Dokumentuaren akzioak
Udaberriari deiadarra
Oarsoaldea eta Bidasoan ere karrozen desfileak nagusi dira herri handietan, Irun, Errenteria-Orereta eta Trintxerpe, kasu, baina oraindik tradizioari eusten dioten herriak badira. Lezon eta Oiartzunen, beren inauteri propioak dituzte euren pertsonaiekin: Trapujale, Lezon, eta intxixu nahiz sorginak, Oiartzunen. Hondarribia, Irun eta Hendaian, berriz, euskal inauterien pertsonaiak eraman dituzte euren herrietara: mairuak edo Zanpantzar, adibidez.
Gaur iritsiko dira Ihoteak Oiartzunera, eta datorren astean, berriz, gainontzeko herrietara. Udaberriari deiadar egiteko unea da.
Oiartzun . Ihoteak
Aspaldiko tradizioa da ihoteena Oiartzunen. Ion Zabaleku Ihoteen Taldeko kideak azaldu duenez, garai batean kuestazioa egiten zen sasoi honetan Oiartzunen. Frankismoan ohitura hori desagertu egin zen, baina 1989an elkartu zen talde bat hori berreskuratzeko. Hala, ohitura eta kondaira zaharretan oinarrituta, egungo ihoteak sortu zituzten, eta 1991an egin ziren lehenengoz.
Zabalekuk azaldu duenez, pertsonaia guztiek Oiartzunen dute jatorria: «Mitologian intxixuak azaltzen dira, baina Oiartzunen toki handiagoa izan dute. Hala, Oiartzungo ohitura bezala, ihoteak ez daude beste inon ezta intxixu eta sorginik ere».
Gaur hasiko dira ihoteak —ostiralarekin, urtero bezala—. Intxixuak menditik jaitsiko dira, eta plazan harrera egingo diete zakuz jantzitako herritarrek. Bandera igotzearekin batera, festa hasiko da, eta suaren inguruan dantza egingo dute. Bihar kuestazioari egingo diote tokia, ohiturari segituz. Auzoka banatu eta baserriz baserri joango dira dantza eta eskean. Igandean, intxixu eta sorginei agur esango diete berriro dantzan, datorren urtera arte.
Aurten berritasun nagusi bat izango dela jakinarazi du Zabalekuk: kuestazioko bazkaria bateratu egingo dutela. 350 lagun biltzea espero dute. Jaiak antolatzeaz Ihote Taldea arduratzen da.
Lezo . Trapujale
25 urte bete zituen iaz Lezoko Trapujalek, eta hori ere euskal inauteria sustatzeko talde batek sortu zuen. Guztia, lezoarrei trapujale deitzen zietela jakitetik sortu zela azaldu du Jon Legorburu euskal inauteria antolatzen duen Trapujale Taldeko kideak: «Ez dakigu zehatz mehatz trapujale deitzea nondik datorren. Kondaira batzuen arabera, Victor Hugo Lezotik pasatu zenean, esaten zuen gosete handia zegoela, eta trapuak ere jaten zituztela. Badirudi Lezo oso herri pobrea zela, eta agian, hortik etor daiteke».
Hala, Trapujaleren kondaira sortu zuen talde horrek. Lezoko inauteriak bere ezaugarri propioak ditu, Legorburuk azaldu duenez: «Herrikoia da, bertakoa eta orijinala, ez da inongo kopia, inauteri propioa dugu».
Inauteriak Ostegunzurian hasiko dira —hurrengo ostegunean—, eta Ostiraloria, Larunbatgorria eta Astelehenarrea pasatu ondoren, Asteartebeltzean bukatzen dira, Trapujaleren epaiketarekin. Lehenengoa eta azkena dira egun garrantzitsuenak. Hasteko, Martizkone baserritik jaitsiko den Trapujaleri harrera egingo diote, musika eta dantzarekin. Bukatu epaiketarekin egingo dute, eta ardiak lapurtu diotela egotzita, burua moztuko diote Trapujaleri. Hark, ordea, barkatu egingo ditu lezoarrak, eta hurrengo urtean berriro bisitatuko ditu.
