Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ulisesek irekiko du oihala

Dokumentuaren akzioak

Ulisesek irekiko du oihala

Flandriako Errege Balletaren 'Ulisesen itzulera' obrarekin hasiko da bihar Miarritzeko Maitaldia.

Irailaren 21era arte iraunen du dantza jaialdiak, hogei bat konpainia tartekatuz
Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/09/11
Lotura
Berria

Askotarikoa eta publiko ahal bezain zabalarentzat eskuragarri izatea aldarrikatzen du aurten ere Maitaldia Miarritzeko dantza jaialdiak. Lapurdiko hirian jarria den Malandain Ballet Biarritzen dantzatik jarraiki neoklasikoak tarte berezi bat baldin badauka, urtero bezala flamenkoari, hip hopari, dantza esperimentalari zein konbentzionalagoari, guztiei atea irekiko die.

Bihar hasi eta 10 egunez, konpainien dantzaren erritmoan jarriko du Miarritzeko Midiko geltokia, Koliseoa eta Kasinoa. 12 eurotik 38 eurotara doazen sartzeak dituzte finkatu. Zenbait prezio apaltze eskainiz, partikularki pare bat dantza emanaldietara joatenez geroz. Hainbat saio urririk eta hirian barreneko plaza eta hondartzetara zabaltzekoak dituzte aldi berean. Jaialdiaren informazio guztia, letempsdaimer.com gunean.

ESTILO BATETIK BESTERA

Henry Purcell (1659-1695) musika konpositorearen zenbait lan 1940eko eta 1950eko hamarkadako kantuen erritmoekin uztartuz, 46 dantzari biltzen dituen Flandriako Errege Balletak Peneloperen itxoitea dantzatuz hasiko da, hortaz, jaialdia bihar, Midi geltokian 21:00etan. Ulisesen itzulera obrarekin Christian Spuck koreografo alemanak Odisearen interpretazio garaikide bat eskaini nahian dabil, dantza neoklasikoa oinarri. Jaialdiaren aniztasunaren ispilu, flamenkoaren ordezkari, berriz, Mercedes Ruiz izanen dute aurten. Baile de Palabra-rekin etorriko da astelehenean, irailaren 15ean, 21:00etan. Hip hopa Pierre Rigalen Derniere minute konpainiak du irudikatzekoa aurten Standards ikusgarriarekin. Frantziako banderaren koloreak fondo gisa erabiliz, nortasuna du aipagai dantzak. Eta, bereziki, gai horri begira hainbeste hitz egiten duten politikarien diskurtsoak.

PLAZETAN, URRIRIK

Antzokietatik kanpoko zenbait saioren artean, badaude Midi geltokiaren pareko baratze publikokoak. Egunero, 12:30ean. Errepika publikoak dira, arratsean berean antzokietan ariko den talde batek emanik, aldi oroz desberdina. 20an, adibidez, Maryse Delente konpainiakoak ariko dira. Beste saio berezien artean, Ex Nihilo konpainiak Loin de la ikusgarria ematekoa du igande honetan 17:00etan Miarritzeko Hondartza Handian. Akordioa lagun, haizea dute gaia. Burkina Fasoko Tene konpainiak, berriz, irailaren 20ean Itsasargira hurbiltzera du gonbidatzen. 16:00etan hasita, margo bat margotuko du nonbait dantzariak, bere gorputza izanen duela euskarri.

Ohidura bilakatu duten Hondartza Handiko barra luzea ere berriz jarriko dute jaialdiko bi igandetan, 11:00etan. Zenbait erakusketa eta hitzaldik ere biribilduko dute jaialdia. Bastien Vivesen marrazkiek, dantzari gazte baten bizia oinarri duen Polina komikitik hartuak.

GERTAKARIAK

Naonedeko CCNak estreinatuko duen La fulgurance du vivant jaialdiko gertakari nagusietako baten gisa aurkezten dute antolatzaileek. Duela bi urte Indisciblekin sortu zuela konpainiak, Miarritzen bertan, humanitatearen gorputzaren izerdiarekin bustiz ikuslea; sorkuntza berri hau horren segida da. Claude Brumachon eta Benjamin Lamarche laguntzailea aritu dira koreografia lanetan. Ideia esplikatzeko, Brumachonek dio koreografia horretan «natura erdian ezustean atzemana den ihiziaren pindarra» dagoela. Irailaren 17an, asteazkenarekin ariko dira. 21:00etan Midi geltokian.

