Dokumentuaren akzioak
Udako solstizio hasierako jaiak
Azeri dantza, zikiro afaria, kontzertuak eta pilota partidak izango dira Andoaingo jaietan larunbata bitartean
Musika arloan, Ruper Ordorika, Lax'n Busto eta Esne Beltzaren kontzertuak ikusi ahal izan ziren bart, eta Euskaraokea, Gozategi taldearekin dantzaldia, Green Manalishi eta Sagarroi taldeen kontzertua, Kaotiko eta Kanpanolue haur berbena ikusteko aukera egongo da gaurtik larunbata bitartean.
Bertsolariek ere izango dute lekurik sanjoanetan, gaurko antolatu duten Bertsolari jaialdian. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Jexus Mari Irazu, Iker Alustiza eta Beñat Gaztelumendik botako dituzte bertsoak Joxemanuel Oiartzabalek jarritako gaiekin.
Dantzei dagokienez, Andoainen ohikoak diren azeri dantza eta sokadantza ikusteko aukera egongo da egunotan, baita Aiko taldearekin dantza saio irekian parte hartzekoa ere. Euskal dantzekin batera, Andoaingo Musika eskolako Soinu taldeak eta Txiki bandak, dultzaineroek, txistulari bandak eta Agustin Leitza elkartearen danborradak bertako ukitua emango diote sanjoanetako festari.
Jaiek, hala ere, kanpoko ukitua ere izango dute, musika arloan McKensy's Clan Band eskoziar taldearen eskutik, eta dantzan funk eta hip hop emanaldiekin.
Janariari dagokionez, ostiralean zikiroa jateko herri afaria antolatu dute. Horrez gain, asteazkenean jubilatuentzat eta 80 urtetik gorako aiton-amonentzat bazkaria antolatu dute Oianume jatetxean.
Kirolei dagokienez, pilota partidak izango dira ostiralean. Lehenengo partidan, Olaetxea eta Urrizelki Belloso eta Oteizaren aurka lehiatuko dira. Bigarren partidan, berriz, Koka eta Begino Olaizola II.aren eta Mendizabal II.aren aurka ariko dira.
Herri kirolak ere izango dira sanjoanetan. Asteartean, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa egingo dute, eta, ondoren, bere marka hausten saiatuko da Mari Jose Sardon harri-jasotzailea.
Kale izendegien liburuxka
Jaietako programarekin batera, Andoaingo Udalak jakinarazi du hiriguneko plazen, kaleen, zeharkaleen, etxeen eta eraikinen izenen jatorria eta historia azaltzen dituen kale izendegia argitaratuko duela. Hiru liburuxkaz osaturiko sorta baten lehen zenbakia jarriko dute salgai.
Andoaingoak zein kanpokoak diren lagunen izenak agertzen dira kale izendegian. Horiek guztiek lanean jardun izan dute Andoainen hobekuntzak lortzeko helburuarekin. Horregatik, herritarrek erabaki dute Andoaingo kaleei horien izenak jartzea.
Besteak beste Juanita Alkain Izagirre kalearen izenaren historia azalduko dute liburuxkan. Emakume horrek bere etxean Andoaingo lehen ikastola sortu zuen, eta umeak euskaraz hezteaz arduratu zen 1931tik 1936ra bitartean. Egindako lana eskertzeko, Andoaingo Udalak bere izena jarri zion Kale Nagusiko bere etxeari eta ondoko plazari.
Era berean, Carmen Alcacera kalearen izenaren zergatia argituko dute liburuxkan. Emakume hori emagin aritu zen lanean 20 urtez, eta Andoaingo emakumeei erditzen laguntzeaz, artatzeaz eta zaintzeaz arduratu zen. 1961ean hil zen arren, askok zuten Carmen Alcacera gogoan, eta Txitibar eta Etxeberrieta hiriguneetako kaleen eta plazen izenentzat herritarren proposamenak bozkatzeko eskatu zutenean, Carmen Alcacera kalea izan zen boto gehien jaso zituen proposamena.
Non zer
GAUR
09:30. Diana.
10:30. Artisautza feria.
11:00. Meza nagusia.
12:00. Azeri-dantza.
13:00. Kartelen sari banaketa.
13:00. Txiki Banda.
17:00. Artisautza feria.
17:30. Herri kirolak.
19:00. Kanpanolue haur berbena.
19:30. Bertsolari jaialdia.
BIHAR
11:30. Haur parkea.
12:00. Meza nagusia.
14:00. Jubilatu eta 80 urtetik gorakoentzat bazkaria.
17:00. Funk eta hip hop emanaldia.
17:00. Haur parkea.
18:00. Haur danborrada.
19:00. Kalejira Andoaingo dultzaineroekin.
19:00. Euskaraokea.
22:30. Astondoa pirotekniaren su festa.
Dokumentuaren akzioak