Irun . Dantza eta puska biltzea
Duela bost urte hasi zen Kemen dantza taldea euskal inauteria sustatzen Irunen. Hala, urtero, Euskal Herriko inauteri bat lantzen dute, «desfileez gain, beste esparru bat badela erakustarazteko», esan du Eder Valladares dantza taldeko kideak.
Aurten Lantzeko inauteri bihurtuko dituzte Irun erdialdeko kaleak, martxoaren 1ean. Dantza eta antzerkia uztartuko dituzte, eta Miel Otxin, Ziripot, txatxoak eta bestelakoak ikusiko dira. Urtero bezala, desfile hori hurrengo larunbat goizean egingo dute. 300 inguru lagun elkartzea espero dute antolatzaileek.
Igandean, berriz, puska biltzea egingo dute baserrietan barrena. Kemenez aparte, beste elkarte batzuek ere parte hartzen dute, eta bakoitzak auzo bat hartzen du: Kemenek Olaberria, Eraikik Bidasoa eta Behobia, Meakak Meaka eta trikitilariek Anaka. «Irungo landa auzoetan galdu ez den ohitura bat da gezurra badirudi ere», adierazi du Valladaresek.
Hondarribia . Mairuak baserriz baserri
Hondarribian bazen ohitura mairuak baserriz baserri joatearena, eta 1992an berreskuratu egin zuen Emeki elkarteak, «ekitaldi hori suspertzeko», adierazi du Montse Garmendia Emeki elkarteko kideak.
Mairuen ekintza hurrengo larunbatean egingo dute, ohi bezala, eta hamarnaka lagun zaku eta zapelak jantzita trikitilarien erritmopean dantzatuko dute. Helburua ahalik eta jende gehien elkartzea eta ondo pasatzea dela adierazi du Garmendiak, eta umeak ere erakarri nahi dituzte.
Baserrian bildutako janariarekin bazkaria egingo dute Emeki elkartean.
Hendaia . Mairuak baserriz baserri
Euskal inauteriak Hendaian ospatu behar zirela kontzientziatu nahian hasi zen Akelarre elkartea lanean 1975an . Euskal inauterien berri eman nahi zuten, eta horrekin batera, inauteri orokorra ere antolatu. 2001. urtetik Inauteri Komiteak antolatzen ditu.
Txema Egiguren Inauteri Komiteko kideak azaldu duenez, herriko hainbat elkarte eta norbanako biltzen dira batzorde horretan: Baleak, Akelarre, Mutxiko, Gure Ikastola, joaldunak, Zartai banda, Besta Komitea eta Lanetik Egina.
Martxoaren 8an, larunbata, izango da Hendaian inauterien txanda. Goizean dantza eta musika izaten da auzoetan. Handik festa erdialdera eramango dute. Hala, arratsaldean, kalejira egingo dutela jakinarazi du Egigurenek, eta bertan Zanpantzarren epaiketa egiten dutela: urtean zehar herrian egindako kalteak leporatuko dizkiote eta sutan erreko dute.
Aurtengo berritasuna festa erdigunera eramango dutela dela adierazi du batzordeko kideak, eta karpa bat jarriko dute, DJ «berezi» batekin.
Egigurenek azaldu duenez, Euskal Herrian geratzen diren inauteri banaka horien isla artzen dute Hendaian, «Euskal Herrian inauteri propioa nahi dugula aldarrikatzeko».
Inauteriek, oro har, harrera ona dutela adierazi du, baina «indar handiagoa» eman behar zaiela, eta batez ere, «jendeari trasmititu euskal inauteriaren benetako funtsa».
Joseba Aurkenerena, idazle eta irakaslea: «Lan handia egin dute irauten zuena berpiztuz edo galdua zena asmatuz»
Wikipedian Inauteriak Euskal Herrian hitza sartuz gero, Joseba Aurkenerenak (Donostia, 1956) idatzitako hainbat testuetara lotura ageri da. Euskal kulturan aditua da, eta Lezori lotua: Trapujaleren sorreraren atzean egon zen beste hainbatekin batera. 2008n Trapujale Saria jaso zuen.
