logroñon eta Sevillan, martxoaren 3tik 9ra. Hasieratik gertatu zitzaizkidan irudiak kitsch eta zaharrunoak: dantzarien jantzietan arrosa eta urdin argia nagusi, garai bateko Walt Disney konpainiako Edurnezuriren antzera; atzean, diz-diz egiten zuten paisaia artifizialak; iragarkiari ahotsa jartzen zion gizonezkoaren estiloa erabat hanpatua, demodé guztiz. Halako batean konturatu nintzen, besteak beste, hau ere esaten zuela: «China antes del comunismo». Laster hasi zitzaidan iragarkia ordenagailuan agertzen; hurrena, buzoian jaso nuen triptikoa. Horietan ere, lehen lerroan, izenburu berbera: «Txina komunismoaren aurretik» (gaztelaniaz, jakina).

Googlen apur bat arakatu, eta Shen Yun zer den jakin dut. New Yorken dauka egoitza 2006an sortutako konpainiak. Gaur egun, zortzi talde eta 500 artista omen dira guztira. Buruzagia Li Hongzhi izeneko gizona du, Falun Gong «praktika espirituala» sortu zuena; Falun Gong eboluzioaren, ateismoaren eta homosexualitatearen kontrako sekta da. Li Hongzhik bere dotrina «mendebaldarren artean zabaltzeko» sortu ei zuen Shen Yun; bere hitzetan, «ikuskizunak publikoa salbatzea du helburu». Dena osatzeko, The Epoch Times argitalpen eleaniztun ultraeskuindarrari lotuta omen dago Li Hongzhi.

Emanaldi bakarra egin du Shen Yunek Bilboko Euskalduna auditoriumean, joan den igandean; egun batzuk lehenagotik agortuta zeuden sarrerak. Eta haien salneurria? Euskaldunaren aste hauetako programazioan ageri diren garestienak: 76 eurotik 140ra. 

Donostiako Kursaalen, gaur izango du Shen Yunek hirugarren eta azken emanaldia. Kursaalaren webguneko propaganda: «Shen Yunek, bere ikuspegi artistiko eta politikoarekin, antzerki-esperientzia bidaia multidimentsional eta inspiratzaile bihurtzen du gizateriaren altxor handienetako baten bidez: Txinako kultura tradizionaleko bost milurtekoak». Hara! Kursaala Shen Yunen ikuspegi politikoari haize ematen? Kursaalaren webguneak informazio gehiago ere badakar: Shen Yun ikuskizunaren eragiletza Asociación Puro Arte Humano delakoak darama. Horren orrian sartu, eta ia konturatu gabe bideratzen zaitu The Epoch Times aldizkariaren gaztelaniazko bertsiora. Argitalpenaren joera frogatzeko, lagin gisa, albisteetako baten izenburua: «Brasil diktadura sozialista ari da bihurtzen». Garbi dago Bolsonaro dela haien kuttuna.

Izar askoko aterpeak dira kulturaren eta bereziki ikuskizunen arloetan, Euskalduna jauregia Bilbon eta Kursaala Donostian. Prestigiozko tokiak dira, maila gorenekoak. Eta ez da ahaztu behar diru publikoarekin eraikitakoak direla bata zein bestea. Beraz, kudeaketa ezin da izan txiringito pribatuen gisakoa. Horiek horrela, Kursaaleko eta Euskaldunako arduradunek ez al zekiten zer kuxidade zegoen Shen Yunen atzean? Ala jakinaren gainean, ez ikusiarena eginez, ireki dizkiete ateak? Ze irizpide erabiltzen dituzte antzoki batean zein bestean programazioa erabakitzeko orduan? Irabaziei bakarrik begiratzen diete, kosta ahala kosta?

Komunismoa —komunismo ofiziala— ez dago, ez, bere garairik onenean. Txina, Laos, Ipar Korea, Vietnam, Kuba... oraindik beren buruak komunistatzat aldarrikatzen dituzten herrialdeak ez dira inolaz ere eredugarriak sistema politikoaren aldetik. Baina sistema horren alternatiba gisa paradigma ultraeskuindarra hauspotzen dutenekin, nora goaz?

Shen Yuneko artisten jantzi zerutarretatik libratuko ahal gaitu zoriak. Hau da, hurrengoan aztiago eta zentzudunago jokatuko ahal dute Euskaldunako eta Kursaaleko programatzaileek. Bide batez, Euskal Telebistan ez al zitzaion inori susmagarria gertatu Shen Yunen iragarkia?

Dokumentuaren akzioak