Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ulisesen itzulera

Dokumentuaren akzioak

Ulisesen itzulera

'Le retour d'Ulysse', 'Cartel' eta 'Passo'

Lekuak: Miarritzeko Gare du Midi eta Kasino aretoak. Egunak: Irailak 12, 13 eta 14.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2014/09/16
Lotura
Berria

Ulises aberritik urrun dago, bere bidaietatik itzuli ezinik, eta Penelopek presoek bezala markatzen ditu bere bakardade egunak, atzeko horma beltzean marratxoak eginez. Bitartean, Telemako gazteak mahai azpitik irten eta magnetofoi bateko tekla sakatu du. Orduan, La mer kanta erromantiko ezaguna entzun dugu, eta Peneloperen zazpi senargaiek "harena bai benetako odisea!" beso eta eskuen mugimendu segida erritmikoei ekin diete, agian itsasoko uhinen antzera, baina ez halabeharrez.

Planteamendu eszeniko ezin iradokitzaile eta emankorrago horretan garatu du Christian Spuck koreografo alemaniarrak Homeroren istorio hilezina, era guztietako elementuak maisuki konbinatuz eta Odisea Henry Purcellen barrokotik igoaraziz gure denboretaraino ekartzeko. Elementuen elkartze aberasgarri horretan jariotasun handiz konbinatu dira britainiar konpositorearen pasarte instrumental eta aria ederrak "Lenka Brazdilikovaren ahots bikainak emanak" XX. mendeko abesti esanguratsu batzuekin, eta mugimenduari dagokionez, bi kontraste nagusi eratu dira: alde batetik, dantza klasikoaren eta garaikidearen artekoa, eta bestetik, Penelope eta senargaien artekoa; eta han bikainak izan dira bai taldeka bai bikoteka sortu diren dialektika dantzatuak.

Hain zuzen ere, dantza estiloetan, kontrastea baino gehiago uztartze harrigarria sortu da bi paradigmen artean, ezerezean utziz musika barrokoarekin gaurkotasunik sortzea ezinezkoa dela dioen mitoa. Zalantzarik gabe, elkarketa horren paradigma izan da Joëlle Auspert Peneloperen rolean, baina berarekin batera, maila gaindiezina erakutsi dute zazpi senargaiek, eta Atenea, Telemako, Poseidon eta Ulisesen roletan ibilitako dantzariek. Bestalde, nola ez, aipamen berezia merezi du Poseidonen karakterizazioak, ahate oinak, tutu zuria eta betaurreko beltzak izan baitira haren ezaugarriak.

Nolabaiteko performance kutsua eduki duen emanaldi honetan bere berbaldiak ere bota ditu Atenearen pertsonaia apetatsuak, eta beste pasarte dibertigarri batzuk ere izan dira, hala nola, Poseidon palmipedoaren agerpenak edota hegazkin-azafaten keinuekin egindako dantza. Haien artean, ordea, izaera tragikoa eta lirismo handia eduki dute beste askok, eta haietan nagusi izan dira Peneloperen pertsonaiaren esku izandakoak eta, zer esanik ez, Ulises itzuli berriarekin dantzaturiko duo soil eta mingotsa.

Kasualitatez-edo, hurrengo eguneko emanaldi nagusia ere "Frantziako La Coma konpainiaren Cartel" performance itxurakoa izan da: agertoki soila, soprano baten parte hartzea "Dalila Khatir kasu honetan, bere ahots bikainarekin", elementu eszenikoen erabilera esanguratsua... Proposamen garaikide honetan, ordea, ballet klasikoa egon da lanaren muinean eta hitzak hartu du erabateko protagonismoa, batez ere Michel Schweizer koreografoaren eta bi dantzarien gogoeta ironikoetan.

Haietariko gazteenak "Romain di Fazio" dantza klasikorako duen ahalmen gaindiezina erakutsi du denen arteko hizketaldi luzeek utzi diotenean, eta helduenak "Jean Guizerix" urteek utzitako jakituria erakutsi du noizean behin. Hala ere, proposamenaren jatorrizko balioa nahiko galduta geratu da dantzarien intereseko kontuak neurrigabe luzatuta eta dialogoen ustezko naturaltasuna gaizki kudeatuta. Bitxikeria bezala, aipatzekoa da hiru euskal txirrindulariren pedalkadek sortu dutela ikuskizunak behar zuen elektrizitatea, eta, beste plano batean, zalantzaren eremuan utziko dugu edari energetiko bati egindako publizitate nabarmena.

Azkenean, ezin dugu aipatu gabe utzi Ambra Senatoreren pieza. Italiar performer eta dantzari bikain honek errealitatearen pertzepzioa aztertzeari ekin dio, bere gorputza bost dantzarirengan klonatuz. Espero dugu datozen edizioetan haren umore paregabearekin eta trebezia izugarriarekin gozatzeko aukera izatea.

Ambra Senatoreren <em>Passo</em>.</em>

Ambra Senatoreren Passo. DUNI SAPIENZA

Dokumentuaren akzioak