Zergatik ospatzen dira, jatorriz, inauteriak Euskal Herrian?
Inauteria neguko solstizioaren eta udaberriko ekinozioaren arteko denboraldi ilun, urri eta luzea da. Lurra lo dago, uztarik eta fruiturik gabe, bizidunak udaberriarekin batera etorriko den berotasunaren zain dira… Baina lurra ez da berez esnatuko, esnatu beharra dago, soinua eta burrunba eginez, sua piztuz, urteroko erritualak errepikatuz… Horixe da inauteria eta horixe da bilatzen duena, eguzkiaren itzulera, biziaren berpiztea, zikloaren itzulera.
Euskal inauterien hainbat adibide ditugu Euskal Herrian. Ospatzeko modu eta protagonista ezberdinak dituzte, baina zer dute komunean?
Euskal inauteria anitza da, baina badira hainbat pertsonaia eta elementu errepikatzen direnak. Zanpantzar horietako bat dugu: erre edo hil beharra dago, ziklo berria (urte berria) onuragarriagoa eta oparoagoa izan dadin.
Hartza ere ia inauteri guztietan azaltzen da. Negua hibernazioan pasatzen zuela ohartzean ama-lurraren pertsonifikaziorik onena zela ikusi zuten. Ama-lur beraren zikloa errepikatzen du, neguan lo gelditzen da ziklo berriaren zain.
Errepikatzen zaizkigun elementuen artean ixopoa dugu, espiritu gaiztoak uxatzekoa, soinua egiten duten tresnak, adarrak eta halakoak. Hauen helburua lurra esnatzea da. Su garbitzailea ere ia inauteri guztietan azaltzen zaigu: pasatutako txar, gaitz eta ezbehar guztien amaiera azaltzen digu.
Inauteriak Aste Santuaren arabera kalkulatzen dira gaur egun. Nola eragin die erlijio kristauak inauteriei?
Hala da. Kristauek ez zuten Europa osoan burutzen zen inauteria inoiz begi onez ikusi. Hori dela eta, lehen garaietan, elizak galarazi egin zuen. Gero ezinezkoa zela ikusterakoan bereganatzea erabaki zuen. Horretarako bere erritualen barruan kokatu eta eraldatu zuen. Hala ere, inoiz ez du guztiz onartu. Hori dela eta, inauteriko asteartearen ondoren Hausterre ezarri zuen, herritarrek inauterian egindako bekatuez damu zitezen. Inauteriaren izen zaharra inote / inaute edo ihote / ihaute dela dirudi. Bukaeran kualitate txarra adierazteko azaldu zaion –eria atzizki hori berantiarragoa da. Julio Caro Barojak idatzi zuenari jarraiki, badirudi eliza kristauak jarritakoa dela, eta ez onartze horrekin zerikusi zuzena duela.
Ia herri guztietan ospatzen dira inauteriak, baina benetan zer da gaur egun ospatzen dena?
Hirietako inauterietan, Donostian, Bilbon… parranda hutsa da, baina herrietako inauteri zahar horietan badago oroitzapen inkontziente bat belaunaldiz belaunaldi transmititu dena.
Oarsoaldea eta Bidasoan euskal inauteria suspertzeko lanean dabiltza. Garrantzitsua al da lan hori?
Bai. Herri horietan guztietan lan handia egin dute euskal inauteria aurrera ateratzeko, alde batetik irauten zuena berpiztuz, eta bestaldetik galdua zena, asmatuz eta piztuz. Txalogarria da. Lan hori biziki garrantzitsua da bizi nahian, piztu nahian eta libre izan nahian dabilen gurea bezalako herri batentzat. Geroa iraganari begira egin behar dugu, eta oraina iraganeko sustraietan finkatu eta gauzatu behar dugu etorkizuneko Euskal Herria gure tradizio zaharrekin, ama-lurraren inguruko gurtzearekin, izadiaren zaintzarekin… lotuagoa izateko.
