Dokumentuaren akzioak
Uhinarena, planeta osoan
Big Dance ekitaldiarekin hasiko da aurtengo Olatu Talka jaialdia Donostian. Mundu osoan, hiru minutuko koreografia bat prestatzen ari dira, ekialdetik mendebaldera dantzatzeko.
Orain identitatea erakutsiko dugu», esan du zuzendariak, eta dantzariak eskua aurpegitik kentzen hasi dira, txandaka. «Olatua jarraituko dugu». Olatu kontua da guztia. Londrestik helduriko dantza irakasleak Donostia inguruko hamar dantza irakaslerekin ari dira lanean, Viktoria Eugenia antzokiko ganbarako dantza aretoan. Big Dance dantza ekitaldi erraldoia prestatzen ari dira. Maiatzaren 20an egingo dute, mundu osoan, eta Donostia izango da agertokietako bat.
«Big Dance olatu bat bezalakoa da», azaldu du Richard Parr egitasmoaren ekoizleak, Donostiako ikasleen mugimenduei begiratzen dien bitartean. Australiatik hasita, AEBetako Ozeano Bareko kostaraino, 50 herrialdetan egingo dute hiru minutu eta erdiko koreografia, 13:00etan. Tokian tokiko orduaren arabera egingo dutenez, ekialdetik mendebalera egingo du uhinak, egunak aurrera egin ahala. Urte berria ospatzeko su festak bezalaxe, alegia. Parrek esan duenez, 100.000 parte hartzaile espero dituzte aurten. Dantzaren indarra, gizarteak mugiarazteko da egitasmoaren leloa. «Edonork egiteko moduko dantza» bilatzen dutela esan du Parrek. Donostian, Olatu Talka jaialdiaren barruan egingo dute. Izan ere, herritarren sorkuntza lana kalera atera nahi duen jaialdia egun horretan hasiko da.
Dantzarako ohikoak ez diren lekuetan egiten da Big Dance: kaleetan, zubietan, museoetan, liburutegietan... Donostian hondartza erabiltzearekin oso pozik dago Parr. «Leku askotan egingo da dantza munduan, baina hondartza ondoko gutxi ditugu».
Aurten, azkena
Ziklo bat itxiko du aurtengo Big Dance egitasmoak. 2006an egin zuten lehena, eta, geroztik, bi urtetik behin antolatu dute. Maiatzekoa, beraz, bosgarrena izango da, eta azkena. «Beste izen bat hartuko du gero, eta kontzeptua aldatuko da», iragarri du Parrek.
«Bat, bi, hiru...». Zortziraino markatu ditu urratsak Jennifer Irons trebakuntza saioko zuzendariak. «Galtzen bazarete, ez kezkatu, ez dago arazorik, denok alde berari begira amaituko dugulako», esan die ikasleei. Horiek denak emakumezkoak dira, bat izan ezik.
Aurtengo koreografia Akram Khan dantzari ingelesari sortzeko eskatu diote antolatzaileek. Asia hegoaldeko kathak dantza moldean trebatu ondoren, dantza garaikideari ekin zion. 1999. urtean bere izena daraman konpainia sortu zuen. Londresko 2012ko Olinpiar Jokoak zabaltzeko zeremoniako atal bat Khanek sortu zuen. «Oso espirituala da Big Dancerako prestatu duen pieza», esan du Parrek. «Nortasuna, bidaia eta migrazioa» hartu ditu gaitzat, besteak beste.
Bi egun daramatzate Ironsek, Parrek eta taldeko beste kideek Donostian. Madrilen egon dira aurretik. Hainbat hiritara bidaiatzen ari dira, jendeari dantza irakasteko, gero haiek euren ikasleei irakats diezaieten.
Irons zuzendaria harrituta dago Donostiako ikasleek «oso azkar harrapatu» dutelako koreografia. «Esana zidaten hemen dantzariak oso bizkorrak zirela». Etxekoei losintxa egin nahi ote dien galdetuta, ezetz esan du dantzariak serio; «denboraren erdia» behar izan dutela nabarmendu du.
Azken saioa egiteko prestatu dira dantzariak: billarreko bolak legez eseri dira, partidaren hasieran bola zuriaren kolpearen zain baleude bezala. Arnaska mugitzen hasi dira, eta orduan sartu da Nitin Sawhney musikagilearen doinua. Khanen bikotekide perfektua da Shawney: dantzariaren gurasoak Bangladeshkoak dira; musikariarenak, Indiakoak. Asiako eta beste lekuetako musika jazzarekin eta elektronikarekin nahasten ditu.
Ingalaterran hasi zen, beraz, Big Dance egitasmoa; «baina dantzaren lengoaiak ez duenez mugarik, berez zabaldu da mundu osora», Parrek esan duenez. Dantza norberaren erara moldatzeko askatasuna ematen diete antolatzaileek taldeei. Batzuek jantzi bereziak prestatzen dituzte. «Beirutekoek beti harritzen gaituzte», esan du Ironsek.
Saioa amaitu da. Bazkaltzera joateko prestatzen ari dira irakasleak eta ikasleak. Azken horietako bat da Maria Zulueta. Khan koreografoaren «zale amorratua» delako eman du izena. «Oso espirituala da: mugimenduaren bitartez, harago begiratzen du Khanek, eta, haren bidez, zeuk ere ikusi egiten duzu gorputzaz harago dagoen hori», esan du.
Ikasitakoa, orain, bere ikasleei eramango die. Mugimenduak ikasiko dituzte euren dantza estudioan. Taldean landuko dituzte ideiak, gero, maiatzaren 20ko Big Dance dantza handian nola aritu erabakitzeko. «Ez dugu ezer xelebrerik egingo».
Dokumentuaren akzioak