Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ugarritzak eta Maral banda tarteko, laurehun lagunek ospatu zuten San Ignazio Arrecifeseko Euskal Etxean

Dokumentuaren akzioak

Ugarritzak eta Maral banda tarteko, laurehun lagunek ospatu zuten San Ignazio Arrecifeseko Euskal Etxean

Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Arrecifes, Argentina
Mota
Albistea
Data
2008/08/25

San Ignazioren ospakizunak uztailaren 31n bertan, osteguna, hasi ziren Buenos Aires probintziako herri honetan. Euskaldunak Danak Bat Euskal Etxeko bazkide eta lagunak hilerrira hurbildu eta komunitatean zendutakoak ohoratu zituzten euskaldunen panteoiaren aurrean, ohoratu ere Victoria Abasolok Marianela Rimini txistulariaren laguntzaz dantzatutako aurreskua medio. Ondoren, bildutakoak Immigranteen Plazara mugitu ziren, bertan Argentinako ereserkia eta Eusko Abendaren Ereserkia abesteko. Segidan, dantzari txikiek eta euskara barnetegian parte hartzen ari ziren ikasleek kolorez bete zuten enparantza dantza eta kalejira alai eta higikor batekin.

Igandea, berriz, meza batekin hasi zen, goizeko hamaiketan, San Jose de los Arrecifes parrokian. Elizkizuna bukatuta, jendea Euskal Etxera biltzen hasi zen, hura baitzen 380 lagunentzat prestatutako bazkariaren egoitza.

Dantzariak eta 'Iñaki' txikia

Hitz hunkigarriez eman zien bildutakoei ongietorria  Marilin Boveda Euskaldunak Danak Bat-eko lehendakariak eta ondotik Juan Bautista “Iñaki” jaio berria aurkeztu zien, Facundo Araguz, dantza taldeko zuzendariaren lehenengo semea. Juan Bautista San Ignazio egun berean jaio zen eta oraingoz, Euskal Etxeko partaide txikiena da.

Bazkalostean, dantzariak agertokia eurenganatu zuten. Hasieran Ugarritzak taldekoan aritu ziren, gero txikiak, eta bukatzeko “txiki-zaharrak”, esan nahi baita aurten hasi den helduen dantza taldea. Dantzak geroago segituko zuen, baina bostak inguru publikoa prest zegoen Arrecifes bertako Maral musika taldearen errepertorio euskalduna entzuteko. Mariana Dominek, taldearen ahotsak, bere ohiko xarmaz, euskaraz kantari jarri zituen bildutakoak.

Maral eta Ugarritzak

Baina eguneko momentu onenetako bat doaike, Ugarritzak-ekoek Fandangoa eta Arin-Arina Maral-en zuzeneko musikak babestuta dantzatu zutenekoa izan zen. “Hau oso gutxitan gertatzen da hemen Argentinan, alegia zuzeneko musikaz dantza egiteko aukera izatea, eta guretzat, hori lortzea, eta Maral bezalako talde baten eskutik, harro egoteko zerbait da”, aitortu zuten dantzariek.

Egundoko jaia iluntzeraino iritsi zen, gerokoan Tumbao taldearen erritmoarekin. Hauek ere zuzenean jo zuten eta Argentinako mota askotako soinuak oparitu zizkieten Euskal Etxeko areto nagusian dantzatzeari uzteko gogo gutxiz azken mementuraino beste bat-ka jardun zuten hamaika lagunei.

 

2008 arrecifes san ignazio-03

[Ugarritzak talde euskal arrecifestarra bere emanaldia eskaintzen]

Ugarritzak eta Maral banda tarteko, laurehun lagunek ospatu zuten San Ignazio Arrecifeseko Euskal Etxean

Arrecifeseko Euskal Etxearen baitan aurten sortu den dantzari 'Txiki-zaharren' taldea denbora goxoa pasatzen dantzan jo ta ke

 

Dokumentuaren akzioak