Dokumentuaren akzioak
«Txundituta geratu nintzen jaia lehen aldiz ikusi nuenean»
Atzekoz aurrera. Mikel Ezkerro Najera. Dokumental zuzendaria
Jaia lehen aldiz ikusi nuenean, erabaki nuen zerbait egin behar nuela». Urte batzuk pasatu dira Mikel Ezkerro Najera dokumental zuzendariak (Gasteiz, 1992) Gorbeialdeko Mairuelegorretako koban urtero egiten den Euskal Jaia lehen aldiz ikusi zuenetik. Orduko nahiak, ordea, errealitate bihurtu dira orain. Dokumental bat grabatuko du: Mairulegorreta. Iluntasunetik argitasunera.
Euskal kulturaren transmisioa, non eta kobazulo batean. Metafora ederra.
Bai, eta horrekin lotzen dugu dokumentalaren izenburua bera ere. 1963an hasi ziren Mairuelegorretako Euskal Jaia antolatzen, frankismo garai bete-betean. Euskal kultura eta euskara modu aske batean adierazteko gune bat behar zuten orduko euskaltzaleek, eta erdi ezkutuan zegoen Mairuelegorretako koba aukeratu zuten. Aldarrikapen sinbolo bihurtu zen koba.
Horregatik da berezia jaia?
Kobazulo batean egiteak dakarren kutsu mistiko eta magiko hori duelako da berezia, bai. Baina, dena den, baditu bestelako berezitasunak ere: Amaia ezpata dantza da jaialdiaren ardatz nagusia, larruekin eta ezpatekin egiten den dantza bat. Ondoren, horren inguruan bestelako jarduerak egiten dira: bertsolariak, abeslariak eta bakarlariak, abesbatzak eta gainontzeko euskal dantzak. Eta, nola ez, urteetako historia duelako ere bada berezia.
Zuk noiz ezagutu zenuen jaialdia?
Nik gurasoei esker ezagutu nuen Mairuelegorretako Euskal Jaia, gazte nintzelarik. Baina, lehen aldiz, Zigoitiko [Araba] lagun batekin igo nintzen ikustera. 15 bat urte izango nituen orduan. Txundituta geratu nintzen; berehala harrapatu ninduen bertako magiak, koban sortzen den energia horrek.
Eta dokumentala grabatuko duzu orain. Hori bera islatu nahi duzu?
Hala da. Gainera, ikusi genuen Euskal Jaiaren inguruko ikerketa lanik ez zegoela eginda, eta oso aukera aproposa zela iruditu zitzaigun.
Nola osatuko duzue filma?
Euskal Jaiaren bilakaera kronologikoa islatu nahi dugu dokumentalean: lehenengo alditik gaur egunera arte nola antolatu den, zer-nolako oztopoak izan dituen eta abar. Ez bakarrik frankismo garaikoak, ondorengoak ere bai; Eusko Jaurlaritzarekin ere izan baitzituen hainbat gorabehera ekitaldi publikoen legea zela eta. Horrez gain, belaunaldiz belaunaldi Euskal Jaiaren testigua nola pasatu izan den ere erakutsi nahi dugu filmarekin.
Nortzuk hartuko dute parte dokumentalean?
Dokumentalaren oinarria garai bateko eta egungo antolatzaileen testigantzak izango dira. Testuinguru sozial, linguistiko eta politikoa egiteko, baina, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista elkarrizketatuko dugu, eta inoiz jaialdian parte hartu duten musikari eta bertsolariekin ere egongo gara. Azkenik, Kike Amonarrizen parte hartzea ere izango dugu. Zer egingo duen, baina, sekretupean mantendu nahi dugu azken momentura arte.
Grabatzen hasi zarete dagoeneko.
Maiatzeko azken egunetan hasi ginen grabatzen. Guk geuk ere izan ditugu dagoeneko zenbait abentura: bi autotan igo genuen tresneria guztia. Bidea lokaztuta zegoen, eta autoa igo ezinik geratu zen; bultzaka aritu ginen? Azkenean, lortu genuen igotzea. Kobazuloan bertan grabatzeak ere zailtasun handiak ditu: lur irristakorra, hezetasuna, iluntasuna...
Finantzaketa kanpaina bat abiatu duzue sarean.
Babesle eta laguntzaileak baditugu dagoeneko, baina aurrekontua osatzeko laguntza behar dugu: 2.500 euro falta zaizkigu. Horregatik, diru bilketa bat abiatu dugu Verkami.com atarian. Uztailaren 10era arte egongo da zabalik. Batez ere, produkzio gastuetarako erabiliko dugu dirua, baita filma DVD formatuan ekoizteko ere.
Dena den, estreinaldirako eguna baduzue dagoeneko.
Bai, irailaren 10ean estreinatuko dugu filma, Zigoitiko kultur etxean, Zigoitia Euskaraz 2016ko egitarauaren barruan. Urrian, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ematea ere aurreikusita daukagu.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak