Dokumentuaren akzioak
Udal agintariek ere suaren inguruan dantzatu dute
Ilunabarrean hiriko auzo guztietan piztu ohi da sua. Konstituzio plazakoa izan da goiztiarrena. Aurten gainera, hiriaren suntsiketa eta berreraiketaren bigarren mendeurreneko ekimenekin bat egin dute San Joan bezperako ospakizunek, eta aintzinako hainbat ohitura ekarri dira gogora.
Udal agintarien dantza erakustaldia izan da aldatu ez dena. Hesien atzean irrikaz zain egon dira Konstituzio plazara gerturatu direnak. Udal agintariak berriz, urduri samar zeuden saioa hasi aurretik, baina 19:00ak puntun zirenean, dotore dotore atera dira plazara Goizaldi dantza taldeko kideekin batera.
Udal txistulari bandak jotako doinuei jarraituz dantzatu dute udal ordezkariek eta gogotik egin diete txalo ikusleek. Esku dantza eta soka dantza dantzatu dituzte, besteak beste, eguerdian plazaren erdian jarritako lizarraren inguruan.
Ondoren, sua piztu dute eta fandangoa, arin arina eta kalejiran ibili dira, zuhaitza pixkanaka erretzen zen bitartean. Behin dantzak amaituta, sua itzali eta ohitura den moduan hiritarrak lizarraren ezpalak hartu dituzte.
Giro ederra sortu da Konstituzio plazan, eta suaren inguruan dantzan hasi den arratsaldea, erromeriarekin luzatuko da, urteko gaurik berezienean.
Dokumentuaren akzioak