Zeri begira lan egin behar dute aurrera begira euskal inauteriak antolatzen lanean dabiltzanek?
Festa solstiziala dela kontuan hartu behar dute, lurraren loaldiarekin eta berpiztearekin loturiko erritual zaharrak direla; hortik aurrera, berpizten edota sortzen diren ekintzak, dantzak, kantuak, jantziak… mundu zahar magiko horrekin lotu beharko lirateke. Horrez gain, inauteria libertimendua ere bada, eta faktore hori oso kontuan hartu beharra dago. Azkenik, inauteria askatasun haizea da, barrua askatzeko une egokia, eta hauxe da, azken finean, inauteriari bere dimentsio handia ematen diona.
Euskal inauterien egitaraua
Oiartzun
- Gaur. 19:00: azeri dantza eta sorgin dantza. 19:30: intxixu eta sorginek plaza hartuko dute.
- Bihar. 09:00: auzoetan kuestazioa. 14:30: bazkaria parte hartzaile guztientzat Madalensoron. 18:00: auzoetan ibilitako koadrilak plazan elkartuko dira. Gero: poteoa tabernaz taberna.
- Etzi. 09:00: diana. 11:00: haur kalejira Belutenetik. 11:00: Karroxa proiektuaren aurkezpena. 12:30: dantza-jauziak plazan. 17:00: haur jolasak.
Lezo
- Bihar. 17:00: Trapujale dantza tailerra, Karlos Saldise plazan.
- Ostegunzuri, hilak 28. 16:00: Trapujale txikia, Lezo Herri Eskolan. 19:00: Trapujaleren jaitsiera, Martizkoene baserritik. 20:00: Lezoko Trapujale oroigarri bereziaren banaketa; aurten, Haurtxo haurtzaindegia, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoa.
- Ostiralori. 09:30: kalejira, herrian zehar. 10:30: Euskal mitologia emanaldia, Bekoerrota kiroldegian. 11:00: Trapujale festa, Gurutze Santuaren plazan. 18:45: Zirikuen kalejira. 19:30: Luzaideko inauteria, Gurutze Santuaren plazan. 20:00: kartelada. 22:00: barrikotea, Aizpea tabernan.
- Astelehenarre. 17:30: Piccolo eta saxo film emanaldia.
- Asteartebeltz. 15:15: epaiketa txikia, Gurutze Santuaren plazan. 16:00: txokolate jatea. 19:00: Trapujaleren epaiketa, Gurutze Santuaren plazan.
Irun
- Bihar. 12:00: Inude eta artzainen desfilea, Santiago karrikatik aterata.
- Martxoak 1. Goizez: baserrietan ibiliko dira Eraiki, Meaka eta Txorimaloak. 12:00: euskal inauteria, Pio XIItik.
- Martxoak 2. 09:00: puska biltzea, baserriz baserri.
Hondarribia
- Larunbata, martxoak 1: 09:30: Emekiko mairuak baserriz baserri ibiliko dira, Sainduatik aterata. 15:30: Meakako Adiskideak eta Egoipar Dantza Taldeak baserriz baserri ibiliko dira.
Hendaia
- Larunbata, martxoak 8: Goizean: auzoz auzo dantzan ariko dira. 12:30: denak topatuko dira hiri erdian. 16:30: kalejira, Gaztelu Zaharretik abiatuta. 18:00: Zanpantzarren epaiketa, Herriko plazan. Ondoren, haurrentzako krakada eta txokolate jatea eta helduentzat zintzur bustitzea, txarangarekin. 19:00-22:00: animazioa DJ Kemenen eskutik.
- Martxoren 11 arte: ikastetxetako haurrek eginiko maskaren erakusketa, Mediatekan.
Besteak
- Ostirala, hilak 28: Lantzeko inauteria, Antxon. Alkartasuna dantza taldearen eskutik.
- Igandea, martxoak 9: Inude eta artzainen desfilea, Errenteria-Oreretan.
Dokumentuaren akzioak