Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Udaldiaren amaiera

Dokumentuaren akzioak

Udaldiaren amaiera

Miarritzeko Maitaldia

Konpainiak: EliralE, Ekuadorko Dantza Konpainia Nazionala eta Torinoko Antzokiko Balleta. Lekuak: Miarritzeko Les Decouvertes, Kasinoa eta Gare du Midi antzokiak. Egunak: irailak15 eta 16.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2012/09/18
Lotura
Berria

Uda bere azkenetan dagoela amaitzen da Miarritzeko Maitaldia, eta horrek galera sentsazio bikoitza uzten digu beti, urrun ikusten ditugulako hurrengo udaldia eta dantza sorta bikaina berriz ere ikusteko aukera.

Jaialdiaren azken egunetan Euskal Herriko hiru talde programatu dira: Anakrusa kalean eta lan labur batekin, Dantzaz konpainia Naufragoak piezarekin hondartzan, eta EliralE H delakoaren estreinaldiarekin, Les Decouvertes aretoan. H piezarako Amaia Hennebutte-Millard eta Ur Apalategiren testu banatan oinarritu da Pantxika Telleria, nahiz eta piezaren egituragatik gehiago nabarmendu den Amaiaren Himalayajavakaputazidiburrina izenekoa.

Ipuinaren protagonista neskato bat izanik, partxiseko kolore bana nagusitu da pertsonaia bakoitzaren arropan, eta hitzek eta soinuek garrantzi handia hartu dute proposamenaren diseinuan. Noizean behin kantuka etorri zaigu testua, beste batzuetan bi mutilen jantzietatik irten da musika —Piazzolaren tango baten hitz dibertigarriekin, kasu—, eta nagusiki, Joxelu Berasategik gidatu du kontakizuna, bere deklamazio sinkopatuari esangura emanez eta haurtzaroa taldekideekin gogoraraziz, silabak txantxikuen soinu politen antzera ahoskatuta.

Funtsean, ulertu ezin dugunaren defentsa egiten dute idazle biek, logika hutsaren antzutasuna nabarmenduz, eta Telleriaren hautua ere bide horretatik ibili da: hasierako hermetismoa gorabehera, ipuin bateko ilustrazioak balira bezala atondu ditu taula gaineko irudi poetikoak, irakurlearen barne sentsazioak irudikatuz eta balizko narrazio linealari uko eginez.

Hurrengo egunean, beren maila ukaezina erakutsi du Ekuadorko Dantza Konpainia Nazionalak, Maria Luisa Gonzalezen gidaritzapean. Lehen atalean Jorge Alcolea kubatarraren La condicióndantzatu dute, estetika garaikidea, bideo-irudi sormentsuak, hari-txotxongilo bat eta dantzarien itzal proiektatu poetikoak konbinatuz. Bigarren aldian, berriz, El otro Bolero etorri da, Ravelen melodia ezagunarekin. Ziburuko semeak ez zuen inoiz pentsatuko bere musikan inspiraturiko koreografiak hirutan emango zirela jaialdi berean, baina kasu honetan behintzat, merezi izan du, Herve Maigretek keinu aberats eta edertasun sakoneko lana sortu baitu, giza dentsitate handiko esaldi eta segida koreografikoak osatuz jatorrizko konposizioaren mekanikatik haratago.

Amaierako emanaldia Torinoko Antzokiko Balletari egokitu zaio, Le vergini lanarekin. Edertasunaren iheskortasuna gaitzat hartu duen lan honek hasiera bikaina ukan du maillot zuria janzten zuten sei dantzari lirainak eszenako eremu zurian sartu eta behera ziplo erortzean. Metafora ausart horrekin hasi eta beste hainbatekin jarraitu du Matteo Levaggiren koreografiak Hildur Gudnadottir-en musika tragikoaren pean. Eszenako sei dantzariek edertasun abstraktua erakutsi dute, gizon edo emakume izateari kasu egin gabe, eta ugariak izan dira gogoetarako pausak, mugimendua bera pausatua izateaz gain. Gorputzak une batzuez altxatzen ziren, zoruan erorita luzaroan geratzeko, eta estilo garaikidea ariketa atletikoekin eta ballet klasikoko ukituekin elkartu da, edertasuna lortzeko bilaketa desesperatuen artean. Emanaldiaren erditik aurrera, ordea, ezerezean geratu dira koreografoaren asmoak, eta Txaikovskiren melodia erromantiko berantiarretan galdu dira dantzarien ahaleginak eta proposamena bera.


Elirale konpainiaren H. / ELIRALE

Dokumentuaren akzioak