Jaialdiko bigarren gertakari gisa aurkeztua M et Mme Rêve da. Funtsean, sartze guztiak salduak dituzte. Pietragalla dantzaria, Parisko Operako dantzari gailena izana denaren Theatre du corps konpainiarena da sorkuntza. Julien Derouault koreografoarekin eskuz esku muntatua, 3D efektu bereziz gainezka egiten du ikusgarriak. Eugene Ionescoren «amesten dugun guztia egingarri da» esaldiaren interpretazio propio baten egitea dute ideia. Midi geltokian ariko dira irailaren 21ean, jaialdiaren azken egunean, 21:00etan.

JAIALDIAREN LAGUN FIDELAK

Jaialdiko zuzendari artistiko Thierry Malandainek betidanik aldarrikatu du koreografo eta dantzari batzuekin halako harreman berezi bat, fideltasun bati lotua. Batzuk ezagunak, besteak ez hainbeste, baina ezagutarazi beharrezkoak, bultzatu, lagundu beharrezkoak. Horien artean dago, adibidez, Sebastien Perrault dantzaria. 2011n aritu zen jaialdian. Eta, orduan, jada ez zuen lehen aldia. Orduan, Malandainek Perraultez zioen «zerbait erraitekoa» duen gazte bat zela. Orain, hiru urte geroago, berriz dator beraz, Nekya dantzarekin. Ni-aren eta inkontzientziaren arteko bidaia onirikoa dela lana esplikatu du sortzaileak. Irailaren 15ean ariko da, astelehenean, 19:00etan Koliseoan.

Jaialdiko beste fidelen artean, Maryse Delente dago. Duela lau urte jadanik etorri zen emazteak omentzera bere estilo lirikoaren bidez. Eta, orduan, jada Malandainek sutsuki defendatu zuen sortzailea. Estilo berarekin dator aurten. Baina, aldi honetan, Emzara du ekarriko irailaren 20ean 21:00etan Kasinora. Emzara Noeren beste izena da. Obra honetan, Mozarten Requiem-a musika lagun, abereen eskubideen aldeko manifestua du izenpetzen koreografoak.

Vilcanota konpainia ere jaialdiaren fidel bat da. L'homme d'habitude ekarriko dute irailaren 14ean 21:00etan Midi geltokira. Zuzenean haiekin izanen dituzte Les blerots de Ravel taldeko musikariak. Konpainia honen berezitasuna irriarena izan daiteke, umorez bustiak baitira beren sorkuntzak. Beste lagun bat aipatzekotan, Norvegiako Carte Blanche izan daiteke. Jaialdiko zaleek ezagutzen baitukete taldea. Jadanik etorri da duela hiru urte. Horren berezitasuna, sorkuntza bakoitza koreografo gonbidatu batekin lan egitea da. Aldi honetan, Not here / Not ever dantza sorkuntza ekarriko dute. Sang Jijia tibetarra dute koreografo. 19an emanen dute, 21:00etan Midi geltokian.

Beste usaiako baten aipatzekotan, Donostiako Dantzaz konpainia ere badago. Ni espioi eta Few Brief Sequences emanen dituzte 13an 19:00etan Bellevue plazan. Emanaldia urririk.

GALDEZKA

Zenbait ikusgarri bereiz daitezke, menturaz, pausatzen dituzten galderengatik. Horien artean sar daiteke, adibidez, La Comaren Cartel. Michel Schweizer koreografoak dantzarien komunitatearen barneko kontuak ditu hor plazaratzen.Eta, partikularki, transmisioaren gaia, gorputzaren zahartzea dela medio. Irailaren 13an ariko dira 21:00etan Kasinoan. Sylvain Groud koreografoaren Mad konpainiak Bataille Intime & Oubli lanean Roland Topor artistaren hitzak oinarri hartuz, gorputzaren memoriaz ari da. 18an emanen dute Casinoan 21:00etan.

Sebastien Tassin dantzaria, Flandriako Errege Balletaren <em>Ulisesen itzulera</em> dantza sorkaritik hartu irudi batean.</em>

Sebastien Tassin dantzaria, Flandriako Errege Balletaren Ulisesen itzulera dantza sorkaritik hartu irudi batean. HANS GERRITSEN

Dokumentuaren akzioak