Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Uhinen mugimenduari jarraikiz

Dokumentuaren akzioak

Uhinen mugimenduari jarraikiz

Bilaka kolektiboak 'Saio zero' dantza sorkuntza estreinatuko du gaur Baionako antzokian

Bederatzigarren sorkuntza du estreinatuko gaur Bilaka dantza kolektiboak: Saio Zero ikuskizuna. 20:30ean finkatua du hitzordua Baionako antzokian. Zazpi dantzari elkartzen ditu proiektuak; koreografia Mathieu Vivierrena da, dantzariekin elkarlanean. Musika Patxi Amuletek du asmatua, hor ere beste musikarien laguntzarekin. Bideoa ere sartua dute ikusgarrian; hori ere berritasuna da Bilaka taldearentzat. Vivierrek anaia duen Mickael Vivier bideogilea aritu da lan horretan.
Egilea
Nora Arbelbide Lete
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/06/22
Lotura
Berria

Aitzineko sorkuntzei begira, menturaz hau «borobilduenetako» bat dela uste du Mathieu Vivierrek. Bigarren koreografia du hau; lehena Negua izan zuen. 2011n kolektiboa sortu zenetik esperientzia metatzen ari direla-eta, hori senti daitekeela deritzo koreografoak. Dantzarien inprobisazioetatik ere aitzineko sorkuntzetan baino gehiago lan egin dutela gaineratu du.

Dantza aldetik, honela esplikatzen du Vivierrek beren intentzioa: «Kultura garaikidetik dantza eta kultura tradizionalak esploratzea». Edo beste gisa batez erranik, ikusgarri honetan: «Euskal dantza kutxatila garaikide batean sartu nahi izan dugu».

Vivierrek esplikatu du euskal dantza tradizionalaren teknika oinarri gisa erabiltzen dutela mugimenduak sortzeko. Nahiz eta batzuetan oinarri horretatik urrundu, konstrukzio erritmikoa beti mutxikoetatik heldu da. «Pentsa daiteke beharbada ezin dela sorkuntza garaikiderik egin dantza tradizionalarekin. Guk, haatik, esperientzia hori egin dugu ikusgarri honekin, modu berretsian. Beste batzuetan baino gehiago». Beste dantzen aldetik, ez daukala erreferentzia zehatzik azaldu du Vivierrek. Izatekotan, «afinitate bat», Sidi Larbi Cherkaouiren lanarekiko. Eragin zuzenagoa ikusten du bideo sorkuntzan. Horretan, argiki, Bill Viola biodeogilea dute erreferentzia nagusia. Dramaturgian ere haren eragina senti daitekeela dio.

Ikusgarria antzokietarako pentsatua da espresuki. «Eszena antolaketa aldetik anbizioa duen sorkuntza bat egin nahi izan dut. Antzokietarako zerbait saiatu. Maite dut pertsonalki antzoki batean izatea. Eta uste dut euskal kulturak merezi duen leku bat ere badela. Biziki kontent naiz Baionan horrelako aukera bat izateaz, euskal kultura aurkezteaz testuinguru horretan. Eta funtsean, sarrerarik ez da gehiago gelditzen. Ikusleen partetik nahi bat badela erran nahi du horrek, sorkuntza garaikidearentzat euskal kulturatik abiatuz», esplikatu du Mathieu Vivierrek.

Trama aldetik, itsasoa izan dute inspirazio iturri nagusietako bat. Bideoak eman die aukera, hain zuzen, itsasoa taula gainera ekartzeko. «Infinitoa den» lantzeko aukera eman die uhinaren irudiak. «Errepikakorra dena. Dantza eta gure kultura ere aipatzeko aukera ematen digu horrek. Infinitua dena baita ere kultura, beti mugimenduan». Dantza aipatzeko aukera emateaz gain, uhinaren «mugimendu organikoa» dantzarako iturri ere izan dute.

Saio Zero-z gogoetak hasterakoan Vivierrek ukan dituen galderak partekatu nahi ditu ikusleekin. Izan ere, dantza eta dantzaria ditu ikusgarriak bigarren elementu nagusi. Lehenik dantzaz: «Urrunegi joaten ote gara? egiten duguna egiten ahal ote dugu dantza tradizionalarekin?». Eta gero, dantzariaz: «Zer erran nahi duen euskal dantzari izateak. Zergatik obsesionatzen gaitu hainbeste sorkuntzak?».

Konkretuki, dantzarien hitz hartze batzuen bidez azalduko dituzte kezka horiek. Baita pantailan jarriko dituzte hitz batzuk ere. Dantzatzeko mementoan dantzariaren buru barneko pentsamenduen direnen lekuko. Artetik erraiteko, euskaraz mintzo dira dantzariak, baina esan horien itzulpenak irakurtzen ahalko dira ere pantailetan, bideoan integratuak.

<em>Saio zero</em> ikusgarriaren irudi bat.

Saio zero ikusgarriaren irudi bat. BILAKA

Dokumentuaren akzioak