Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ukrainako Virsky Balet Nazionala Donostian ariko da gaur

Dokumentuaren akzioak

Ukrainako Virsky Balet Nazionala Donostian ariko da gaur

Dantza klasikoak eta herri inspirazioak aberastutako errepertorio zabala eskainiko du Kursaalean

Egilea
Mikel Kintana
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/11/02

Ukrainako Virsky Balet Nazionalak dantzaldia eskainiko du gaur, 20:00etan, Donostiako Kursaal Auditorioan. Emanaldi zabal bezain osoarekin datozkigu Euskal Herrira ukrainar dantzariak. Dantzaldia zuzeneko musikarekin burutuko da, eta 90 artista izango dira Kursaaleko agertoki gainean. Emanaldia Miroslav Vantoukh zuzendari artistikoak, Oleksandr Txeberko orkestra zuzendariak eta Eugeni Averianov balet maisuak gidatuko dute.



Ikuskizunari dagokionez, programa bi atalez osatzen da. Lehenengo atalean, Ukraina, nire Ukraina aurkezpenarekin batera, Povzounets kosakoen dantza, Moldaviako Zingaroak, Lupulua, Pandereten dantza eta Errusiar dantza eskainiko dituzte Ukrainako dantzariek.



Bigarren atalean, aldiz, Zaporogues kosakoen dantza, Volinskaia Virtuxka dantza, Gereziondoaren azpian, Brodatzaileak, Marinelak eta Gopak dantzatuko dituzte, ondoz ondo.



Dantza hauek guztiak era eta tradizio ezberdinetako lanak dira. Folklorea, festa, dantza beroa, dantza tradizionala, amodioa, ametsak eta dantzak eman dezakeen guztia islatzen saiatuko da Ukrainako konpainia.







Historia handia duen konpainia







Ukrainako Virsky Balet Nazionala Ukrainako dantza konpainia ofizial bakarra da. Herrialde horretako Kultura Sailaren ardurapean zuzenean dagoen konpainia Pavel Virsky eta Nikolai Bolotov koreografoek sortu zuten 1937. urtean.



Balet klasikoan haziak ziren bi koreografo horiek oso errepertorio estilizatua sortu zuten. Errepertorio hori dantza klasikoaren osagai askorekin aberasten zuten, baina herri inspirazioaren originaltasuna inoiz galdu gabe. 1980an Miroslav Vantoukhek hartu zuen taldearen zuzendaritza.



Sortu zenez geroztik, Ukrainako Virsky Balet Nazionalak munduko herrialde gehienetan eskaini ditu emanaldiak, arrakastaz beti. Ukrainako Virsky Balet Nazionalaren garrantziaren erakusle da munduan zehar izan duen arrakasta hori. Esate baterako, azken 10 urteotan hiru bider jardun da konpainia hau —eta lau astez, gainera, aldi bakoitzean— Parisko Biltzarren Jauregian. Donostiako Musika Hamabostaldian ere eskaini izan dute emanaldirik Ukrainako Virsky Balet Nazionaleko dantzariek.

Dokumentuaren akzioak