Udako solstizioa ekainaren 17an ospatuko da Chilida Leku Museoan. Iaz eguraldiagatik bertan behera geratu zen, baina aurten hitzordua jarrita dago berriz ere hernaniarrentzat zein Hernanitik kanpokoentzat.
Sarrerak salgai daude Biterin. Hernaniarrek prezio erdian eskuratzeko aukera izango dute, hau da, 10 eurotan. Emanaldia 20:30etan hasiko da, baina lehenago museoaren inguruaz gozatzeko aukera izango da, ateak 18:00etan irekiko baitira. Behin leihatilako sarrerak agortuta, internet bidez erosi ahal izango dira Chillida Leku Museoaren webgunean, baina deskonturik gabe.
Doos Colectivo konpainiaren Gorp(huts) ikuskizuna izango da ikusgai. Eva Guerrero koreografoak zuzendutako pieza hau ibiltaria da, eta museoaren kanpoko espazioan barrena ibiliko da, Chillidaren eskulturekin interakzioan.
Dantzaren, ahotsaren eta musikaren bidez egindako bidaia eszeniko eta poetikoa da, pertsona baten sakontasunean barrena. Obrak barnera begira egindako bidea egiten du, beharrezkoak ez diren geruzez husteko asmoz, natura, barruko animalia eta espiritualtasuna bateratzen diren barealdira iristeko.
Gorp(huts) dantzatutako ibilaldia da, ibilbide kontatua, hitz egindako hutsa. Lan ibiltari honetan, eskulturak, musika eta ahotsa modu organikoan elkarrekin bizi dira.